Gaur hasiko da San Miguel liga, Bilbon, eta hamabi traineru ariko dira lehiaketa preziatua irabazteko borrokan Hemeretzi estropada jokatuko dituzte arraunlariek, gaurtik irailaren 19ra bitartean" />

Berria.eus

Asteartea, 2014ko irailak 2 - 03:48

KIROLA;2010-07-03;ARRAUNA. SAN MIGUEL LIGA. Onenak irabaz dezala. Gaur hasiko da San Miguel liga, Bilbon, eta hamabi traineru ariko dira lehiaketa preziatua irabazteko borrokan

Onenak irabaz dezala

Gaur hasiko da San Miguel liga, Bilbon, eta hamabi traineru ariko dira lehiaketa preziatua irabazteko borrokan

Hemeretzi estropada jokatuko dituzte arraunlariek, gaurtik irailaren 19ra bitartean

Aitor Manterola.

Betiko esaldi leloa da onenak irabaz dezala opatzen duen hori. Baina bete-betean datorkio San Miguel ligari. Faborito argirik ez dagoelako. Faboritoak bat, bi eta hiru baino gehiago direlako. Aurrez garailea nor izan daitekeen esatea abentura handia delako.

Gaur hasiko da traineruen arteko lehiaketa erregularrik preziatuena. Bilbon (17:00), erlojuaren aurka, hiru txandatan banatuta, hamabi oilarrek elkarri desafioka ekingo diote lehiari. Luze joko du demak, hemeretzi estropadez bete baitute egutegia. Azkena, irailaren 19an izango da, Portugaleten (Bizkaia).

Aurrenekotik azkenera arte izango da lehia ederrik. Ikuskizuna ere bai, batzuetan ikusgarriagoa besteetan baino. Kale zozketak eragindako gorabeherak. Eguraldi aldaketek erabakitako garaileak. Estropadak ibaian, estropadak itsasoan. Arraunlariak ahalegin betean, neguan egindako lan gogorra bezain isila zaleei erakusten. Elastiko gorriak, berdeak, horiak, arrosak, urdinak, beltzak, zuriak. Zaleak bere ontzi kutunari emango dizkio animoak, baina batek bakarrik irabaziko du liga. Edozein lehiaketa hastear dela, ohikoa izaten da halako eta bestelako faboritoak direla esatea. Arrauna ez da salbuespena. Badaude faboritoak. Eta ez faboritoak. Bakoitzak daki zein helburu bete behar duen, eta horrela aterako dira, daukaten guztia emateko prest.

Denen ahotan izen bat dabil: Urdaibai. Gehien indartu da neguan, baina fitxaketa nagusia tostetatik kanpo egin du. Jose Manuel Francisco entrenatzaile galiziarra entzun, eta garaipenak burura etortzea bat izaten da. Azken urteetako Urdaibai onena izaten bada, ez da inor harrituko. Iazko garailea ere aipatu egin behar da. Castro beti da Castro. Eta Castro beti ibiltzen da goian. Iazkoa baino talde ahulxeagoa dauka, baina asmatzen badu, liga irabazteko hautagaien artean egon behar du.

Arrauneko solasaldietan, bada ia denak batzen dituen beste iritzi bat: Oriorekin kontuz eta argi. Zerbait bada, eta zarata hutsa ez da izango. Aurreko urtean baino hobeto ibiltzeko asmoz daude, eta horrek esan nahi du hiruzpalau bandera irabazteko gai direla. Pedreñaren izena ere bolo-bolo dabil. Gorantz aritu da azken bi urteetan, eta errematea eman nahi dio lanari. Azken jauzia jotzeko gogoz daude. Taldea badute, eta hitzez esandakoa arraunean eginez gauzatzeko gai badira, faboritoen zerrendan sartu behar dira.

Hondarribia ere betiko izena da. Iaz baino apalagoa ote duen taldea. Hori esaten dute falta diren izenek, baina zerbait bada, erregularra da, eta hor izango da, besteen hutsak baliatzeko prest. Indartsuenen zerrenda osatzeko Kaiku dago. Iaz arazoak izan zituen talderik indartsuena ateratzeko, arraunlari propioen muga tarteko. Aurten, arazoa txikitu egin zaio, eta banderen lehian izateko kontuan hartu beharko da.

Beste multzo batean daude igo berriak. Ez dira edozein, eta aurreko urteetan ez bezala, maila ez galtzeko baino helburu handiagoak dituzte igo berriek: San Juanek eta Astillerok. Faboritoek asmatzen ez duten egunetan, muturra sartzeko hautagaiak dira. Azkenik, mailari eusteko helburua daukate Zumaiak, San Pedrok eta Zarautzek. Tiran, ohi bezala, galdera ikurrez jantzita dator.

Aldaketa araudian

Liga hasi aurretik beti aipatzen da, eta aurtengoa ez da salbuespena. Hautagai asko daude liga irabazteko, baita banderak irabazteko ere. Gainera, ez du ematen iaz Castrok egin zuena inork egingo duenik. Gauzak berdintze aldera, eta ustez ikuskizunaren mesedetan, aldaketa izan da araudian. Igandeetako estropadetako txandak larunbateko emaitzen arabera zehaztuko dituzte, Zarauzko Ikurriña jokatu artean.

 

San Miguel ligako datuak



TALDE KOPURUA

Hamabi. Aurten ere hamabi talde ariko dira San Miguel ligan: Castro, San Pedro, Hondarribia, Orio, Pedreña, Urdaibai, Kaiku, Zarautz, Tiran, Zumaia, Astillero eta San Juan.

ESTROPADA KOPURUA

21. Gaur hasi eta irailaren 19a bitartean jokatuko da San Miguel liga, eta 21 estropa jokatuko dituzte. Azkeneko biak igoera-jaitsiera kanporaketak izango dira.

ARRAUNLARI DENAK PROPIOAK

Orio. Klub batek bakarrik osatu du talde osoa arraunlari propioekin: Oriok. 21eko koadrila dauka Joxean Olaskoaga Aizperro-k, eta denak dira propioak.

HASIERATIK TKE-N

Bost talde. 2003an ekin zitzaion TKE ligari, eta zenbait klub urtero egon dira lehiaketa onenean. Hauek dira: Castro, Hondarribia, Orio, Pedreña eta Urdaibai.

LIGAKO GARAILEAK

Lau talde. Orain arteko zazpi aldietan lau garaile izan ditu TKE ligak: Astillero, Castro, Hondarribia eta Urdaibai. Urdaibaik hirutan irabazi du (2004an, 2007an eta 2008an), Astillerok bitan (2003an eta 2005ean), eta Hondarribiak (2006an) nahiz Castrok, behin (2009an).

GARAIPEN GEHIEN

30. Castro da nagusi alor horretan, 30 estropada irabazi baititu liga sortu zenetik. Astillerok 27, Urdaibaik 24, eta Hondarribiak eta Oriok 15na.

URTE BAKARREKO GARAIPEN KOPURUA

Hamahiru. Castrok du markarik onena. Iaz jarri zuen. Hamahiru bandera irabazi zituen, eta hamazazpi estropada jokatu ziren denera.

URTE GUTXIEN LIGAN

Kaiku. Aurtengo hamabi klubetatik, Kaikuk darama urte gutxien TKE Ligan. Izan ere, aurtengoa bigarren urtea izango dute bizkaitarrek. San Pedro dator hurrena, hirugarren denboraldia baitu.

ARRAUNLARIRIK BETERANOENA

Ibon Urbieta. Orion dago arraunlaririk beteranoena: Ibon Urbieta. 43 urte ditu, eta etxera itzuli da, hainbat urtez kanpoan ibili eta gero.

ARRAUNLARIRIK GAZTEENA

Xabier Arratibel eta Beñat Eizagirre. Zarautzen daude bi gazteenak. Biek dituzte 19 urte. Xabier Arratibel da bat, eta Beñat Eizagirre bestea.

PATROIRIK BETERANOENA

Santiago Lopez. Santiago Lopez da patroirik beteranoena. 1959an jaio zen, 51 urte dauzka. Hurrengoa beste patroi historiko bat da: Juan Carlos Fontan. 50 urte beteko ditu azaroan, eta San Pedrora itzuli da aurten.

PATROIRIK GAZTEENA

Jon Ander Martin. Patroirik gazteena San Pedron dago. Jon Ander Martinek 18 urte bete ditu aurten. Hurrengo gazteena Ugaitz Mendizabal da, 19 urterekin, eta Astilleron ariko da.

ENTRENATZAILE ETA ARRAUNLARI

Zortzi. Ia entrenatzaile denak arraunlari ere badira: Jon Salsamendi (Astillero), Joseba Fernandez (Castro), Mikel Orbañanos (Hondarribia), Aizperro (Orio), Angel Gomez (Pedreña), Igor Makazaga (San Juan), Gabi Larrinaga (San Pedro) eta Hegoi Intxauspe (Tiran).

Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia