PSE-EE, PP eta UPD proposamenaren alde azaldu dira parlamentuan, eta EAJ eta Aralar kontra" />

Berria.eus

Igandea, 2014ko abuztuak 31 - 02:14

KIROLA;2009-11-17;Espainiako futbol selekzioaren partidak eta Vuelta EAEn ere izatea eskatu dute Gasteizen. PSE-EE, PP eta UPD proposamenaren alde azaldu dira parlamentuan, eta EAJ eta Aralar kontra

Espainiako futbol selekzioaren partidak eta Vuelta EAEn ere izatea eskatu dute Gasteizen

PSE-EE, PP eta UPD proposamenaren alde azaldu dira parlamentuan, eta EAJ eta Aralar kontra

Erredakzioa.

Gasteiz

Espainiako futbol selekzioaren partidak eta Espainiako Vueltako lasterketa Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan jokatzeko bi eskaera onartu zituen atzo Eusko Legebiltzarreko Kultura Saileko Batzordeak. PSE-EE, PP eta UPDren babesarekin atera ziren aurrera bi proposamenak; EAJk eta Aralarrek aurkako botoa eman zuten.

PSE-EEk, PPk eta UPDk babestutako proposamenak dei egiten dio Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari Espainiako futbol selekzioek berriz ere EAEn jokatzea sustatu dezan. 1967tik ez du Espainiako futbol selekzioak Euskal Herrian jokatu.

Saio berean, halaber, Espainiako Vueltari dagokion proposamena onartu zuten. Horren arabera, Kultura Sailak Unipublici, Vuelta antolatzen duten enpresari, eskatuko dio lasterketako etaparen bat EAEtik irten edo EAEra iristea. Horretarako, kirol federazioen eta txirrindularitza taldeen laguntza eskatu zuen Kultura Saileko Batzordeak. Vuelta EAEtik ez da igaro 1978tik, baina bai Nafarroatik, urte batzuetan etapak bukatu izan direlako Iruñean. Iaz PPk Vuelta EAEtik igarotzeko proposamena jarri zuen mahai gainean, baina Legebiltzarrak ez zuen onartu, EAJk, EHAK-k, EAk eta EBk aurka bozkatu zutelako.

Alde eta kontra

Bozketan parte hartutako alderdiek euren iritzia azaldu zuten. Hala, Cristina Laborda PSE-EEko legebiltzarkideak gogoratu zuen «Euskadin futbol eta txirrindularitza zale asko» daudela, eta proposamena «kirol ikuspegitik bakarrik» hartzea eskatu zuen. Carmelo Barrio PPko parlamentariak, berriz, esan zuen Vuelta Euskadira itzultzeak «normaltasuna» ekarriko lukeela. Antzeko hitzak izan zituen Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkideak. Maneirok, halaber, azpimarratu zuen horrelako ekimenek «nazionalista ez direnak armairutik ateratzeko» balio dezaketela.

Peio Iparragirre EAJko parlamentariak, ordea, nabarmendu zuen ez Jaurlaritzak, ez Gasteizko Legebiltzarrak ezin dutela zehaztu Vuelta nondik pasatuko den, edo Espainiako futbol selekzioak non jokatuko duen. Euskal kirol selekzioen ofizialtasuna ere aldarrikatu zuen, eta argi utzi «txirrindularitza eta politika nahastu nahi baldin badira», ez direla «joko horretan sartuko».

Mikel Basabe Aralarko legebiltzarkideak, berriz, deia egin zien Euskadiko eta Espainiako futbol federazioei Espainia eta Euskadiren arteko partida bat susta dezaten.

EA eta EB, Kultura Saileko Batzordean ez dauden bi alderdiak, ere proposamenaren aurka azaldu ziren. EAren arabera, «Euskal Herria Espainia dela esatea da PSE-EE eta PPren helburu nagusia». Mikel Arana EBko parlamentariak salatu zuen zenbait alderdi politikok «kirola erabili» nahi dutela «zatiketa politikoa bultzatzeko».

Gaiaren harira, Espainiako Futbol Federazioak atzo argitu zuen «kluben eskuetan» dagoela eskatzea Espainiako selekzioak euren lurraldeetan jokatzea. «Akordioa berri ona da. Gustura jokatuko genuke han», esan zuen Jorge Carretero Espainiako Futbol Federazioko Zuzendaritzako eledunak.

Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia