Berria.eus

Osteguna, 2014ko uztailak 24 - 17:25

KIROLA;2009-02-15;Hautsi gabe, bizirik

Hautsi gabe, bizirik

Arratek kanporaketa ia erabakita utzi du lehen zatian, baina nahi baino gehiago sufritu du bigarrenean

Erredakzioa

Donostia

Kolpeak jaso eta jaso ari den taldearentzat atzokoa emaitza bikaina dela esan daiteke. EHF Kopako final-zortzirenetako partida zelako; ligan estu eta larri dabilen taldea joko bizi eta eraginkorra egiteko gai izan zelako; egoera okertzen hasi zenean jokalariak berrindartzeko gai izan zirelako... Baina lehen zatiaren amaierako emaitzari begira egongo dira zale asko. Arratek lehen zati ona jokatu zuen atzo Aarhus Danimarkako taldearen aurka, eta 17-9 aurretik zela joan zen atsedenaldira.

Partida hastearekin batera 3-0 aurreratu ziren etxekoak. Sei minutu behar izan zituen Aarhusek lehen gola sartzeko (3-1), eta lehen zati guztian erasoan erabat gaizki aritu ziren danimarkarrak. 5-3 eta 7-4, partida estutzen saiatuta ere, Aarhusek ulertzen zailak diren akatsak egin zituen bai erasoan eta bai defentsan. Joko bizia eginda, Arratek 17 gol sartu zituen lehen 30 minutuetan, baina 13-4 aurretik zen 20. minuturako.

Baina beste partida bat hasi zen bigarren zatian. 6-0eko defentsa zorrotza eginda, Aarhusek ezerezean utzi zuen Arrateren erasoko jokoa, eta asko estutu zuen markagailua, 19-16 eta 22-19 -oso partida ona egin zuen Lechte Aarhuseko atezainak-. Txartel gorriak eta bi minutuko zigorrak tarteko, partida berotu, eta 27-21, alde polita lortu zuten etxekoek datorren asteko itzuliko partidarako.

 


Arrate 27

Aarhus 21

Arrate. Malumbres, Jurkiewicz (4), Beljanski (1), Berrios (4), Salaberria (5), Kobin (2), Dalibor Cutura (7, 3 p.) -hasierako bostekoa-, Vucinic, Ivo Diaz (1), Vargas, Stefanovic, Arroyo, Serrano (2) eta Rudovic (1).

Aarhus. Lechte, Kuzelev (1), Pedersen, Rasmussen, Sorensen (1), Nielsen (1), Riis (1 p) -hasierako bostekoa-, Thomas Petersen, Andersen (1), Holst (1), Mazur (5), Jacob Petersen (4), Samdhal (4) eta Kristensen (2).

Markagailua. 3-0, 5-2, 10-4, 13-4, 14-7, 17-9 (atsedenaldian); 18-12, 19-15, 21-16, 22-19, 25-20 eta 27-21.

Epaileak. Ferenc Bonifert eta Viktor Olah. Bi minutuko zigorrak Arrateko Berrios, Ivo Diaz, Stefanovic eta Salaberriari, eta Aarhuseko Andersen, Kristensen eta Sorenseni (3 aldiz zigortuta, txartel gorria atera zioten). Holtsi ere txartel gorria (27. min.).

Bestelakoak. 1.800 ikusle inguru Ipuruako kiroldegian.



 

Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia