Berria.eus

Asteazkena, 2014ko abuztuak 27 - 12:51

2013-08-29

Nafarroako ubidea. Lehen fasearen hedapena

Ega eta Arga arteko lurretara iritsiko da Nafarroako ubidearen hedapena

Lanak 2014an hasiko dira, eta 42,5 milioi euroko kostua izango du. 12,8 milioi jarriko ditu Espainiak, eta Nafarroak, 8,5 milioi euro

Behin bigarren fasea eta guzti amaituta, ia 60.000 hektarea ureztatuko ditu ubideak

Joxerra Senar Artaxona

Ubidea babestu duten erakundeetako ordezkariak, Miguel Arias Cañete Espainiako Nekazaritza ministroarekin eta Yolanda Barcinarekin atzo. / I. URIZ / ARP

«Nafarroako Ubidearen bitartez, Nafarroa eta Espainia hobetuko ditugu, baita herritarren bizi-kalitatea ere». Ustez CANeko dieten auziaren mehatxua gainetik kenduta, lanerako itzulera «modurik hoberenean» egin du Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak. Opor ostean, irribarretsu izenpetu du Miguel Arias Cañete Espainiako Nekazaritza ministroarekin batera Nafarroako Ubidearen lehen fasea zabaltzeko akordioa. Datorren urtean ubidea beste 15.275 hektareatan handitzeko obrei ekingo diete. Hala, ubidea Ega eta Arga ibaien arteko eremuetara iritsiko da: Argaren arroan, Berbinzanatik Funeseraino eta Egaren arroan, Lerindik Azagraraino, tartean Sesma eta Lodosa herriak ere hartuz.

Nafarroa ofizialeko ordezkari esanguratsuek ongietorria egin zioten atzo arratsaldean Arias Cañeteri. Artaxoan du egoitza Nafarroako Ubidearen kontrol zentruak, eta bertaraino joan ziren azken bi hamarkadatan Itoizko urtegia zein ubidearen proiektua babestu duten ordezkariak. Besteak beste, Alberto Catalan Parlamentuko presidentea, Carmen Alba Espainiako ordezkaria; Luis Zarraluki, Javier Esparza eta Juan Luis Sanchez Muniain kontseilariak; Carlos Salvador UPNko diputatua; PSNko Roman Felones; PPko Eloy Villanueva eta Ana Beltran; Juan Goien UGTko eta Raul Villar CCOOko idazkari nagusiak, Consebro, UAGN eta CENeko ordezkariak... Azken unean Miguel Sanz presidente ohia agertu zen Artaxoan, eta azken hilabeteetako UPN barruko tentsio politikoez ahaztuta, Barcina agurtu zuen.

Arias Cañetek zein Barcinak goraipatu zuten bi gobernuen arteko lankidetza. Cañeterek azpimarratu zuen nekazaritzari eta elikagai industriari laguntzen diola, eta gaineratu zuen energia berriztagarrien atalean, Nafarroako energia kontsumoaren %6,5 adinako produkzioa ahalbidetuko duela.

Barcinaren esanetan, 1998ko urriaren 19an bi gobernuen arteko lehen akordioa izenpetu zenean, azpiegiturak oposizio handia izan zuen, eta «obra gerarazi ez arren, atzeratzea lortu zuten, horrek izan dituen kalte guztiekin». Barcinaren arabera, ordea, gizartearen gehiengoak egindako apustuaren emaitzak ikusten ari dira jada: «Askotan egozten digute politikarioi epe motzera baino ez dugula begiratzen, baina azpiegitura honen aldeko apustuak gezurtatzen du hori». Haren esanetan, 2007tik 2012ra nekazaritzako produkzioan 137 milioi euroko balio erantsia sortu da, eta elikagai industrian 169 milioi eurokoa.

Haatik, obrak kostu handia izan du. Lehen fasea 2011ko martxoan amaitu zen, eta 467 milioi euroko kostua izan du —aurreikusitako baino 21,5 milioi euro gehiago—. Horri, hurrengo 30 urteetako ustiapen kostuak eta interesak erantsita, 600 milioi eurotik gorako kostua da. Canasa sozietatearen bidez, Nafarroak orain arte 128 milioi jarri ditu, eta Espainiako Gobernuak 192 milioi euro. Lehen faseak 22.363 hektarea ureztatzeko eremua hartzen du.

Orain, beste 15.275 hektareatan handituko da. Zabaltze horren inbertsioa 42,5 milioi eurokoa izango da, eta Canasaren kapital hedapenaren bitartez, bi gobernuek diruaren erdia jarriko dute: zehazki, Espainiako Gobernuak 12,8 milioi euro eta Nafarroak 8,5 milioi. Azpiegituraren eraikuntza ez da hor amaituko, ordea. Bigarren fasea ere martxan da, eta guztira, behin amaituta, ia 60.000 hektarea hartuko ditu.

Era berean, Nafarroako Gobernuak Canasa sozietatean 2026ra arte beste 77 milioi euro aurreratuko ditu. Espainiako Gobernuak 2027tik aurrera itzuliko dio dirua Nafarroari, urteko %3ko interes tasa batekin. Haatik, Barcinak egindako esfortzua eskertu dio.



 

Ubidearen lehen fasea. / JAGOBA MANTEROLA / ARP

Lehen faseak, kostu handia eta errentagarritasun txikia

Itoizko urtegia eta Nafarroako ubidea ez direla errentagarriak ondorioztatu zuen Rosario Brinquisek Itoitz 2012. Analisi ekonomikoa izeneko lanean. Zaragozako Unibertsitatean garatutako azterketa horren arabera, urtegiak, ubidearen lehen faseak eta lehen faseko lurrak ureztatzeko lanek 1.751 milioi eurotik gorako kostua izan dute —hasieran, proiektu osoaren aurrekontua 1.359 milioikoa zen, orain arte egindakoa eta ubidearen bigarren fase osoa kontuan hartuta—. Brinquisen ikerketaren arabera, azpiegitura horiek inbertsioaren zati txiki bat berreskuratzeko aukera bakarrik ematen dute, %27 ubidearen lehen fasearekin, eta zertxobait gehiago, %28, bigarren fasea egiten bada. Hala, ondoriozta daiteke Europako Batasunak ezarritako uraren zuzentaraua ez dela betetzen. Bruselak dio funtsezkoa dela gisa horretako azpiegiturek kostuak berreskuratzea. Itoizko urtegiaren eta ubidearen kasuan, besteak beste, nekazariek ordaintzen duten kopurua eta urtegiko zentral hidroelektrikoen jarduera dira kostuak berreskuratzeko bidea.



 

10.000

Ureztatutako lurrak.

Lehen fasearen hedapenaren bidez, 15.275 hektarea lurretara iritsiko da Itoizko ura. Horietatik 10.000 dagoeneko ureztatze lurrak dira. Alabaina, Jose Javier Esparza Nafarroako Landa Garapenerako kontseilariaren esanetan, egungo sistemak oso zaharkituta daude, eta modernizatzen ez badira, aisialdirako baratzeak egiteko bakar-bakarrik balioko dute. Horrez gain, lehen fasearen hedapenari esker, gaur egungo ponpaketa sistemak ezabatu egingo direla adierazi du. Horrek nekazariei egingo diela mesede dio, sistemak kostu handiak eragiten dituelako, eta gainera, ingurumenaren ikuspegitik ere hobetu egingo dela Ega eta Argaren egoera.



 

Zoragarria edo erokeria

Lehen fasearen emaitzak ikusita, hedapenari buruz iritzi ezberdina dute UAGNk eta Nafarroako EHNEk

Miren Garate

Ur nahasitan mugitu izan da beti Itoitzek eta Nafarroako ubideak osatzen duten binomioarekin lotutako kontu guztia. Oraingoan ere, hala izango dela dirudi. Lehen fasea hedatzea onartuta, Nafarroako Gobernuak, berriro ere, azpiegitura horren aldeko apustu argia egin du. Berez, nekazariek behar lukete onuradun nagusi, ubidea handituta, Itoizko uraren bidez, lursail gehiago ureztatzeko aukera izango dutelako. Lehen faseak, ordea, urteak daramatza martxan, eta esperientzia hori aintzat hartuta, era guztietako balorazioak egin dituzte laborariek: zoratzen daude batzuk, besteentzat erokeria izan da halako dirutza gastatzea.

Zalantzarik ez du Felix Bariain UAGN sindikatuko presidenteak. «Balorazio erabat positiboa egiten dugu: ubideak ekoizpena handitzeko balio izan du». Haren esanetan, uzta apaleko hainbat gunetan, Erriberriko merindadeko hainbat herritan kasu, orain urte batzuk pentsaezina zen adinako uzta lortu dute, eta horrek onura nabariak eragin ditu herrietako ekonomian. «Jendeak inbertsio berriak egin ditu, hau da, nekazaritzan jarraitzea erabaki du».

Lehen fasearen emaitzak ikusita, hedapena behar-beharrezko ikusten du Bariainek, «baita bigarren fasea ere». «Bigarren fasea egingo balitz, ia 60.000 hektareako ureztatutako lurra izango genuke. Gaur egun, ura izanez gero, nekazaritzak potentzial handia du Nafarroan; urik gabe, ordea, ez da etorriko inolako agroindustriarik».

Bere kasu propioa kontatu du Larragako Javier Corera laborari eta abeltzainak. «Nik bi esperientziak ditut: ureztatze sistema tradizionalarena eta Itoizko urarena. Biak ikusita, amets eta guzti egiten dut ubidea handitzearekin». «Zoratzen» dago Nafarroako ubidearekin. «Laborari eta abeltzain gisa pasatu zaidan gauzarik onena da hura egitea». Azpiegiturari esker patrikan izugarrizko aldea nabari duela dio: «Lehen halako bi baino gehiago irabazten dut orain. Joan den urtean, galerak izan nituen lehorreko laborantzan; Itoizko uren ureztatzearen bidez, berriz, izugarrizko ekoizpena izan dut, ametsik onenetan ere ezingo nuen pentsatu halakorik».

Corerak kontatu duenez, badu ureztatze sistema tradizionaleko hektarea bat, eta ureztatu edo ez, 240 euro inguru ordaindu behar izaten ditu. «Horrez gain, pertsona bati pagatu behar izaten diot ureztatzeko, eta uzta %30 txikiagoa da. Gainera, inongo ordenarik ez daukagu, eta ponpatik gertuen dagoenak ureztatzen du lehenengo. Ni azkenetakoa nagoenez, aurretik inor ez badago bakarrik ureztatzen dut». Aitzitik, ubideko ureztatze sistemaren bidez, ureztatu edo ez, gastua 125 eurokoa dela azaldu du. «Nahi dudanean joaten naiz, programatzen dut, eta ez daukat inoren beharrik. Sistema tradizionaleko hektarean 40.000 kilo arto bildu nituen iaz, eta ubideko urarekin ureztatutakoan, 70.000 kilo».

Handitutako partida bakarra

Alabaina, ubidearen emaitzak zalantzan jartzen dituenik ere bada: «1.800 milioi euroko obra bati buruz ari gara hizketan. Guk uste dugu ez dituela ase haren inguruan sortutako itxaropenak. Enplegua sortuko zuela esan zuten, baita uztaren dibertsifikazioa ekarriko zuela eta ehun agroindustriala sustatuko zuela ere. Gaur-gaurkoz, guztiek onartzen dute ez dela halakorik gertatu», azaldu du Ignacio Gil Nafarroako EHNEko kideak.

Mesede baino gehiago, ubideak sektoreari kalte egin diola uste du. «Bere garaian abisatu genuen, eta hala ari da gertatzen: ekonomiaren oparoaldian, gobernuak dirua zuenean, ubidearen gastua, akaso, aurre egiteko modukoa zen. Arazoak 2008an hasi ziren, eta ordutik nekazaritza sailaren aurrekontua %55 murriztu da. Aurrekontu horren barruan, handitu den partida bakarra ubideko ureztatzearen kanona izan da».

Nafarroako Gobernuak urtean 14 milioi euroko ordaintzen ditu azpiegitura erabiltzeko, landa garapenerako aurrekontuetatik. «Ubidearen gastuari aurre egiteko, nekazaritzarako beharrezkoagoak diren laguntzak murriztu edo kendu dituzte». EHNEren beldurra da hedapenak eragingo duen gastua ordaintzeko are gehiago jaitsiko direla laguntzak.

Desoreka arriskua

Gilekin bat dator UAGNko Bariain ere. «Guk ere askotan salatu dugu gauza bat dela ubideari babesa ematea, eta bestea, haren erruz beste partida batzuk murriztea». Laguntzak kenduta eremu ezberdinetako nekazarien artean desorekak sortzen direla diote bi sindikatuek. «Beti esan izan dugu ezin dutela bi Nafarroak egon, ubidearen Nafarroa, eta ubiderik gabekoa. Horregatik kanona berriz negoziatu behar dela uste dugu; ezin da 30 urteko amortizazioari buruz hitz egin, handitu egin behar da epe hori. Horrez gain, aurrekontuen barruan, landa garapenaren partida handitu beharko da, beste guneetan ere azpiegiturak hobetzeko».

Ubideari egiten zaion beste kritiketako bat da nekazari handiei soilik egiten diela mesede, txikiek ezin dietelako aurre egin azpiegitura euren lurretaraino eramateak sortzen duen gastuari. Uraren Kultura Berria fundazioak emandako datuen arabera, hasieran 5.300 euroko inbertsioa egin beharko du ubideko ura jaso nahi duen nekazari bakoitzak; horrez gain, urtean tarifa finko bat ordaindu beharko du, ureztatu edo ez, eta kontsumitzen den metro kubikoko, 0,0026 euroko prezioa izango du urak.

«Sentsibilitatez jokatu behar da aisialdirako ortuekin, baina aisiak ezin dio gain hartu negozioari. Ongi ikusten dugu hektarea batzuk aisiarako ortuentzat uztea, bakoitzaren ekonomiaren osagarri gisa, baina nekazari profesionalei kalte egin gabe», dio UAGNkoak. Hain zuzen, Erriberako merindadeko hainbat herritarrek salatu dute ubidea handitzearen eraginez Argako ura erabiltzeko eskubidea kendu nahi dietela, Itoizkoa hartzera behartzeko. Halaber, lehorreko laborantzan aritzen direnei, ez badute ureztatze sistemara pasatu nahi, lurrak kendu eta beste eremu batekoak emango zaizkiela azaldu du; dagoeneko ureztatze sistemak darabiltzatenei, Itoizko urik nahi ez badute, lurrak desjabetzeko aukera izango dela salatu du.



 

Ubidea handitzearen aurka agertu dira Bildu eta Aralar

Bildu eta Aralarren arabera, ubidea handitzeak ez dio onurarik ekarriko Nafarroari. Hori dela eta, proiektuaren aurka agertu dira bi alderdiak. Bilduk salatu du ubideko lanek landa garapenerako aurrekontua «hipotekatuko» dutela. Horrez gain, nabarmendu du lehen faseak ez duela jarritako helbururik bete: «Ez ditu milaka lanpostu sortu, eta ez du industriarik erakarri». Aralarren ustez ere, «ez da lehentasunezkoa» ubidea handitzea. Gogorarazi du lehen faseko 10.000 hektarea oraindik ez daudela martxan eta lehen sektorean «murrizketa handiak» ari direla egiten: «Ez dago benetako eskaerarik, ez presarik, ez onura sozialik, ubidea handitzeko lanak lehentasunezkoak izatea arrazoitzeko».



© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia