Berria.eus

Astelehena, 2014ko uztailak 28 - 12:18

2012-04-25

Parte hartzeko prest?

Aiora Azagirre Irati Mendiguren

Bizkaiko Urtxintxa Eskola

Gero eta maizago hitz egiten da parte-hartzeaz. Duela hamarnaka urtera arte ez omen zen horren interesgarria parte-hartzea bultzatzea. Jendartearen eguneroko agendan idatzita zeuden indibidualismoa, zilborra, berekoikeria, lehiakortasuna… eta beste hainbeste kontzeptu, gaur egun ere barruraino barneratuta dauzkagunak.

Zorionez, badira oraindik pertsonengan sinisten duten egitasmo xume eta handiak. Betidanik bultzatu izan dira auzo batzarrak, talde kultural eta sozialen bilera horizontalak, norbanakoengandik zein kolektiboengandik sortutako ekimenak… Betidanik bultzatu izan dira, eta gaurko garaietan bereziki, indar handiagoz bultzatzen ari dira parte-hartze prozesuak, nonahi. Udalak dira haien adibide argia. Modan omen dago. Baina zer da parte-hartzea?

Batzuentzat, aurpegi zuriketa; beste batzuentzat, herria eraikitzeko oinarri-oinarrizko tresna. Baina parte-hartzea, norbere herria eraikitzeko lanabes ederra izateaz gain, banakoaren izaeraren eraikuntzan ezinbesteko ezaugarria da. Ondokoaren errekonozimendutik eta berdintasunetik abiatzen den eraikuntza kolektiboa eta pertsonala.

Gatazkak ikasketa prozesu bihurtzen ditu parte-hartzeak. Helburua argi izanik, helmugari baino gehiago, heltzeko bideari jartzen dio arreta. Jendearen ekarpenekin osatzen eta sortzen doan bideari, alegia. Bide honek sortzailea eta erakargarria behar du izan. Errealitatearekin bat datorrena eta inklusiboa. Elkarrengandik eta elkarrenganako ulermenerako, eztabaidarako eta elkarrizketarako espazio erosoak eskaini beharko lituzke parte-hartze prozesu batek. Baina, bereziki, jendearen buru eta bihotzetatik ateratzen diren ondorioetan sinistea da ezinbesteko pieza. Pieza horiekin guztiekin soilik osa baitaiteke gure puzzlea.

Baina zer behar dugu guk, parte hartzeko? Zer behar dugu parte-hartzea bultzatzeko? Denok ulertzen al dugu berdin parte-hartzea? Eta, are gehiago, sortzen diren zailtasunei eta erronkei aurre egiteko prest al gaude?

Halako zalantzak sortzen zaizkigu partaidetzaren bueltan jiraka eta biraka hasten garenean. Zenbat definizio aldrebes sor litezkeen gure buruetan. Zenbat tentazio zikin, gure helburua betetzeko eztabaidak bideratu nahiarekin. Zenbat arau-hauste eta errespetu falta, mozketa, hitz eta adierazpen desegoki joan daitezkeen bidean. Zenbat aldiz joan ote gara talde eztabaida batera parte hartzeko asmoarekin eta parte izatera iritsi ez. Zenbaketa guztiak gutxiegi lirateke.

Ba al dakigu parte hartzen? Ba al dakigu parte izaten? Eta inguruneari gure parte izaten uzten? Hitza, errespetua, entzun eta erantzun, txandak, adostasuna, malgutasuna, erdibidea, oreka. Ez zuretzat, ez niretzat. Biontzat eta ondokoentzat. Zuk eta nik.

Prozesu guztiek hiru baldintza bete behar dituzte abiatzerako: parte hartu nahi, parte hartzen jakin eta parte hartu ahal izatea.

Prozesuan parte hartu nahi izateak edota partaideen motibazioak argia izan behar du; prozesuaren helburua zein den jakin behar dute, eta bere egin. Dena den, gainontzeko kideekin interesak eta beharrak konpartitzeko aukera izatea ere ezinbesteko baldintza izango da, eta, nola ez, egiten den lana baliagarria izatea, eta bere bidea egiteak lehentasun izan behar du egoera guztietan.

Askotan gertatzen da, parte hartu nahia badagoela, baina ez dakigula nola egin. Komunikatzen jakitea, harreman positiboak eraikitzea, gatazkak azaleratu eta irtenbideak aurkitzeko jarrera irekia lantzea… zeregin garrantzitsuak izango dira edozein prozesutan. Bai dinamizatzaileentzat eta baita partaideentzat ere. Ikasketa prozesua bilaka dadin, beharrezkoak diren gaitasunak eta ezagutzak garatzen eta, horrez gain, prozesua planifikatzen, bideratzen eta ebaluatzen jakin beharko dugu.

Eta, azkenik, parte hartu ahal izateko egoera eta baldintza aproposak bilatzea eta partaidetza areagotzeko eta mamitzeko teknikak praktikara eramatea gakoetako batzuk izango dira herritar edo taldekideen ekarpenak arrakastaz jaso eta hasieratik prozesuari ezarritako helburuak goitik behera betetzeko. Lanaren antolamenduak zerikusi handia du honetan. Jendearen parte-hartzea bilatzen badugu, haren hausnarketak, eztabaidak, iritzi trukeak eta ondorioak modu mamitsuan eta giro atseginean atera behar ditugu. Gure barruak hustu eta egitasmoak edukiz bete. Ingurunean ditugun baldintzak oso kontuan hartuz.

Inguruneari begirada arin bat botatzeak izugarri lagunduko digu gerora abiatu beharko dugun prozesuaren hasiera kokatzen. Jendearen parte hartzeko ohiturak, komunikatzeko kodeak, norbere beharrak eta behar kolektiboak… denak aztertuz eta arakatuz, prozesuaren beraren diseinua marrazteko pistak aterako ditugu. Partaideen jakintza eta nahia bultzatzeaz gain, komunikaziorako eta elkarlanerako mekanismoak martxan jartzea izango dugu erronka.

Gauza jakina da, sistema kapitalistaren barruan, emakumeak, etorri berriak, haurrak, adinekoak, gazteak… sektore prekarizatuak direla. Horrenbestez, multzo hauen barnean kokatzen diren partaideengan arreta berezia jartzea eta hauen parte-hartzea sustatzea gogoan izan beharko du prozesuaren bultzatzaileak.

Parte-hartze prozesua talde, herri edo auzo bateko bizilagunek dituzten beharrizan eta lehentasun nagusiak zeintzuk diren maila kolektiboan aztertzea eta adostea da; beharrizan horiei erantzuna emateko egon daitezkeen aukerak mahai gainera ekarriz. Ibilbide honetako protagonistak eragile antolatu eta antolatu gabeak dira, eta horietako bakoitza prozesuko eragile aktibo eta esanguratsu bihurtuko da. Errealitatearen ikuspegi ezberdin ugari egoteak aberastuko du azken emaitza. Eta horregatik da interesgarria begirada horiek sortzea, norbere errealitatetik, denboratik, sinismenetatik eta sentimenduetatik.

Baina prest al gaude prozesu parte hartzaileak abiatu eta haien emaitzak errespetatzeko?



Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia