Berria.eus

Ostirala, 2014ko uztailak 25 - 08:47

KULTURA;2005-12-18;BERNARDO ATXAGA IDAZLEA . źLiteraturan zein bizitzeko eran ez dut kide handirik ikusten Euskal Herrian╗ bernardo atxaga

x

idazlea

«Literaturan zein bizitzeko eran ez dut kide handirik ikusten Euskal Herrian»



Politikaz, Euskal Herriaz, Obabaz, Euskal Hiriaz idatzi dituen gogoeten bilduma dakar Bernardo Atxagaren azken liburuak, aurreko liburu guztiak azaltzen dituena, aurrekoen ifrentzua osatzen duena.

ALBERTO BARANDIRAN - ALTSASU

Oinarri biografikoak dituzten kontakizunak bildu ditu Bernardo Atxagak (Asteasu, Gipuzkoa, 1951) Lekuak (Pamiela) azken liburuan. Biografikoak, jaioterriaz idatzi duelako, gogoko tokiez, poetikaz, pentsamenduaz, mundu ikuskeraz. Desertu batean bezala sentitzen dela dio.

Soinujolearen semea

liburua mundu bat ixteko modua izan zela esan zenuen. Baina liburu guztiak zabalik dauden leihoak dira, mundu berriak. Zeri zabaldu diozu liburu hau?

Hau lehengoaren isuri bat da. Soinujolearen semea

bost urtean idatzitako liburua da, ahalegin poetikoa. Poesiarekin maitasunaz esaten dena gertatzen da: «zein gutxi dakien maitaleak maitasunaz maitasuna joaten denean». Halaxe, zure mundu poetikoari, halako batean, muzin egiten diozu. Ez dakizu zergatik, baina ez duzu lehen bezala sentitzen eta ikusten. Gaztetan hainbeste aldiz entzundako kantuak ez dizu inolako zirrararik eragiten╔ Poetika horren inguruko ideiak, elkarrizketak, nekagarriak iruditzen zaizkizu. Nobela izan zen mundu hori utzi aurreko azken zeremonia. Eta oso hitz zehatza erabili nahian esaten dut zeremonia

. Tonuagatik, edertasun ahaleginagatik. Jakina, liburu horren oinarrian literaturari, Euskal Herriari, poesiari buruzko teoria bat zegoen, eta Lekuak

liburuan hori erakusten dut. Nola ikusi dudan Obaba, ze iritzi izan dudan egoera politikoaz, zer ikusi dudan beste herrialdeetan. Berria tonua dela uste dut. Bilbografian

dagoen tonua, edo artikulu moduko batzuetan dagoen umorea╔ Gerora egingo dudana erakusten du.

Behin zeremonia eginda, atzera begiratu eta nola ikusten duzu hori guztia? Ederragoa da, itsusiagoa?

Arrotz ikusten dut. Beste norbaitena balitz bezala. Auzi gehienetan egon naiz, irakurketetan, hitzaldietan, inor baino gehiago ibili naiz errepidean seguru asko╔ Eta horrelako agurra egiten duzunean, ja ez duzu iritzirik utzi duzunari buruz, zeure buruaz baizik. Eta zeure burua desertu batean ikusten duzu. Bai poesian, bai nobeletan, bai liburuetako ideietan, bizitzeko nire moduan ere, ez dut ikusten kide handirik Euskal Herrian. Eta, alde batetik, larritzen zara; baina, bestetik, oso libre sentitzen zara. Bi sentimendu horien nahasketa edo. Azken batean, zure iragana da. Eta hor uztea erabaki dut nik, apalategian edo. Eta desertu batean sentitzen naiz.

Baina, era berean, hemen oso errotuta, oso inplikatuta zaude, edo egon zara, gauza askorekin. Iruditzen zait garai batean urrunago ibili zinela.

Baina ez dakit. Agian, lehen hobeto jokatu nuen. Ez nago oso pozik nire inplikazioarekin. Alde horretatik, oso ezkor nago. Egia da azken bost-zazpi urteotan ibili behar izan dudala arrisku batekin, eta ahalegin handia izan da. Jokatu dut eta galdu egin dut. Horrelako joera, aurrean hizketakiderik izanda, oso onuragarria da, niretzat ez ezik, giroarentzat. Baina ez dago hizketakiderik. Hizketakidea ez da zerbait eskatzen dizuna, hitz honekin ados egon beharko zenukeela esaten dizuna╔ Hori gorra da zurekiko, eta erabili egin nahi zaitu, zernahi bezala. Azken batean, joko honetan, eta barkatu horrela esatea, fanatikoek abantaila guztiak dituzte. Beraiek beti doaz lerro berean beren txarangarekin. Eta aldamenetik, tartean, hizketaldiak egin nahi dituzu, gauzak azaldu╔ Ez dut federik. Uste dut lehen jakintsuagoa nintzela. «Hor konpon zaitezte!». Berriro hor nago. Ez nuke nahi, baina halaxe da.

Liburu honetan dauden gauza asko ia behartuta idatzi behar izan duzu. Baina badago ahalegin bat ere zure mundu poetikotik jaitsi eta eguneroko gauzak jorratzeko. Ahalegina nekagarria da, diozu. Merezi izan du?

Nire aurren-aurreneko zorra idazle lanarekin dut. Zernahi baldintzatan ere, presiopean ere, egiari atxikita eta suziri kritika piztuta utzita, hortik abiatu. Egia eta poesia uztartu. Eta beharbada teoriko batek egingo ez lukeen testu bat egin, beste irakurketa bideratzen duena. Esaterako, Euzkaditik Euskadira

artikulua presio baten pean idatzi nuen. Iruditzen zitzaidan asko eta gehiegi ere hitz egiten zela, eta ez zegoela inolako egiarik. Gogoeta bat egin behar nuela iruditzen zitzaidan. Baina iruditzen zait, pieza gisa, hemendik hamabost urtera ere balioko duela. Ez diot akatsik aurkitzen.

Eta mezua iristen da? Lortzen duzu jendeak zuk esan nahi duzuna ulertzea?

Baietz uste dut. Sektore batean, erabat sentitzen dut, eta beste sektore batean sentitzen dut haiei ez diela arduratzen zer entzuten duten edo zer esaten duten. Haiek toki berean daude, betiko. Ez zaituzte aintzat hartzen. Ez da nire kasua bakarrik; leku askotan sumatzen dut. Lehen esaten zen bi Espainia zeudela; bada, hemen bi Euskadi daude. Eta ikusiko dugu etorkizunak zer dakarren.

«Idazle lanetan gabiltzanon ultrasentiberatasuna» aipatu du, inguruan gertatzen denarekiko minberatasun berezia. Gero, itxurakeriaz hasi da, haserre:«Hemen inoiz ez dakizu benetako pentsamendua zein den. Benetakoa, errealitateari atxikia esan nahi dut. Gauza bat da errepresentazioa, baina jendeak ez du egia esaten. Ez da zintzo bizi. Euskal Herrian ez da ezer ulertzen. Horregatik, hemen daukagu Europako azken talde armatua edo dena delakoa, hemen dauzkagu independentismo bitxi batzuk, eternalak, 2600. urtean ere hortxe egongo direnak╔».

Desioetan oinarritutako herria ote?

Hori edertzea da. Desioetan, edo oso goxo bizitzeko modu batean. Hemen, esaten dugunaren haritik eskatuko balitzaigu, izugarria izango litzateke.

Leku batekoa sentitzen zara?

Leku batekoa baino gehiago, leku batzuetakoa. Leku batekiko harremana ez duzu zertan ideologia baten galbahetik pasatu, eta modu askotara interpreta dezakezu. Ni, zalantzarik gabe, nire jaioterrikoa naiz. Eta harreman berezia daukat Bilborekin. Eta Marokorekin. Politikaren arlora pasatzean ez nekike esaten lekukotasun honek zer antolamendu, zer izen beharko lukeen. Euskal Hiria erabiltzen dut, baina metafora hutsa da. Euskal Hiria izango litzateke nire lekua? Nik ez dut ezagutuko.

Liburua, antolatuta dagoen bezala, Obabatik ateratzen da; gero, Frantziara, Marokora eta Bilbora. Euskal Herritik Euskal Hirira.

Bai, neure buruari proposatutako bidaia hori da. Ez daukat zalantzarik, Euskal Herri osoa hiritartzea nahi nuke, hori gertatu ezean ez delako leku interesgarririk izango. Eta horrek egiten nau, beharbada, desarrollista, eta egia da. Beti dago akatsen bat, ez dago teoria garden politik. Horrek kostu bat izango duela? Dudarik ez. Baina ni beti izan naiz autobien aldekoa, Y grekoaren aldekoa, eta oso garrantzi handikoa iruditu zait Baionatik Bilbora ordubetean joatea, edo ordu eta erdian╔

Nahiz eta, bide batez, Asteasu suntsitu?

Bueno, ba bai. Halaxe da. Nik horrela pentsatzen dut. Bueno, Asteasu╔ ez jendea, ez etxeak. Baina, noski, maila irrealean ari gara; hau alegoria bat da. Maila batean horrela hasiko ginateke, proposamen batekin: hiritartu dezagun Euskal Herria, baita fisikoki ere. Hizketakidea aurrean jarriz gero, eta zuk esan didazuna esango balit, orduan hasiko ginateke mintzatzen. Asteasu esango balidate╔ baina norbaitek esango balit urtxintxa mota bat galduko dela ez dakit zer muinoaren gailurrean, esango nuke, «barkatu, baina urtxintxa joan dadila beste baso batera». Ze, naturari buruzko irizpide batzuk╔

Baina horrek hiritik kanpoko mundu horren erabateko suntsipena ekarriko luke...

Baina zuk pentsa ezazu folk musika ez zela Texas edo Mexiko Berriko inguruetan sortu, hirietan baizik. Hirietako ezker batek ekarri zituen berriro folka eta mugimendu hori.

Baina herriak existitu ez balira, ez zen folk musikarik sortuko.

Eta, hiriaren ezean, zer gertatuko litzateke herri horrekin? Nahi baduzu, nire inpresioa esango dizut. Oso inpresio txarra da. Akaso, ez zinen konturatuko, baina herri txiki askok oso suburbio itxura txarra daukate. Oso-oso txarra. Eta ez dago inolako harremanik 50eko urteetan ez ezik 80ko urteetan ere izan zuten itxurarekin. Akaso, baikorregia izango da esatea hiriak lehengo mundu hori berreskuratzea ekar dezakeela, baina nik uste dut are baikorragoa dela pentsatzea hiririk gabe herri txikietako mundu hori aurrera aterako dela.

Eta nortasuna, eta hori guztia, hirietan?

Ez dakit, ba. Itxuraren arabera, hiritartzea izango litzateke euskal mundua deitu dudanaren bukaera. Eta nik kontrakoa uste dut. Ez dakit hiriak mundu hori errekuperatuko duen, ez dakit euskal mundua deitu dudan horrentzako auzunerik lortuko duen, baina hor euskaltasunarentzat, gure kulturarentzat, guk jaso dugunarentzat, gure gurasoengandik etorri zaigunarentzat edo hemengo jende askok aukeratu duenarentzat, nahi duenarentzat leku bat egon daitekeela iruditzen zait. Hori izan ezean, modu tradizionalean eta, XIX. mendetik datozen teoria politikoekin eta, iruditzen zait ezetz.

Konprometitzea, zuretzat, zer da?

Hitz horrek merezi duena da aurrena askatasunarekin konprometitzea, gero egiarekin eta hurrena norberaren jatorriarekin. Gaur egun eta azken urteotan, euskaraz ari naiz, ni euskalduna jaio naizelako, euskaldun bizi naizelako eta ez dudalako neure buruaz beste egin nahi zentzu honetan. Oso atxikita nago kultura bati, eta askotan pentsatu dut leialtasuna, zentzu honetan, dohain bat dela.

Lekuak

liburuan, Obabatik abiatzen zara, munduan barrena ibili eta Bilbon amaitzeko. Bizitza itzultzea da?

Hori da nire esperientzia. Ikusi dut bere bizitzaz eta bere munduan egoteko moduaz batere ardura ez duen jendea. Ikara bategatik edo. Zurrunbiloan mozkortuta bezala bizi dira, eta ez dute beren bizitzan pentsatu nahi. Eta, igual, ondo dago. Baina, poetikoki pentsatuz gero, dudarik gabe, itzulera sentimendua izugarria da. Akaso, izateko modua da. Izaera poetikoa da, munduan egoteko modua.







 



«Euskarari buruz egiten den antzezlana erabat faltsua da»



«Eta errespetu guztiarekin Arnaldo Otegiri, baina berak bi liburu idatzi ditu: Mañana, Euskal Herria eta Euskal Herria, bihar. Ez bat. Eta kontuak egitean jakingo dugu zein liburu saldu den gehien. Horrek dauka garrantzia, hori da datua, errealitatea. Gainontzeko guztia antzezlana da, soluzioak atzeratu baizik egiten ez dituena. Bistakoa da. Euskarari buruzko errepresentazioa erabat faltsua da. E-ra-bat.»Aurrekoan diru asko kostatako liburua iritsi zen etxera. Tartean Jaurlaritza, aldundiak eta ez dakit zein. Hiru hizkuntza zeuden, eta euskaraz, beltzean. Hau da, hori sinatzen duten guztien iritziz, benetan ardura duen hizkuntza garrantzitsuena euskara da. Horrek dakarren guztiarekin, noski: politika bat justifikatzen duela, esaterako. Ba, esango dizut: Estatu Batuetan beltz bati hori egingo baliote, epaiketa egongo litzateke. Zergatik? Mespretxua delako hor egiten dena. Ingelesezko testua perfektu dago. Gaztelaniazkoa perfektu dago. Eta euskaraz, lotsagarri. Itzultzailea, h-rekin, esaterako. Hori ulertzen ez duenak ez daki non bizi den. Oso gauza larria da. Eta barregarria da inork pentsatzea ni baino euskaltzaleagoa dela diskurtso sasi itsusi, mespretxatzaile, gezurti hori babesten duelako. Ni baino tontoagoa izango da, baina ez ni baino euskaltzaleagoa. Horixe esan nahi dut. Jendea ez al da konturatzen?»Arzalluzek, esaterako, oso liburu interesgarria atera du. Ez diot ezer kentzen. Soilik kontutxo bat: zergatik ez du liburua euskaraz ateratzen? Atera zaigulako esanez «hori nire bekatua da». Baina ni ere egon nintzen Elizan hamalau urte arte, eta oso ahazkorra ez banaiz, bekatuarekin batera damua bazetorrela badakit. Eta gero penitentzia zetorrela badakit, eta gero asmoa, hau da, aldatzeko asmoa. Beraz, zergatik atera du Arzalluzek liburua erdaraz? Eta berak honengatik, honengatik eta honengatik esan beharko luke. Eta orduan jakingo genuke benetako errealitatea zein den. Baina, hori esan beharrean, bestea esaten du, betiko diskurtsoa alegia.»Ez dugu beste mundura pasatu nahi inozo bezala. Ezin dizuet sinistu. Barkatu, baina ezin dizuet sinistu».





Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia