Berria.eus

Astelehena, 2014ko irailak 1 - 15:39

2013-10-11

Nafarroak debekatu egin du 'fracking'-a, Madrilen aurka

UPNk eta PPNk debeku horren aurka eman dute boza, eta haustura hidraulikoari buruz ikerketa bultzatzeko aukera defendatu dute

Gainerako taldeek gasa erauzteko teknika horren arriskuak eta kalteak salatu dituzte

Edurne Elizondo Iruñea

Nafarroako presidente Yolanda Barcina, bere eserlekuan, eta Bilduko Victor Rubio, atzoko saioan . / J. MANTEROLA / ARP

Haustura hidraulikoari ezetz erran dio Nafarroak. Argi eta garbi. Gasa erauzteko teknika hori debekatzen duen legea onartu zuen Nafarroako Parlamentuak atzoko osoko bilkuran. 27 parlamentarik bozkatu zuten alde, eta 23k kontra. UPNk eta PPNk egin zuten testuaren aurka, hain zuzen ere. PPNk hasieratik erakutsitako jarrerari eutsi zion atzoko eztabaidan; UPNk, berriz, botoa aldatu egin zuen. Parlamentuko batzordean abstenitu egin zen, eta, atzo, aldiz, debekuaren kontrako boza eman zuen. Alderdi horrek Madrilen ohartarazi du erkidegoek ez dutela fracking-a erabat debekatzeko eskumenik.

Aste honetan bertan, Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcina haustura hidraulikoaren inguruko ikerketa geldiarazi nahi zuen lege proposamenaren aurka agertu da Europan, Eskualdeetako Lantaldearen bileran. Atzo ere, parlamentuko saioa hasi baino lehen, «haustura hidraulikoak eskaintzen dituen aukerak aztertzea» egokitzat jo zuen, betiere «ingurumena errespetatuz».

Nafarroan fracking-a debekatzen duen legearen alde egin zuten taldeen ustez, hain zuzen ere, hori da haustura hidraulikoari ezetz errateko arrazoi nagusietako bat: ingurumenean kalte larriak egiten dituela. Horixe salatu zuen PSNko Carmen Otxoak eztabaidaren hasieran. Talde horrek bultzatu du atzo onartutako legea. Haustura hidraulikoak Nafarroaren ikur diren natur ondareak arriskuan jartzen dituela nabarmendu zuen: «Uraren aldeko apustua egin behar dugu, gasaren aldeko apustuaren ordez», erantsi zuen.

Ildo berean mintzatu zen Ezkerrako Marisa de Simon. «Teknika erasokorra da haustura hidraulikoa, eta haren ondorioak ezin daitezke neurtu», erran zuen parlamentariak. «Teknika hori erabili duten herri anitzetan atzera egiten ari dira. Ekar ditzakeen onurak, gainera, eskasak dira», erantsi zuen De Simonek.

Haustura hidraulikoak eman eta ken dezakeenaz harago, benetako eztabaida energia ereduaren ingurukoa dela nabarmendu zuen Bilduko parlamentari Victor Rubiok. Bilduko kideak argi erran zuen erregai fosiletan oinarritutako teknikak ikertzearen alde gastatzen den euro bakoitza «zaborretara botatako euroa» dela. «Eredu hori agortuta baitago. Bertze energia eredu bat lortzeko trantsizioaren alde egiteko garaia da», erran zuen EH Bilduko parlamentariak.

«Interes ilunak»

Nafarroan haustura hidraulikoaren esparruan aurkeztutako proiektuak ekarri zituen gogora Bilduko parlamentariak: «Lurraldearen %13,5 hartzen dute proiektu horiek», zehaztu zuen Victor Rubiok.

Proiektu horien eta haustura hidraulikoaren inguruan, oro har, eskuinak dituen interesak zalantzan jarri zituen Aralar-NaBaiko parlamentari Txentxo Jimenezek: «Haustura hidraulikoa debekatu nahi dugunak mehatxatu egin gaitu PPk; zer-nolako interes ilunak dituzte teknika horren atzean?», galdetu zuen Jimenezek atzoko saioan.

PPkoen «demagogia» salatu zuen Jimenezek, halaber: «Fracking-a debekatuz enpresek lehiakor izateko gaitasuna galduko dutela diote, ezin izanen dutelako gasa merkeago saldu; aldi berean, alderdi horrek eguzkiari prezioa jarri nahi dio», adierazi zuen.

Jimenezen salaketak ez zituen ontzat jo PPNko parlamentari Ana Beltranek. Nabarmendu zuen Nafarroan 50 urterako gasa egon daitekeela haustura hidraulikoaren bidez erauzteko. «Ezinbertzekoa da esparru horretan ikerketa bultzatzea, ezin dugu garapena bazter utzi», erantsi zuen.

Legearen alde egin zuten taldeei «alarma pizten» ibiltzea egotzi zien, eta haustura hidraulikoaren teknikak ingurumen eraginaren adierazpena beharko duela gogoratu zuen. Ildo horretatik mintzatu zen UPNko Jeronimo Gomez ere, eta, ondorioz, haustura hidraulikoari atea zabaldu beharra defendatu zuen.

Parlamentuak, hala ere, kontrako iritzia agertu zuen. Teknika hori debekatzen duen legea onartu zuen. Testuak «bide motza» eginen duela uste du, dena den, PPNko Ana Beltranek, «Espainiako Gobernuaren eskumenak urratzen dituelako».

Horri buruz mintzatu da asteon Espainiako Energia estatu idazkari Alberto Nadal, hain zuzen ere. «Haustura hidraulikoari buruzko eskumenak Espainiako Gobernuari dagozkio, eta erkidegoek ezin dute teknika hori erabat debekatu». Nadalek zehaztu du haustura hidraulikoa hidrokarburoen legearen barruan araututa dagoela, eta erkidegoen lana dela baimenak ematea eta ingurumen baldintzak zehaztea.

Hori dela eta, Nafarroako Parlamentuak atzo onartutako legearen aurkako helegitea aurkezteko aukera mahai gainean jarri zuen PPNko Ana Beltranek. Espainiako Konstituzioa urratzen duela erran zuen parlamentariak atzoko eztabaidan, ezezko botoa eman baino lehen.



 

Europako Parlamentuak ingurumen eraginaren ebaluazioak eskatu ditu

Espainiako Kongresuak lege berri bat onartu du ingurumen baimenen arloan; bertzeak bertze, prozedurak errazteko

Erredakzioa

Europako Parlamentuak kontrola eskatu du haustura hidraulikoak ingurumenean izan dezakeen eraginaren inguruan, eta, horretarako, teknika hori erabiltzeko baimenak eman baino lehen ingurumen eraginaren ebaluazioa egitea derrigorrezkoa izatea galdegin du aste honetan.

Espainiako Kongresuak atzo bertan eztabaidatu zuen ingurumen eraginaren ebaluazioei buruzko lege proiektua. Proiektu hori Espainiako Gobernuari itzultzeko eskatu zuten hainbat taldek atzoko saioan, baina eskaerak ez zuen aurrera egin. Legeak haustura hidraulikoaren inguruko prozedurak erraztu eta epeak murrizten ditu, bertzeak bertze.



 

Haustura hidraulikoa erabat ez debekatzea erabaki du legebiltzarrak

Debeku orokor bat ezin dela eman esan dute EAJ, PSE, PP eta UPDk; Fracking Ez taldea lege bat egiten saiatuko da

Erredakzioa Gasteiz

Eusko Legebiltzarrak ez du haustura hidraulikoa debekatu babestutako naturguneetan, ez espresuki bederen. Naturaren Legea aldatzea erabaki zuen atzo, EAJ, PSE-EE, PP eta UPDren botoekin. Fracking-aren debeku orokorrik ezin dela agindu; naturguneetan estrakzio jarduerak debekatuko dira, gune horietan babestutako balioen aurkakoak badira jardun horiek. Erabakia gune horien kudeatzaileek hartuko dute. Aurkako botoa eman du EH Bilduk.

Arabako Fracking Ez taldeak, berriz, iragarri du herri ekinbide legegile bat hasiko duela, fracking-a debekatzeko. Lege aldaketa hau bidean zelako ukatu zioten lehen sinadurak batzen hastea.



© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia