Berria.eus

Larunbata, 2014ko abuztuak 23 - 05:33

2012-04-24

OSASUNA 1. MALAGA 1

Gaitz guztietan txikiena

Ninok 52. minutuan sartutako golarekin partida alde jarri zaio Osasunari, baina Malagak eskura eduki du gero 1-2koa

Lau jardunaldi falta direnean, nafarrek puntu batera dauzkate Europako Ligako postuak

Unai Zubeldia

Timor, Osasunako erdilaria, atzo, jokaldia egin nahian, Nekunam atzean begira duela. / IŅIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Golak: 1-0: Ninok (53. min.). 1-1: Cazorlak (67. min.). Epailea: Delgado Ferreiro. Txartel horia Osasunako Cejudo eta Damiari, eta Malagako Van Nistelrooyri. Bestelakoak: 15.000 ikusle inguru Nafarroako Erresuma futbol zelaian. Zelaiaren alde bat ur putzuz josita zegoen.

Aurkariak dena eskura jartzen ari direla aitortu zuen Jose Luis Mendilibarrek partidaren bezperan; Osasunak inoiz baino eskurago daukala datorren denboraldian Europan jokatzeko txartela. Eta hala da. Baina Europako Liga ziurtatzen hasi eta Txapeldunen Ligarekin ametsetan hasteko aukera polita galdu zuten atzo nafarrek. Malaga, kalitate handiko taldea, zeukan parean Osasunak; teknikoki askoz talde hobea. Baina Ninoren golarekin dena alde jarri zitzaienean hasi ziren sufritzen nafarrak, eta, azkenerako, gaitzetan txikiena izan zen berdinketa.

Etxeko taldeak hotz ekin zion partidari, eta lehen bost minutuak betetzerako bi gol aukera on eduki zituen Malagak. 45. segundoan Andres Fernandezen aurrean bakarrik geratu zen Joaquin, baina erdilariak huts egin zuen azken errematean. 3. minutuan, berriz, Iscok erdiratu, eta Rondonek eduki zuen gertu 0-1ekoa. Zelai erditik gora egiten duen presioa izaten da gehienetan Osasunaren indargunea. Eta Puņalek eta Nekunamek —Lekic eta Ninoren laguntzarekin— presio lan hori areagotu zutenean iritsi ziren etxekoen minuturik onenak.

Cejudok area ertzean egindako falta batean, abisuka jarraitu zuen Malagak. Baina 16. minutuan Puņalek ateratako falta batean, gutxigatik ez zen iritsi Flaņo errematera. Hurrengo jokaldian jaurtiketa ederra egin zuen Puņalek, baina ez zen eskasagoa izan Kameniren erantzuna. Nekunamek eta Timorrek ere eduki zuten aukera bana lehen zati horretan.

Hori bai, baloiaren kontrola eskuratzen zuten bakoitzean, Txapeldunen Ligako postuetan zergatik dauden erakutsi zuten espainiarrek. Monrealek atzeko lerroan jokaldia hasi, eta Sergio Sanchezek erdiraketa egin bitartean, bizpahiru jokaldi bikain landu zituen Malagak. Joaquin, Cazorla, Isco, Rondon... Kalitate handiko jokalariak dauzka Manuel Pellegrinik aurrean. Osasunaren mesedetan, Cazorlak lo hartu zuen Joaquinek bidalitako erdiraketa neurtuan. Eta Monrealek zutoinera bidali zuen baloia, ezkerrez egindako jaurtiketan.

Bigarren zati hasiera ona

Atzean hutsik ez egitea izan zen bi entrenatzaileen lehen helburu argia. Eta, hain zuzen ere, 53. minutuan Kamenik jokaldiari ekitean egindako hutsa baliatu zuen Osasunak 1-0ekoa lortzeko. Baloia ondo lapurtu, Cejudok Ninori erdiraketa neurtua bidali, eta aurrelariak ez zuen hutsik egin, buruz.

Kolpe horri azkar erantzuten saiatu zen Malaga, eta lortu zuen. Zelairatu berritan, Van Nistelrooyk abisua bidali zuen lehenengo, 61. minutuan, buruz egindako lehen errematean. Eta sei minutu geroago Cazorlak isilarazi zuen Nafarroako Erresuma, area ertzetik egindako jaurtiketa zoragarri batekin. Ireki egin zen partida Malagaren gol horrekin, eta gaitzetan txikiena izan zen berdinketa, bisitariek gertu eduki zutelako 1-2koa, Camachok langara bidalitako jaurtiketan eta Cazorlaren jaurtiketa onean, bereziki. Puntu batera dauka orain Osasunak Europako Ligarako txartela.



Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia