Ghanako atezainak kale egin du lehen golean, eta Kewellek eskuarekin ukitu du baloia area barruan" />

Berria.eus

Asteartea, 2014ko irailak 2 - 01:24

KIROLA;2010-06-20;MUNDUKO KOPA 2010. KRONIKAK. Berdinketa, baita hutsetan ere. Ghanako atezainak kale egin du lehen golean, eta Kewellek eskuarekin ukitu du baloia area barruan

Berdinketa, baita hutsetan ere

Ghanako atezainak kale egin du lehen golean, eta Kewellek eskuarekin ukitu du baloia area barruan

Julen Etxeberria

Hutsen partida. Hala dei dakioke Ghanak eta Australiak atzo Rustenburgoko Royal Bakofeng estadioan jokatu zuten partidari. Aukera datorkiola ezin ukatu, neurketako bi golak beste horrenbeste huts larrien ondorio izan baitziren. Australiak sartutakoak, partidako lehenak, Munduko Kopa honetan atezainek egiten duten enegarren hutsa izan zuen abiapuntu. Brescianok urrutitik jaurti zuen falta bat, atera zuzenean, eta baloiak sigi-saga antzeko bat egin zuen, nahikoa Kingson Ghanako atezainak baloia harrapa ez zezan. Eta han zegoen Holman, hutsa aprobetxatzeko prest. 0-1. Golak izugarri estutzen zuen D multzoko sailkapena, azken jardunaldiaren faltan, multzoko lau selekzioak (Alemania, Serbia, Ghana eta Australia) hiruna punturekin liratekeelako berdinduta.

Ordu laurden eskas iraun zuen balizko egoera horrek, Andre Ayewek jaurti eta Kewellek ate azpian baloia eskuarekin ukitu zuen arte. Epaileak ez zuen zalantzarik izan: penaltia, eta txartel gorria aurrelari australiarrarentzat. Asamoah Gyanek jaurti zuen, eta ez zuen huts egin. Bigarren gola du Hegoafrikan Ghanako erdilariak, bere selekzioak sartu dituen biak, penaltiz sartutakoak biak. Lehen partidan, Serbiari, eta atzo Australiari.

65 minutu falta ziren neurketa amaitzeko, eta Australiak jokalari bat gutxiagoarekin aritu beharko zuen. Ez zen egoera samurra. Ghanak, ordea, dena zuen alde bigarren gola sartu, bigarren garaipena lortu, eta final-zortzirenetarako txartela ia ziurtatzeko. Denbora kontua zirudien, are gehiago atsedenaldira iritsi aurretik Kevin Prince Boatengek gola sartzear egon ondoren. Schwarzerrek, Australiako atezain beteranoak, baina, geldiketa bikaina egin zuen.

Baina ez. Australiarrek ez zuten amore eman bigarren zatian. Aitzitik, gora egin zuten, eta bigarren gola sartzeko aukera garbiak izan zituzten. Chipperfieldek izan zuen lehena zelaira irten eta berehala, buruz egindako erremate batean. Bigarrena, berriz, Wilkshirek izan zuen, baina jokaldi horretan bai, Kingsonek ondo erantzun zuen. Jokalari bat gutxiagorekin egon arren, Pim Verbeek Australiako hautatzaileak ausart jokatu zuen, eta bi aurrelari zelairatu. Apustua ondo irten zitzaion kasik. Hala ere, garaipena lortzeko meritu gehiago egin zituen. Izan ere, Ghana eskas aritu zen bigarren zatian, jokalari bat gehiago izateari abantaila atera ezinik.

Azkenean, berdinketa, eta emozioa multzoan. Ghana da lider, lau punturekin, Alemaniak eta Serbiak baino puntu bat gehiagorekin. Egundoko ezusterik ezean, hiru selekzio horietatik bi sailkatuko dira final-zortzirenetarako, Australia azkena baita puntu bakarrarekin. Azken jardunaldian, Ghana eta Alemania ariko dira partida batean, eta Australia eta Serbia bestean.

Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia