Berria.eus

Larunbata, 2014ko uztailak 26 - 09:06

2012-04-03

FARCen azken bahituak, aske

Atzo gauerdian gerrillaren esku zeuden hamar militar eta poliziak aske uztekoak ziren; Cordobak dio «bakerako keinua» dela

Santos presidenteak adierazi du urrats garrantzitsua dela baina ez dela nahikoa

Elixabet Epelde

FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarraren esku zeuden azken hamar polizia eta militarrak bart gauerdian ziren aske uztekoak. Operazioa martxan jarri aurretik, Piedad Cordoba Kolonbiako senatari ohiak eta CCP Bakearen Aldeko Kolonbiarrak elkarteko presidenteak adierazi zuen atzera bueltarik ez duen erabakia dela: «Eguraldiak baizik ezin du prozesua oztopatu». Eta, hain justu, euriaren eraginez espero baino bi ordu geroago abiatu zen erreskaterako helikopteroa.

Egun guztian nahasmena izan zen nagusi, eta operazioaren inguruko informazio kontrajarriak zabaldu zituzten. Hasiera batean hamahiru eta hamalau urte bitartean bahituta daramaten sei poliziak eta lau militarrak bi txandatan askatzea zen asmoa: erdiak atzo eta gainontzekoak bihar. Nazioarteko Gurutze Gorriko bi kide, eta CCPko beste bi kide joan ziren helikopteroan bahituen bila: Cordoba bera eta Olga Amparo Diaz Bogotako Emakumearen Etxea elkarteko zuzendaria. «Alde bakarreko bake keinua» izan da FARCena, Cordobaren ustez. Alderdi Liberaleko kideari 2010ean kendu zioten senatari kargua, FARCekin kolaboratzea egotzita, eta bahituak aske uzteko negoziazioetan aritu da. Gerrillaren urratsa bakea hauspotzen duen erabaki politiko bat dela dio, eta gobernuak hala ulertzeko esperantza galdu ez badu ere, ezkor agertu da. «Bahituak non askatuko zituzten iragarri genuenetik ezohiko bonbardaketak egin dituzte inguru horretan. Horrek agerian uzten du bahituak aske uztea ez dutela bakerako ekintza gisa ulertzen», salatu du.

Alde bakarrak egin du urratsa eta ondorengo pausoak gobernuari dagozkiola uste du senatari ohiak. «FARCen borondaterik gabe bahituak ez lirateke aske egongo». Hori horrela bake politikoa eraikitzeko ardura orain Juan Manuel Santos presidentearena dela esan du Cordobak. «Nazkatuta gaude gerrarekin». Presidenteak, berriz, urratsa garrantzitsutzat jo badu ere, esan du ez dela nahikoa. Elkarrizketa politikoa abiarazteko bahituak aske uzteaz gain beste hainbat baldintza ezarri dizkio gobernuak FARCi: eraso guztiak gelditzea, «drogarekin trafikatzeari uztea» eta «haurrak errekrutatzeari lagatzea».

Euskal ordezkaritza

Bakerako Munduko Emakumeak elkarteak Kolonbian egon nahi izan du azken bahituak aske uzten zituzten egunean. Gatazka konpontzen laguntzeko eta egoera bertatik bertara ezagutzeko jo dute bertara Rigoberta Menchu bakearen Nobel saridunak, Mirta Baravalle Argentinako Maiatzaren Plazako Amen ordezkariak eta Socorro Gomes Bakerako Mundu Batzordeko kideak, besteak beste. Amaiurreko diputatu Maite Aristegi ere Kolonbian da Bakerako Munduko Emakumeak taldearekin, eta hark kontatu duenez gatazkaren biktimek itxaropentsu hartu dute berria. «Urrats honek Kolonbia bake bidean jarriko duen eszenatoki batera eramatea da euren nahia».

Gatazkaren bi aldeetako biktimekin bildu da Aristegi, eta «guztientzat justizia» eskatzen dutela azaldu du. Gobernuaren jokabideak, dena den zalantzak piztu dituela dio Amaiurreko diputatuak. «Alvaro Uribe [presidente ohia] presio handia egiten ari da, ez baitute gerratik atera nahi. Gutxiengoa den oligarkiaren interesak daude gerraren atzean». Santosek orain arte eman dituen pausoek ere ez diote itxaropenari bide egiten Aristegik kontatu duenez.

Iragan astean hain justu, FARCeko 36 lagun hil zituen armadak Meta eskualdean. Juan Carlos Pinzon Defentsa ministroaren hitzetan, erakundeko «blokerik handienetakoa» desegin zuten operazioan, eta tartean hiru buruzagi zeudela esan zuen. Bi aste lehenago, berriz, 31 matxino hil zituzten. Aristegik ez du uste horrelako ekintzek bake bidean laguntzen dutenik: «Hildako horiek saihestu zitezkeen».

2002an hautsi zen FARCen eta gobernuaren arteko azken negoziazio saiakera. Orduan orain baino indartsuago zegoen erakundea eta 300 lagunetik gora zituen bahituta. Azken bahituak aske uztea ahultasunaren adierazle dela nabarmendu dute negoziazioari uko egiten diotenek.



 

Txanpon beraren bi aldeak

Santosek, kargua hartu berritan, Uriberekiko haustura iragarri zuen FARCen kontrako borrokan. Segurtasun gaietan, baina, aurrekoaren estrategiari eutsi dio.

E.E.

Karguaren zina egiterakoan hautsi zuen Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak Alvaro Uribe presidente ohiarekin zuen harreman idilikoa. Eskuz esku aritu ziren ordura arte: Santos Defentsa Ministerioaren gidaritzan Uriberen agintaldian, eta Uribe Santosen kabinetean presidentetzara bidean. «Elkar behar zuten une hartan», azaldu du Marcela Prieto Zientzia Politikoen Hernan Echavarria Olozaga Institutuko zuzendariak. Baina egungo presidenteak aurrekoaren politika militarista alboratuko zuela hitz emanez hasi zuen agintaldia, bien arteko adostasuna erabatekoa ez zela agerian utziz. «Baldintzak ahalbidetzen dutenean» bake prozesu bat abiarazteko promesa ere egin zuen. Bi politikarien arteko ezinikusia geroz eta agerikoagoa den arren, eta diskurtso aldenduak izanagatik, txanpon beraren bi aurpegi direla sinesten hasiak dira herrialdea astintzen duen gatazka politikoaren biktimak.

Uribek dio bere ideiek Santosi boterera iristen lagundu ziotela, baina kexu da agintzeko ez diotela balio esanez. FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarren aurkako borroka da bien obsesioa. Borroka hori egiteko moduak aldendu ditu, ordea, Uribe eta Santos. Lehenak estrategia militarra hautatu zuen, eta herrialdearen gidaritzan eman zituen zortzi urteetan muturreraino eraman zuen estrategia hori. Bigarrena diskurtso berrituarekin iritsi zen, giza eskubideak errespetatu behar direla aldarrikatuz. «Santosek Kolonbian bakea sinatzen duena izan nahi du, eta horrekin obsesio puntu bat ere badauka», dio Prietok.

Jazarpena, bere horretan

Herrialdearen militarizazioak, dena den, bere horretan jarraitzen du, eta baita giza eskubideen defendatzaileen aurkako jazarpenak ere. Are gehiago, Santos presidentetzara iritsi denetik hazi egin dela salatu dute ekintzaileek. Hori horrela, Kolonbiak nazioartean irudia hobetu badu ere, herrialdean gauzak aldatu direnik zalantzan jartzen dute oposizioko kide askok.

Segurtasun alorrean Uriberen bidea jarraitu du haren ondorengoak. Hori agerian geratu da FARCeko hainbat buruzagiren aurkako operazioekin —Alfonso Cano erakundeko komandante buruaren hilketa, besteak beste—.

Santosen eta Uriberen artean hausturarik handiena biktimen trataerak eragin du. Biktimen eta Lurren Itzultzearen Legea aurrera ateratzea izan da egungo presidentearen egiteko nagusia 2010ean boterera heldu zenetik, Uribek gogor kritikatu duen proposamena, hain zuzen. Bi milioi hektarea itzuli nahi dizkie delitu ezberdinen biktima izan diren kasik lau milioi laguni. Indarrez desplazatuak izan direnei, bahituak izan direnei edota gatazkaren erruz senideren bat galdu dutenei bideratuta egin du lege proposamena.

MOVICE Estatuaren Krimenen Biktimen Mugimendu Nazionalak, baina, ez du gobernuak bezain beste txalotu lege berria, zer nahi zuten galdetu gabe egin zutela salatu baitu. Horrez gain, gertatutakoa berriz ez errepikatzeko bermerik ematen ez duela kritikatu du, eta giza eskubideen urraketa sistematikoak bere horretan jarraitzen dutela.

Elkarri mokoka dabiltzan Uriberen eta haren oinordekoaren arteko aldeak dirudiena bezain handiak ez direla esan du Prieto politologoak, eta oraindik ere adierazten dutena baino gehiago behar dutela elkar.



Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia