Berria.eus

Ostirala, 2014ko abuztuak 22 - 13:44

2012-05-11

Hauteskunde estrategiatik harago

Txarli Gonzalez, F. Javier Belarra, Pedromari Olaeta

Ezkerretik Bilduz-eko kideak

Garai politiko berriak ezker soberanistarentzat oro har, eta ezker abertzalearentzat bereziki, jauzi bat erakarri du. Jauzi honek epe laburrean ezkerreko soberanismoa biltzen duten koalizioek ordezkaritza politikoan Hegoaldean gehiengo eskura dezaketela adieraz lezake.

Ez da ezustean harrapatu gaituen bilakaera, azken urteetan hainbat eta hainbat sektorek abstentzioan aurkitu baitute babeslekua. Batzuek, hamarkada luzeetako sufrimenduagatik etsita; beste batzuek, ilegalizazioek behartuta; askok, partitokraziak nazka-nazka eginda. Milaka eta milaka herrikide parte hartzeko irrikan zeuden, benetan bere bozak eragina izango zuen aukera berri baten zain.

Nazioarteko testuinguruan, alderdi klasikoetan oinarritutako sistema parlamentarioaren aurkako «Merkatuen Estatu-kolpea» jasaten ari gara. Panorama berriak pertsona asko XX. mendeko eta XXI.eko hasieran ezarrita dagoen sistema ekonomiko eta politikoa zalantzan jartzera eraman du. Kapitalismo «atsegina» edo «etikoa» aldarrikatzen zuen europar sozialdemokraziaren porrota da.

Kapitalismoari alternatibak aurkezteko prestatzen ari direlarik, oposizio politikoa pluralak diren koalizio ezkertiarren inguruan berrantolatzen ari da. Alternatiba gauzagarria, sozialista, parte-hartzailea eta osagarri iraultzaileak dituena, alegia. Hau da-eta Europako eskuina hartzen ari den izaera neofaxistaren aitzinean aurrea har dezakeen eskaintza sozial eta politikoa. Euskal Herria ezaugarri bereziekin, kulturalki, sozialki, ekonomikoki eta politikoki zapaldua dagoen herria baikara. Izan ere, ezaugarri zeharkatzaile honek oposizio politikoa Bildu eta Amaiurren itzalpean elkartzera eraman du.

Alabaina, hauteskundeetako arrakasta behin-behinekoa bilaka daiteke, lortutako atxikipen kopuru handia multzo kritiko bihurtzen ez bada. Herritar kopuru handia, kritikoa, antolatua, kontzientea, informazioduna eta aktiboa. Herriz herri antolatua, autokritikoa, errebeldea, parte-hartze zuzenean, gardentasuneean eta konpromisoan oinarrituta.

Mediatikoki puztuak izan diren eztabaidagai batzuk direla medio, atez atekoaren auzia kasu, Hegoaldeko eskuinaren jarduna aurreikus daiteke (PNV, PP, UPN, PSOE) , zeina, dagoeneko, euren talde eta interes pertsonalen defentsan, «Bloke Sistemiko» bat bailitzan ari den. Egungo erabaki-garaian eragozpen gutxi aurkitzen dute beste askotan horren garrantzitsua omen den nortasunen arteko talkan. Baliabide publikoen gaineko kontrola eta pastel banaketa arriskuan ikusten duten garai hauetan, euskal ezkerrak izan dezakeen gorakadaren aitzinean, sistemaren aldekoen etorkizun hurbileko ekintza batasunaren zertzelada batzuk ikusgai uzten dizkigute.

Aitzitik, gai sozioekonomikoak ez dira Bloke Sistemikoaren jardun bateratuaren isla bakarra. Modu berean, Euskal Herriaren eta Estatuen arteko gatazkaren desmilitarizazio prozesuan eta prozesuaren aldebakartasunak eraldaketa soziala eta politikoa sakonago ekar dezakeelakoan, lau alderdiek Madrilen Espainiar Konstituzioaren aurkako jardun politikoa zigortuko duen ituna sinatu dute. Espainiako Auzitegi Nazionalari «bezero» berriak eskaintzen eta arlo sentikorrenetan oztopoak jartzen; preso politikoak hurbiltzeari eta aske uzteari buruzkoetan, besteak beste.

Honezkero inor gutxi harrituko litzateke Lakuarako hauteskundeetan ezkerreko soberanismoaren koalizoen gorakadari Bloke Sistemikoak gobernu koalizio batekin erantzungo balio. PP-PNV; PSOE-PNV (espreski edo zeharka) edo makroakordio batekin, «Merkatu Deunari» eta «Ama Konstituzioari» aldarea eraikiko liokeen akordio batekin.

Makrokoalizoak, bide batez, Gipuzkoako Aldundian zentsura mozioa aurkez lezake, eta gatazka politikoaren ondoriei irtenbide azkarrak eta duinak ahalbidetuko lituzketen erabakiak «Langraiz bidea» edo antzeko amuekin eragotziko luketen bitartean.

Litekeena da erakundeetako ordezkaritzetan beste urrats bat egitea, baita ezkerreko soberanismoak Gasteizen legebiltzarkide gehien izango duen taldea izatea ere. Hauteskundeetan arrakasta eta erakunde ofizialetako gobernuetara ailegatzea positiboa eta beharrezkoa da, alternatiba kulturalak, sozialak eta ekonomikoak egon badaudela egiazta dezagun. Aldiz, ezinbestekoa da eraldaketa babesten duen multzo sozialaren laguntza eta parte-hartze aktiboa, baita erabakietan ere. Alferrikako garaipena litzateke indar bozkatuena izatea hauteskunde-arrakastatik harago joaten ez bada eta indar-korrelazioa kontuan hartuko duen estrategia eraikitzailea abian jartzen ez bada. Alternatiba egingarriak bizkortu behar ditugu, areagotu den eta areagotu behar den proiektu ezberdinen konfrontazio politikorako prest egon behar gara.

Eraldaketa sozial eta politikorako benetako estrategia sozialista behar da: burujabetza lortzeko marko juridiko-politikoaren aldaketaren lidergoan esku-hartuko duena. Merkatuen diktaduraren kontra, sistema sozioekonomiko demokratikoa eratzeko estrategia, non erakunde kultural, sozial, sindikal eta politiko herrikoiak beharrezkoak diren, nazio eta sozial askapenaren prozesuaren ko-sortzaileak baitira.

Laburbilduz, herritar batasuna antolatzeko premia ikusten dugu. Esparru eta erakunde bakoitzaren autonomia errespetatuta, talde politikoak, sindikalak eta sozialak estrategia bateratuan aritzeko beharra dago, eta aniztasuna arrakastaren giltza bihurtuko dugu. Herri guztietako sektore errebelde guztiak elkarlanean ari gaitezen, alderdi tradizionaletako elite politikoekiko menpetasunak sortu gabe, birziklatu ezin den kasta ustela, antidemokratikoa, burokratikoa eta anti-iraultzailea baita.



© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia