Berria.eus

Astelehena, 2014ko irailak 1 - 15:38

2012-02-14

Egina dago

Iņaki Lasa Ustariz

Kontseilua

Kontsumitzaile euskaldunon hizkuntza-eskubideak sistematikoki urratzen segituko dute, eta urraketa horrek ez du babes juridiko eragingarririk izango. Horixe da, eta ez besterik, Eusko Legebiltzarrean hartu zen erabakiaren ondorioa. Alderdi sozialistak euskararen kontrako tamainako erasoa egiteko erabiltzen dituen argudio nagusien inguruko hausnarketa egitea da artikulu honen xede nagusia, Vicente Reyes jaunak otsailaren 8ko iritzi artikuluan plazaratutakoak.

Hizkuntza-politikaren funtsa progresibotasuna dela argudiatzen dute behin eta berriro. Hizkuntza baten normalizazio prozesua beti da progresiboa, definizioz da progresiboa, baina hizkuntza-politikak epe eta helburu zehatzak izan behar ditu. Hori da noizko zer lortu behar den politika egoki baten printzipio zuzentzailea da. Hori horrela egin ezean, nora eza nagusitzen da. EAEn euskaren normalizazioarekin zerikusia duen arautegian kasu bakarrean erabiltzen da printzipio hori, hau da, zikiratu berri duten dekretuan. Lehen inkesta soziolinguistikoa egin zenetik, 1991tik, alegia, ezagutzan izan dugun hazkundearen proiekzioa eginez, ia 200 urte beharko lirateke ezagutza unibertsalera iristeko. Gauza bat da progresibotasuna eta beste bat, oso desberdina, progresibotasunaren kontzeptua erabiltzea euskararen normalizazioa eragozteko; izan ere, denbora faktoreak kasu guztietan hizkuntza gutxiagotuaren kontra jokatzen du eta. Euskararen normalizazioak helburu eta epe zehatzak behar ditu, hala nola ebaluazio zorrotza ere.

Arautzea ez dela egokia diote sozialistek Vicente Reyesen ahotik. Borondatea eta sustapena dira bidea; baina, badaezpada ere, gaztelania ezagutu beharrekoa da, Konstituzioaren aginduz. Espainiako nazionalitatea duen herritarrak ezin du argudiatu gaztelania ez duela ezagutzen; hori bai, katalanek beren estatutu berrian katalana ezagutu beharrekoa zela idatzi eta erreferendumean onartu zutenean, artikulua kendu behar zen, inposizioa zelako. Hori gutxi balitz bezala, Plataforma per la LLengua-ko lagunek egin zuten lan bikainean gaztelania ezartzen duen 500 arau bildu dute; horietako asko alor sozioekonomikoari begirakoak, etiketak eta beste.

Euskararentzat ezin da, baina gaztelania koplexurik gabe arautzen da. Ez dugu ikusi inoiz Vicente Reyes jauna neurri horien kontra inolako iniziatiba parlamentariorik hartzen.

Garbi esan nahiko genuke, hizkuntza-politika saihestu ezina dela, beti egiten dela. Gaizki ohituta gaude Euskal Herrian, oraindik ere jende askok pentsatzen du hizkuntza-politika euskararen aldekoa bakarrik dela. Ezer ez dago errealitatetik harago; euskararen aldekoa ez denean, gaztelaniaren hegemoniaren aldekoa da hizkuntza-politika. Euskara ez dakien kontseilaria hautatzea hizkuntza-politika da, 3 urte pasata jario onargarriz hitz egiteko gaitasunik ez duen lehendakari bat izatea ere hizkuntza-politika da, eta, adibidez, euskalduntzen ez duten irakastereduak indarrean edukitzea, horrela legea betetzen ez dela jakinda, hori ere, hizkuntza-politika da.

Merkataritza jarduneko gaiak ezin ditu Administrazioak arautu, alor pertsonen artekoak dira eta. Pertsonen arteko harremanak ezin omen ditu Administrazioak arautu, baina Kanarietako Maspalomasen, esate baterako, 1.500 euroko isunak ezartzen dira gaztelania ez erabiltzeagatik.

Administrazioak ahal du edo ezin du arautu alor sozioekonomikoko establezimenduetan nola hitz egin behar den? Borondatea behar da horretarako, sozialistek ez dutena, ez dutelako euskara normalizatu nahi eta euskaldunon hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoak berdin dielako. Zehapenak ez dira tresna bat besterik giza-eskubideak diren hizkuntza-eskubideak babesteko. Zehapenik gabeko araua diskurtso hutsa da, inor lotzen ez duena eta ondorio praktikorik izango ez duena.

Bestalde, oso eztabaidagarria da dekretuak bere barruan biltzen dituen enpresak pribatuak ote diren; izan ere, kudeaketa pribatua izan dezakete, baina zerbitzu publikoa eskaintzen dute. Gogoan izan dezagun erregai hornitzaileak, garraio enpresak, saltoki handiak, telekomunikazio enpresak dirutza irabazteaz gain, administrazioen laguntzak jasotzen dituztela eta zerbitzu publikoa eskaintzen dutela. Zinismoan murgiltzen da Vicente Reyes jauna dekretuaren aldaketa argudiatzeko lanpostuak galduko zirela esanda. Enpresa horiek ez dute zailtasunik dekretua betetzeko; gainera, Vicente Reyes jaunak ez daki betetzen ote duten ala ez, Eusko Jaurlaritzak ez baitu inoiz aztertu betetze maila. Azterketa bakarra Kontseiluak egindakoa da, eta garbi ikusten da enpresa batzuek ahalegina egin duten bitartean beste batzuk ez dutela egin; beraz, ez da zailtasun arazoa, borondate arazoa baizik.

Hizkuntza-paisaia, informazioa erregula daitekeela dio Reyesek, baina ez aurrez aurrekoa. Bi urteko epean enpresek honako hau ziurtatu behar zuten: kartel edo errotuluetan ageri den informazioa, katalogoak, inprimakiak, kontratuak, abonatuen gidak, telefono publikoetan agertzen den informazioa, txartelak, informazio elektronikoa… 30 urte enpresa horiek seduzitzen eta dirua eskaintzen pasatu ondoren ez badira gauza eskubideak babesteko, jakin nahi dugu zer egingo duen alderdi sozialistak hor esaten direnak bermatzeko.

Azkenik, diskurtsoa borobiltzeko, belaunaldi berriak naturaltasunez erabiliko dutela euskara lan munduan kontatzen digu Reyes jaunak. Hala ere, jakin badaki hori ez dela posible izango. Haren alderdia da euskalduntzea lortzen ez duten irakastereduen defendatzaile nagusia, euskara ikasi nahi ez duten irakasleen babeslea. Nola hitz egingo dute belaunaldi berriek euskaraz, lan munduan hezkuntza-sistemak ez baditu euskalduntzen? Reyes jaunak jakin beharko luke pertsonek ez dituztela espazioak euskalduntzen, ez bada horretarako hizkuntza-politika eragingarria abiatzen. Gaur egun, gizarte espazioek gizabanakoak erdaldundu egiten dituzte, euskara erabiltzea etengabe eta sistematikoki eragotzita gaitasun komunikatiboa galtzen delako. Gizarte-espazioak euskaldundu ezean, ez dago aurrera egiterik euskararen normalizazioan; horrexegatik, hain zuzen, egiten du Reyes jaunak ordezten duen alderdiak dekretuaren kontra.

Konpromisoa behar dugu, gardena, dudarik gabea, euskara normalizatu nahi duten indar politikoen aldetik hizkuntza-politika berria eta eragingarria abian jartzekoa. Bitartean, herritarron esku egongo da enpresa horiei eragiteko aukera, kontsumitzaileak garen aldetik, gure dirua non gastatu nahi dugun erabakiz.



© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia