FINALERDI HISTORIKOAK 1970 ITALIA-ALEMANIA FEDERALA Erraldoien lehia 1970eko Munduko Kopan, Europako bi selekziorik onenak aritu ziren elkarren aurka: Italia eta Alemania Federala. Ikuskizuna espero zen, eta ikuskizuna izan zen: Italiak 4-3 irabazi zuen, luzapenean." />

Berria.eus

Ostirala, 2014ko abuztuak 29 - 22:07

KIROLA;2010-07-06;MUNDUKO KOPA 2010. AZKENA. FINALERDI HISTORIKOAK 1970 ITALIA-ALEMANIA FEDERALA. Erraldoien lehia. 1970eko Munduko Kopan, Europako bi selekziorik onenak aritu ziren elkarren aurka: Italia eta Alemania Federala. Ikuskizuna espero zen, eta ikuskizuna izan zen: Italiak 4-3 irabazi zuen, luzapenean.

FINALERDI HISTORIKOAK

1970 ITALIA-ALEMANIA FEDERALA

Erraldoien lehia

1970eko Munduko Kopan, Europako bi selekziorik onenak aritu ziren elkarren aurka: Italia eta Alemania Federala. Ikuskizuna espero zen, eta ikuskizuna izan zen: Italiak 4-3 irabazi zuen, luzapenean.

Mikel Rodriguez

Mexiko, 1970eko Munduko Kopa. Finalerdiak ailegatu ziren. Ekainaren 17a zen. Alde batetik, Guadalajarako Jalisco estadioan, Brasilek eta Uruguaik jokatu zuten. Bertzaldetik, Mexiko Hiriko Azteca estadioan, Europako bi potentzia nagusiek jokatu zuten elkarren aurka: Italiak eta Alemania Federalak. Sekulako ikusmina sortu zuen partida hark, eta bi selekzioek ez zieten hutsik egin zaleei: luzapene- an 4-3 irabazi zuen Italiak, arauzko 90 minutuak bana bukatu ondotik.

Italia eta Alemania Federala Europako selekziorik indartsuenak ziren garai hartan. Azzurro-ek Eurokopa irabazi zuten bi urte lehenago, eta Ferruccio Valcareggi hautatzaileak titulu hura irabazi zuten jokalarietatik hamahiru eraman zituen Mexikora. Roberto Boninsegna, Mario Bertini, Pierluigi Cera eta antzeko talentuak elkartu zitzaizkien Luigi Riva, Gianni Rivera, Dino Zoff, Giacinto Facchetti eta enparauei. Inter Milaneko eta Milaneko izarrak ziren selekzioaren ardatza, baina jokalari gehienek Sardiniako Cagliari apalean jokatzen zuten -Italiako Liga irabazi zuen denboraldi hartan-.

Alemaniarrak, berriz, azken Munduko Kopan txapeldunorde izan ziren, Ingalaterraren aurkako Wembleyko final famatu hartan. Helmut Schoen hautatzaileak hori lortu zuten jokalari gehienengan berretsi zuen bere konfiantza; hamahiru eraman zituen Mexikora, eta haiei gehitu zitzaizkien bertze bederatzien artean zeuden Gerd Muller golegilea eta Berti Vogts atzelaria. Bayern Municheko hirukotea zen selekzioaren ikur nagusia: Franz Beckenbauer, Sepp Maier eta Muller bera.

Italia finalerdietara catenaccio-a bikain erabiliz ailegatu zen. Ligaxkan gol bakarra sartu zuen, eta hartu, bakarra ere ez. Final-laurdenetan, berriz, Riva eta Riveraren erasorako dohainek etxeko selekzioa, Mexiko, txikitu zuten (1-4). Alemania Federalak ere defentsa gogorra zuen, baina ikusgarriak ziren erasoan: finalerdiak baino lehen, hamahiru gol sartu zituzten denera.

Beckenbauer, sorbalda aterata

Partidako lehen minutuetan Italiaren defentsa izan zen nagusi. Alemaniarrak galdu antzera atera ziren, eta zortzigarren minuturako Boninsegnak gol bikaina sartu zuen Rivarekin hormarena egin ondotik. Lehen zatian Italiako defentsak aise eutsi zien Alemania Federalaren erasoaldiei, baina bigarren zatian gauzak aldatu ziren. Uwe Seelerrek, Jurgen Grabowskik eta Mullerrek etengabe aurkitu zituzten aukerak sortzeko zuloak, eta Wolfgang Overathek atea hutsik zuela langara jaurti zuen.

Partida bukatzeko ordu erdi inguru falta zela, Cerak sarrera gogorra egin zion Beckenbauerri, eta alemaniarrari sorbalda atera zitzaion. Hala ere, berriz ere bere lekuan paratu zioten, eta minari eutsiz, partida bukatzea lortu zuen. Gogorra eginen zitzaion, ordu erdi ez, ordubetez luzatu baitzen lehia, Schnellingerrek berdinketaren gola sartu zuelako arauzko 90 minutuak bukatzear zirela.

Luzapena eromen hutsa izan zen, gol festa. Hasi eta bortz minutura, Mullerrek aitzinetik paratu zuen Alemania Federala. Poza ez zen bozkario bilakatu, ordea, 99. minuturako Tarcisio Burgnichek 2-2koa sartu baitzuen, eta lehen zatia bukatzeko minutua falta zela Rivak aitzinetik paratu zuen Italia. Bigarren zatia hasi bezain pronto, alemaniarrek erasora jo zuten, eta 109. minuturako erdietsi zuten helburua. Mullerrek buruz sartu zuen gola. Torpedoa alemaniarren heroi bihurtzekotan zen, baina bi minutura zapuztu zioten poza. Boninsegnak ezkerraldetik jokaldia egin, eta penalti puntura pasatu zuen baloia. Riverak lehenbizikoan jo, eta ez zuen hutsik egin. Bederatzi minutu gelditzen ziren partida bukatzeko. Bi selekzioko jokalariak akituta zeuden, eta italiarrek garaipena segurtatzeko catenaccio-a baliatu zuten: defentsan itxi, baloiak kanpora bota, denbora galdu...

Azkenean, azzurro-ak pasatu ziren finalera. Hor, jada, ez catenaccio-ak, ez eta erasoko jokalarien kalitateak ez zien balio izan Brasili aitzin egiteko, eta 4-1 galdu zuten. Hala ere, Alemania Federalaren aurka jokatutako finalerdia bigarren Eurokopa irabaztea bezala izan zen, kontinenteko bi erraldoiak baitziren.

 


Italia 4

Alemania Federala 3

Italia. Albertosi; Burgnich, Facchetti, Cera, Rosato (Poletti 91. min), Bertini, Riva, Domenghini, Mazzola (Rivera 45. min), De Sisti eta Boninsegna.

Alemania Federala. Maier; Schnellinger, Beckenbauer, Schulz, Vogts, Seeler, Overath, Patzke (Held 63. min), Loehr (Libuda 53. min), Grabowski eta Muller.

Golak. 1-0: Boninsegnak (8. min), 1-1: Schnellingerrek (90. min), 1-2: Mullerrek (94. min), 2-2: Burgnichek (99. min), 3-2: Rivak (104. min), 3-3: Mullerrek (109. min), 4-3: Riverak (111. min).

Epailea. Arturo Yamasaki (Peru). Horia Italiako Rosatok, Domenghinik, eta De Sistik, eta Alemania Federaleko Mullerrek eta Overathek.

Bestelakoak. Azteca estadioa, Mexiko Hiria, 102.444 ikusle. 1970eko ekainaren 17a.

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia