Berria.eus

Astelehena, 2014ko uztailak 28 - 12:19

IRITZIA;2010-06-08;AHTari amore eman gabe

AHTari amore eman gabe

Rebeka Ubera. Dani Maeztu.

Aralarreko Hegoaldeko zuzendaritzako kideak

Duela aste gutxi, AHT Gelditu Elkarlanak komunikatu bat kaleratu zuen, Aralarrek aurkeztutako ekimen bat gogor kritikatuz. Horren aurrean, hauxe daukagu esateko:

Lehenik eta behin, argi eta garbi adierazi behar dugu Aralar Abiadura Handiko Trenaren aurka dagoela, eta horrela adierazi du behin eta berriro. Aurka dago, azpiegiturak gure herriak dituen mugikortasun behar eta arazoei erantzunik ematen ez dielako. Garraiobide hori ez da egokitzen Euskal Herriak dituen ezaugarri geofisikoetara, eta ez dio inongo erantzunik ematen eskualde barruetan eta eskualde artean dagoen mugikortasun arazoari.

Horregatik, behin baino gehiagotan salatu izan dugu proiektu honen atzean ez dagoela inongo garraio-eredu jasangarririk, baizik eta lurralde antolaketarako politika zehatz bat, non lehentasun ekonomiko-estrategikoa hiriburuei ematen zaien, horrek dakartzan eredu sozio-ekonomikoekin. Eta hori guztia, gainera, herritarren iritzia jaso barik egin dute.

Baina hori guztiori esanda, zoritxarrez, obrak hasita daude. Hori argi eta garbi ikus daiteke. Obrak hasita daude, eta herritar asko zuzen-zuzenean kaltetu dituzte. Kaltetuak noraezean, babesgabe daude. Inongo interlokuzio zuzenik gabe. Arazoak konpontzeko aukera bakarra obra bertan diharduten arduradunekin berba egitea da, sarritan inongo emaitzarik ematen ez duen aukera, gainera. Eta Aralarren garbi daukagu herritarrak ezin ditugula babes gabe utzi, erakundeetatik lagundu egin behar zaiela. Erakundeak horretarako baitaude: herritarren zerbitzura. Obrak irauten duen bitartean, eta gerora, erakundeetatik lortu behar da herritarrak ahalik eta eragin negatibo txikiena eta gutxien sufritzea. Zeren zenbat eta txartoago, orduan hobeto estrategiak aspaldi egin du porrot, eta ez AHTren kasuan bakarrik.

Aralarrek aurkeztu duen ekimenak ere gure lurraldean zehar sortuko diren kalteak agerian uzteko balioko duela uste dugu, ez sortutako kalte ekologikoak gutxitzeko, zuen oharrean adierazten duzuen bezalaxe. Eta sorturiko kalte ekologikoak gutxitzeko baino balioko ez balute, zer? Non dago arazoa?

Uste dugu arazook bere gordintasun osoan azaldu behar zaizkiela herritarrei: euskal gizarteak jakin egin behar du gaur egungo garapen ereduak ze nolako ondorioak dituen. Baina zuzenean kalteak sufritzen dituzten herritarrak azpiegitura honen eraginen mendean ezin ditugu babes gabe utzi.

Horregatik proposatu genuen administrazioen arteko batzorde bat eratzea, non udalak bere herritarren bozeramaile bihurtuko ziren, lanak kudeatzen ari diren erakundeak (ADIF, Garraio Saila) herritarrak jasaten ari diren kalteez zuzenean jakitun egiteko. Eta konponbideak ahalik eta arinen bideratzeko.

Gainera, aukera daukagu herritarren aurrean agerian uzteko proiektu hori zelan diseinatu den erakusteko, zelan eurek egiten dituzten legeak ere ez diren betetzen ari. Alegia, obrek inguruan izan duten inpaktua aztertzeko orduan, herritarren interesei begiratu beharrean, interes politiko konkretuei begiratu zaien agerian uzteko aukera izango da, planifikazio ekonomikoaz aparte beste inolako planifikaziorik ez dela egin.

Horregatik erabaki genuen gure ekimenarekin jarraitzea eta horrela helarazi genien AHT Gelditukoei. Horren haritik, gurekin konpartitu zuten beraien desadostasuna. Garbi geratu zen Aralar eta AHT Gelditu! Elkarlana egin beharreko urratsetan ez datozela bat. AHT Geldituk ulertu zuen, eta horrela jakinarazi zigun, amore ematen geniola Abiadura Handiko Trenari. Amore eman? Zer da amore ematea?

Zuen iritziz:

«Borroka baten helburua sortu daitezkeen kalteak gutxitzea bihurtuz gero, eztabaida proiektuaren onarpenean kokatuko litzateke; gaur egun, ordea, Abiadura Handiko Trenaren inguruko eztabaida ezin da amore ematen duen jarrera batean oinarritu».

Esaldi biribila, bai, baina gure ekimenarekin zerikusirik ez duena. Lehenengo eta behin, ekimen honen aurretik eta ondotik beste hainbat daudelako eta egongo direlako AHTren proiektuak islatzen duen ereduaren kontra, baina hori ez zaizue komeni aztertzea. Ekimen hau aitzakiatzat baino ez duzue hartu. Ez dugulako amore emango, bestelako garapen eredu bat aldarrikatzeari ekingo diogulako. Eta, aldi berean, herritarren eguneroko arazoei erantzuna eman behar diogulako. Alegia, Ertzaintzak atxiloturik ez dezala inkomunikatu eskatzen dugunean, ez diogu polizia autonomikoari amore ematen, ezta Espainiako justizia onartzen ere, AHTren kontrako ekimen baten parte hartzearren atxilotuak judizialki defendatzeak Espainiako sistema judizialaren onarpenean kokatzen ez gaituen bezala. Administrazioan euskaraz egiteko eskubidea bermatu egin behar dela aldarrikatzen dugunean, ez dugu gure herriaren zatiketa administratiboa ontzat jotzen. Zallobentako harrobiari mugak ezartzeko lan egiten dugunean, ez diogu harrobien ustiakuntzari amore ematen. Esaldi biribilek arazo horixe dute: hainbat kasutarako balio dutela.

Bitxia, Aralarren ekimen zehatz baten aurrean ateratzea jendaurrera, ez lehenago. Jarrera aldaketa ote da? Ez baitira udalerri gutxi, eta kolore askotarikoak izanik, AHTren ibilbideak euren herrian sortzen eta sortuko dituen triskantzak gutxitu aldera, ADIFekin negoziatu duten alkateak. Geuri erabat zentzuzkoa iruditu zaigu jarrera, nahiz eta gure alkaterik tartean izan ez den. Orduan ez zen amore ematen, ala?

Guretzako eztabaida hau hemen bukatzen da, ez gaudelako prest AHTren alde daudenei ahulezia gehiagorik erakusteko. Gutxiago orain, krisi ekonomikoak agerian utzi duenean aspaldi aldarrikatzen genuena, AHTren inbertsioa jasanezina dela hala ekonomikoki zein sozialki nola ingurumenarekiko.

Azkenik gutun hau baliatu nahi dugu horrela pentsatzen dugun guztiok elkarlanera, indarrak batzera deitzeko. Ekainaren 19an Bilbon ikusiko garelakoan, aurrera bolie.

Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia