Berria.eus

Astelehena, 2014ko uztailak 28 - 06:13

2013-08-11

Eduardo Santos. Arankoa bulegoko abokatua

Denona dena galtzen ahal badugu, zeren truke galtzen ari garen jakin behar dugu

Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak Nafarroako AHTaren aurkako sententzia plazaratu berri du; Eduardo Santos izan da auzia landu duten abokatuetako bat, Sustrai Erakuntza Fundazioaren izenean.

Edurne Elizondo Iruea

IIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Epaitegietan lanean jarraitzeko prest da Eduardo Santos abokatua (Iruea, 1973). AHT abiadura handiko treneko lanen ingurumen eraginaren adierazpenak indargabetu dituzte Nafarroan, haren eta bulego bereko bertze abokatuen eskutik. Sententzia mamitzeko aukeraz zalantza egiten du.

Nafarroako Gobernuak dio Espainiakoak ziurtatu diola helegitea aurkeztuko duela. Espero zenuten?

Bai, espero genuen. Hori da betiko estrategia. Kontrako sententzia jasotzen dutenean beti esaten dute forma akats baten ondorioz izan dela, helegitearen bidez kopon daitekeela. Denbora irabaztea da kontua; bitartean, egindako hutsa zuzentzea. Tranpa da.

Kasu honetan, hala ere, ez da forma akats bat gertatu dena, ezta?

Ez. Sententziak argi eta garbi erran du ingurumen eraginaren adierazpenak ez daudela indarrean. Epea amaitu egin zaie. Behin eta berriz esan genien adierazpenak bost urtez egoten direla indarrean, eta denbora hori amaituta zegoela. Logikoa da. Ezin duzu halako adierazpen bat betirako egin. Adierazpenak berritzeko egin beharrekoak ez zituzten egin, eta sententzia da ondorioa.

Nafarroako Gobernuak erran du adierazpenak indarrean direla.

Nafarroak esaten du bere ardurapeko lanen adierazpenak mugagabeak zirela. Argudio juridikoak dira. 2010. urteko lege batek ematen du adierazpenak hiru urte luzatzeko aukera. Baina Nafarroako AHTko lanen kasuan ez zen halakorik eskatu. Lege hori atera zenerako, gainera, jada ez ziren indarrean. Nafarroako Gobernuak esaten du lege hori baliatu duela. Baina horren inguruko agiri bakar bat ere ez dago oraingo sententzia ekarri duen txostenean. Ez da agertzen. Existitzen bada, ikusi nahi dugu.

Zaila da informazioa eskuratzea?

Hori da arazo nagusietako bat. Informaziorik ez dela zabaltzen. Iluntasuna da nagusi. Eta AHTaren gisako proiektu bati buruz ari garenean, funtsezkoa da herritarrek informazioa izatea. Ingurumenari eragiten dio halako proiektu batek, eta ingurumena guztiona dela ez dugu ahaztu behar. Ingurumena ez dira bakarrik basoak eta mendiak, gainera. Gu ere ingurumena gara.

Herritarren parte hartzea erraztu beharko litzatekeela erran nahi duzu?

Bai. Eta auzi honen bidez, hain zuzen, hori ere nabarmendu nahi izan dugu. Guztiona den ondasun bat dago jokoan, eta jendeak hori jakin behar du. Eztabaida egin behar da, eta AHTaren gisako proiektu bat egiteak eragiten ahal dituen kalteak eta onurak ongi aztertu. Informazio guztia mahai gainean jarri, eta horren arabera erabaki. Denona den zerbait galtzen ahal badugu, jakin behar dugu zeren truke galtzen ari garen. Edo zeren truke gauden prest galtzeko. Zer-nolako etorkizuna nahi dugun argi izan behar dugu. Baina halako proiektuak onartzea eta egitea informazioa eman gabe, eztabaida piztu gabe, gizarteari iruzur egitea da.

Espainiak helegitea jartzen badu, auzia anitz luza daiteke. Bitartean aurrera jarraituko dute lanekin?

Hori da nahi dutena, eta hori da ingurumenarekin lotutako auzietan gertatu ohi dena. Itoizko afera errealitate horren adibiderik argiena da. Baina badira beste hainbat. Castejongo zentral termikoen auzia da horietako bat. Aldeko bost sententzia lortu ditugu jada, bat Espainiako Auzitegi Gorenarena, baina oraindik ez dute gauzatu. Ekintza burutuen politika baliatzen dute.

Ingurumena babesteko legeen eraginkortasuna, beraz, ezbaian da?

Legeak hor daude, balio dute, baina sistemak huts egiten du. Ustelduta dago. Babesa erabat formala dela ohartzen gara auzietan sartzen garenean. Ez dugu gaitasunik proiektuak atzera botatzeko, sententziak alde izan arren.

Administrazioaren aurkako auzietan, gainera, hamaika tresna bere eskura dituen aurkariaren kontra ari zarete, ezta?

Hala da. Halako auzietan, administrazioa dago alde batean, bere botere guztia baliatzen duena borondate politiko bat aurrera eramateko. Beste aldean gizarte zibila dago. Eta gizarte zibilak, gehienetan, ez du dirurik, eta zaila du antolatzea. Horregatik, oso garrantzitsua da Sustrai Erakuntza Fundazioak egiten duen lana.

Espainiak helegitea aurkezten badu, behin-behineko neurriak eskatuko dituzue, sententzia gauzatzen saiatzeko?

Lehenik eta behin Espainiako Gobernuak helegitea aurkezten duen edo ez ikusi beharko dugu. Hori gertatzen denean, aztertuko dugu. Ziurrenik eskatuko dugu neurriren bat.

Onartuko dituztela uste duzue?

Halakoetan epaitegiek ez dute neurria ematen, egia esan. Kontua da arrazoia ematen badigute, horrek ondorioak dituela onartu beharko luketela. Baina ez da gertatzen halakorik, normalean. Edo neurri horiek onartzeko berme handiak ezartzen dituzte. Guk saiatu behar dugu, hala ere.

Behin betiko sententzia batek oraingoa berresten badu, enpresek Nafarroako Gobernuaren kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izan dezakete?

Litekeena da. Ikusi beharko dugu gobernuak zer-nolako kontratua sinatu duen enpresa horiekin. Ezin dugu ahaztu, hala ere, kalte ekonomikoa pairatzen ari direla jada nafarrak, gobernuak aurreratu egiten duelako dirua, eta interesak ordaintzen dituelako.

Loturarik gabeko 70 kilometro eskaseko bidea egiteko, azkenean. Zer deritzozu?

Ematen du Espainiak ere ez dituela lanak egin nahi, baina Nafarroa tematzen da. Ez dut ulertzen. Zentzugabekeria handia da proiektu horri eutsi nahi izatea.



Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia