Berria.eus

Larunbata, 2014ko abuztuak 30 - 06:11

IRITZIA;2009-02-15;Iruņa-Veleia: seguru zaudete?

Iruña-Veleia: seguru zaudete?

Juan Martin Elexpuru

Idazlea

Oraindik gai honek nobela, polizia-film eta misterio-saioetarako pagotxa ederra emango du. Azaroaren 19an Arabako Foru Aldundiak grafito «ez ohikoak» aztertzeko izendaturiko Batzorde Zientifikoak epaia eman zuen: faltsuak dira, inolako zalantzarik gabe! Arkeologoek, epigrafistek eta filologoek mila eta bat zantzu aurkeztu zuten ebazpena frogatzeko. Batzordeko kimikariaren txostena ere bat zetorren funtsean aurrekoekin (bere ebazpena oso garrantzitsua zen, denborak ildoetan sortzen duen patinarik agertzen den esan behar zuelako), nahiz eta onartzen zuen zenbait piezatako patina zaharra eta jarraikorra zela.

Arratsaldean estamentu politikoak ofizialdu zuen zientifikoak goizean erabakitakoa. Lorena Lopez de la Calle Kultura Diputatuak erabakitzat eman zuen auzia. Handik gutxira, fiskalaren esku jarriko zuen kasua, Eliseo Gil, ordura arteko indusketa arduraduna, auzibidean jarri ala ez erabaki zezan.

Harri eta zur geratu ginen denok. Filtrazioetatik bagenekien iritzi ezberdinak zeudela grafitoen benetakotasunaz, baina ez genuen uste epaia hain bizkorra eta hain borobila izango zenik. Txostenak eta materialen argazkiak argitaratzea eskatu zen, eta azkenik, urtarrila ezkero, edozeinek kontsultatzeko moduan daude (www.alava.net).

Orduak eta orduak pasa daitezke argazkiak ikusten eta batzuen eta besteen txostenak irakurtzen. Azkenekoz ezarritakoak «defentsarenak» dira, Gil eta Filloy indusketa-arduradunek eta Cerdan fisikariak (laborategiko analisien koordinatzailea) Batzordeari emandako erantzunak. Batzordeko Julio Nuñez arkeologoak «ezinezkotzat» jotzen dituen gauza gehienak «posible» direla azaltzen du Filloy-k, froga dokumental ugari aurkeztuz. Cerdanek, berriz, Batzordeko kimikari Madariagaren arinkeria salatzen du. Azaltzen duenez, 64 pieza «dudazko», tartean euskarazko batzuk, bidali ziren Frantziako laborategi batera, eta, analisi kimikoen arabera, ia guztien patina zaharra eta jarraikorra omen da. Hiru edo lau bakarrik dira zalantzazkoak.

Gilek 2007an indusketa utzi zuten hiru arkeologoei erantzuten die. Prentsaren aurrean agertu dira duela gutxi eta, Gilen taldearen lan egiteko era gogor kritikatu ondoren, diote hasieratik hartu zutela susmo txarra eta horregatik utzi zutela lana. Gilek, lan metodologia defendatu ondoren, erantzuten die esanez taldeko beste guztien euforia konpartitu zutela grafitoak agertu eta aurkeztu zirenean, eta horren lekuko 2006ko udazkenean hiruretako batek Hala Bedi irratiari eskainitako elkarrizketa. Ulrike Fritz, Alemaniako Tübingen-go unibertsitateko egiptologoaren txostena ere agertu berri da, eta bertan posibletzat ematen ditu hieroglifo tankerakoak eta Nefertiti edo Ramses bezalako izenak. Illarregi arkeologoak Gilen taldearen indusketa-metodoa eta jarduna egokia izan dela baieztatzen du.

Aipamen berezia merezi du euskal ostrakez Lakarra filologoak egindako txostenak. Goi-mailako estilo literarioa erabiliz, lezio magistral bat ematen du euskararen historiaz, eta grafia, fonetika, sintaxia, morfologia... ikuspegitik idazkunak ezinezkoak direla baieztatzen du. Halako baten, iruzurgileen perfilaz ironizatzen du; idazkunen ergatibo eza dela eta, iruzkin hau egiten du: «Resultaría, por tanto, mucho más verosímil que estas frases fueran debidas no a vascos inergativos del III sino a pseudo-euskaldunberris de fines del s. XX o comienzos del XXI que no estuvieran muy atentos al tratar el tema en clase». Baina txostenaren azken atalean, beste norabait zuzentzen ditu susmoak: Coda sobre posible fecha y fuente de la falsificación de los ostracas eusquericos veleyenses, titulatzen du. Bere ustez, faltsutzaileek derrigor ezagutu behar zituzten protoeuskaran adituak diren filologoen azken ondorioak, bereak esate baterako. Idazkunetako elementu batzuk bat datozelako azken hipotesiekin. Ondorio horietako batzuk Luis Nuñezek 2003an argitaratu zuen euskararen historiari buruzko liburuan biltzen dira, baina beste batzuk oso jende gutxik ezagutzen dituen apunte pribatuetan daude. Honetan oinarrituta, Lakarrak susmatzen du 2004a izan litekeela iruzurraren urtea.

Hilabete bat igaro da txostenak eta argazkiak argitaratu zirela, baina ia inork ez du ahorik zabaldu. Aurrekari hauekin, ea nor den ezer esatera ausartzen den tontoharroa. Nori sinetsi, dena faltsua dela dioen Batzordeari edo dena benetakoa dela dioen indusketa-taldeari? Badirudi iritzi publikoak eta euskararen munduak ontzat emanda daukala Batzordearen eta politikarien epaia.

Zer galdu gutxi dudanez, neure ustea azalduko dut. Kontrako froga erabakigarriagoak plazaratzen ez diren bitartean, zalantzekin, baina benetakoak direla pentsatzen jarraituko dut; gehienak behintzat. Baliteke batzuk faltsuak izatea, norbaitek aurkikuntzak edo aurkitzaileak izorratzeko berriki ipinitakoak. Edo eta hitzak edo zeinuak gehituta egotea benetako ostraken gainean. Hala balitz, identifikatu egin beharko dira pieza horiek, baina ezin dira horregatik denak txartzat eman.

Ehunka ostraka dira, horietako berrogei inguru euskarazko hitz eta esaldiekin. Batzuen argazkiak ikustean, «hau ezin da berria izan» datorkizu burura. Zahar itxura handia dute, letrak higatuta, ia desagertuta daude askotan, oso zaila dirudi faltsutzea. Laborategi analisiek ere, kontatzen digutenez, letra-ildoetako patinaren zahartasuna baieztatu dute kasu askotan. Gainera, zertarako faltsutu hainbeste pieza, nahasmena sortzeko banaka batzuk nahikoa direnean?

Euskarazkoetara etorrita, ulertzekoa da filologoen harridura, gauza asko ez baitatoz bat espero zitekeenarekin. Baina zer dakigu garai hartan egiten zen euskaraz? Ez gehiegi. Gainera, baliteke ostraken idazleak ikasleak edo gutxi eskolatuak izatea, batzuen ustez paedagogium bat zelako gehienak agertu diren lekua, eta ez litzaiguke hain harrigarri egin behar ortografia, konkordantzia eta era guztietako akatsak agertzea. Ez dut testuez jarduteko lekurik, baina niri ez zaizkit hain ezinezkoak begitantzen. Apunte bat bakarrik: NAIA agertzen da, eta NAHIA beharko lukeela diote filologoek, aspirazioa bizirik zegoelako garai hartan. Baina ez ote da aNAIA? Ikusita NEBA, REBA, LABA, SEBA, SABA ere agertzen direla? Gehiago nahi duenak sustatu.com orrian aurkituko du.

Nazioarteko batzorde zientifiko bat izenda dadila dena berraztertzeko, ari da ozen esaten Gil, Iruña-Oka Argitu Dezagun Taldea eta beste batzuk bezalaxe. Eta azkar, gaia usteldu edo lehertu baino lehen.

Ez dakit inoren iritzirik kolokan jarriko zuen idatzi honek, baina ezer esaten hasi aurretik komeni da ordu batzuk ematea alava.net orriko txostenak eta argazkiak begiratzen.

Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia