Berria.eus

Ostirala, 2014ko abuztuak 22 - 05:56

IRITZIA;2009-11-19;Iruņa-Veleia urtebete geroago

Iruña-Veleia urtebete geroago

Idoia Filloy Nieva. Eliseo Gil Zubillaga

Arkeologoak

Gaur urtea bete da guztiz modu irregularrean baztertu gintuztela Iruña-Veleiako ikerketa proiektutik, bertan hamabost urtean ilusio handiz lanean aritu ondoren. Horren ondorioz, ezin dugu segitu gure lanbidean lanean, nahiz eta hiru hamarraldiko ibilbidea egina izan, eta arrastaka eraman gaituzte difamazio publikoaren bide latzean, batzuetan modu ageriagoan eta bestetzuetan ezkutuagoan. Eta hori guztia, hain zuzen, Euskara, Kultura eta Kirol arloko foru diputatuaren erabaki politiko baten ondorioz. Erabaki horren oinarrian, diputatu horrek izendaturiko aholku batzorde baten txostenen ondorioak zeuden, eta erabaki horrek foru agindu bat ekarri zuen. Baina foru agindua idatzi zen garaian, eta hau bitxia eta penagarria da inondik ere, txosten horietatik bat bakarra zegoen emana. Batzordea bukatu eta handik hilabetera gainerako txostenen edukia jakin zenean, ikusi zen txostenetan ez zegoela inolako frogarik akusazioaren oinarriari eusteko; hau da, ez zuten demostratzen grafitoak -400 bat- oraingo faltsifikazio baten emaitza zirenik. Are gehiago: ez zuten frogatzen erromatarren garaikoak izatea ezinezkoa zenik.

Ustezko faltsifikazio frogatu gabeko horri dagokionez, eta kontuan harturik salaketek nolako bidea egin duten Fiskaltzan, zurrumurruak zabaldu dira, nahita zabaldu ere, faltsifikazioaren egileen inguruan. Zurrumurru horien bitartez, gure ustetan, baldintzatu nahi izan dituzte dagokionaren erabakiak eta, era berean, inork babesa agertzea ere bai; hala, jarrera jakin batzuk sendotu nahi izan dituzte jendaurrean, eta argitutzat eman kontua, nahiz eta argituta ez egon. Izan ere, nola egotzi inori delitu baten errua, ez baldin bada frogatu delitua egin denik ere?

Diputazioak uko egin dio, hasiera-hasieratik, bai beharrezko eztabaida zientifikoa zabaltzeari, bai analisi sinple eta merke batzuk egiteari, nahiz eta badakien lagundu egingo luketela kasua argitzen. Zergatik? Zeuek atera ditzakezue ondorioak.

Hori guztia gorabehera, eta nahiz eta handiak izan diren presio akademiko, mediatiko eta nolanahikoak, eztabaida zientifikoa modu naturalean egin da. Eta beste hamahiru txosten osatu dira. Horietatik lauretan, segurtatu dute egokia izan dela guk erabilitako metodo arkeologikoa. Beste sei txostenetan, grafitoen edukia aztertu dute latindar eta euskal hizkuntzalaritzen, palografiaren, ikonografiaren ikuspegitik; eta hauxe da ondorioa: guztiz posible da grafitoak erromatarren garaikoak izatea, eta kontuan hartu da batzordeak garai hartarako ezinezkotzat jotako gauza asko ez direla ezinezkoak eta ondo dokumentaturik daudela Antzinaroan. Azkenik, beste hiru txostenetan, grafitoen azaleko ezaugarri fisikoak aztertu dituzte: erakutsi dute ezin direla izan oraingo faltsifikazioak, eta analisien bidea ireki dute hori egiaztatzeko.

Gure ustez eztabaida zientifikoa bukatu gabe dagoenez, kontuan hartu nahi dugu luze gabe topagune ireki bat egiteko aukera -kongresu bat, azken batean-, eta gonbidaturik egongo dira batzordeko kideak. Hori iritsi bitartean, aurreratu nahi dizuegu laster argitaratuko ditugula, webgune baten bitartez, grafito ezohikoak deitutakoak, bakoitzaren deskripzioarekin, eskura dauden argazkiekin eta testuinguru arkeologikoarekin. Material hori eskura izango dute interesa duten eta jakintza zientifikoaren aurrerapena nahi duten guztiek; modu gardenean jarriko da, espiritu kritikoari atea zabalduz, eta seriotasuna eta heziera ona izango dira muga bakarrak. Guk adierazi nahi dugu gizakiak garela eta sufrimendu publiko eta pribatuen zama daramagula gu bila ibili gabe, baina ahal dugun guztia egingo dugu Iruña-Veleiako kontu berezia, berriz ere, zientziaren bidean sar dadin, ez baitzuen hortik sekula atera behar. Azken batean, mintzagai dugun kultur ondare horrek gure errespetu guztia merezi du, eta zorrotzenik zaindu behar zuen erakundearen errespetua ere bai.

(Erredakzioan itzulia)

Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia