Berria.eus

Larunbata, 2014ko abuztuak 30 - 18:11

2012-04-10

Irakeko okupazioaren ondorena (eta V). Erresistentzia. 1920ko Iraultzaren Brigada talde armatuko komandanteburua

Amerikarren eta irandarren morroiak ditugu jomugan

AEBetako tropak abenduan erretiratu arren, herrialdea oraindik okupaziopean ikusten dute batzuek. Irakeko erresistentzia sunitaren klabe nagusiak jaso ditu BERRIAk, esklusiban.

Karlos Zurutuza Herria

Berriemaile berezia

KARLOS ZURUTUZA



Bagdaden dago hitzordua jarrita: tokia eta ordua azken unean zehaztuko dira. Gizonak esan du Saad duela izena, eta berehala hainbat dokumentu eskura jarri ditu. Zerrendak dira, egungo Irakeko aginte postuetako izenak daude han. Denak xiitak dira. Apenas dagoen sunita bat ere Irakeko administrazioan, eta are gutxiago segurtasun indarretan. Bere brigadaren helburuak ote? Luze erantzuteko parada izan du.

Nola dago antolatua erresistentzia sunita gaurko Iraken?

Inbasioaren eraginez, talde armatu asko sortu eta elkartu ziren. Mugimendu erlijiosoak daude, Ansar al-Sunna edo gurea kasu, bai eta sekularrak diren beste batzuk ere. 1920ko Iraultzaren Brigada eta beste hamabi talde, JAF Jihad eta Aldaketarako Frontea izeneko erakunde baten barruan gaude. Zelula bakunetan antolatzen gara, kanpoko infiltrazioak saihestearren. Argitu nahi nuke JAF erakundeak hamahiru talde biltzen dituela, baina ez Al-Qaedako kiderik. Azken horiek euren agenda propioa dute, eta ez daukagu inolako zerikusirik edo harremanik haiekin. Armak direla eta, lehenagoko erregimeneko kuartel eta biltegitik atera genituen, inbasioa hasi bezain laster. Gobernuaren menpeko komunikabideek Al-Qaedako kideak garela diote behin eta berriz, edo Baath alderdikoak. Baina, lehen esan dudan bezala, okupazioaren kontra borrokatu garen jendea baino ez gara gu.

Baath alderdiko kide ohiak ere JAF barruan al daude? Zein da haien benetako ahalmena?

Ez daude JAFen barruan. Nik dakidala, baathistek unitate bakarra daukate, eta eremu gutxitan dira erasotzeko gai.

1920ko Iraultzaren Brigadako komandantea zara. Nortzuk zarete zuek?

Amerikarrak sartu baino lehen sortu genuen 1920ko Iraultzaren Brigada, berehala jabetu baikinen inbasio bat izango genuela laster. Izan ere, antolatu zen lehen taldea izan ginen. Gure lehen ekintza 2003ko maiatzaren 20an egin genuen, amerikar ibilgailu baten kontra, Mosulen. Antzekoa izan zen gure azken operazioa, iragan abenduan, Bagdad iparraldeko amerikarren Baker basearen kontra. JAFeko beste kide batzuek martxoaren 27an jo zuten Bagdadeko aireportua, Katyusha jaurtigailuekin. Egun, gure brigada herrialdearen bi herenetan ekintzak egiteko gai da, gure komandanteen aginduetara edozein momentutan erasotzeko.

Amerikarrek iragan abenduan alde egin izanak ez al zion bukaera eman okupazioari?

Alemaniak Frantzia inbaditu zuenean Bigarren Mundu Gerran, Vichyko gobernu txotxongiloa utzi zuen atzean. Frantziako erresistentziak haren kontra borrokatzen jarraitu zuen eta, funtsean, gauza bera egiten ari gara gu. Amerikarren kontra borrokatu ginen gure herrialdea inbaditu zutenean, eta haiek utzitako gobernu kolaboratzailearen kontra orain. Halaber, Iraken Irango esku hartzea errazten duen oro gure etsaia da. Bagdadeko segurtasun indarrak eta haien agintariak, mertzenarioak, xiita miliziak… Amerikarren eta irandarren morroiak ditugu jomugan.

Gerran hildako eta zauritutako amerikarren benetako datuak jakiteke daude oraindik. Zeintzuk dira zuenak?

Argitu nahi dugu amerikarrek emandako datuak ez direla errealak. 40.000 soldadu baino gehiago hil dira Iraken, eta 250.000 zauriturik atera dira.

Sunitok diskriminazioa pairatzen ari zaretela diozue, Iranek kontrolatutako alderdi politikoen esku. Azalduko zenuke baieztapen hori?

Irakeko sunitok boteretik erabat baztertu gaituzte xiitek, eta ia ez daukagu ordezkaririk instituzioetan. Esaterako, Barne Ministerioan %3 baino ez dira sunitak, eta %9 Defentsa Ministerioan… Segurtasuna kudeatzen duten bederatzi departamentuetan xiitak dira buruzagi guztiak. Egungo komandante asko Saddam Husseinekin ere maila goreneko ofizialak ziren; xiitek postuak mantendu dituzte, baina ez sunitek. Aldi berean, Polizia Federalaren entrenamenduaren %80 Iranen egiten dute eta Iran-Irak gerran parte hartutako 150 pilotu entregatu dizkio Bagdadek Teherani berriki. Ez dakigu ezer horietaz.

Gizarte zibilaren egoera ez da hobea. Egun, 300.000 preso sunita daude Iraken, gehienak errugabeak. Aldi berean, ohikoak dira suniten kontrako exekuzioak. Haietako askori aitorpen faltsuak atera dizkiote torturen bidez.

Xiitek herritarren %60 osatzen omen dute. Errealista al da guztiz armatutako gehiengo bati aurre egitea?

Hain justu, amerikarrek zabaldu zituzten populazioari buruzko datu faltsu horiek, eta, jakina, Iranek hobetsi egin du bertsio hori. Edonola ere, badago modu erraz eta fidagarriagoa egiazko zenbakiak jakiteko. Blokeoaren garaiko janari kupoiak zenbatzea besterik ez da behar, haietako bakoitzak bere jabearen etnia edota erlijioa jasotzen baitu. Aldi berean, ez ahaztu kurdu gehienak sunitak direla, baita turkomanoak ere. Gobernuak ederki asko daki hori, eta Irango jatorria duten askori Irakeko pasaportea ere eman die.

1920ko Brigadako ustezko hainbat kidek amerikarrekin bat egin zuten 2007an, Al-Qaedaren kontra borrokatzeko. Nola uler daiteke hori?

Diyala eskualdean, gure hainbat kide ohiek amerikarrekin bat egin zuten Al-Qaedaren kontra borrokatzeko, baina Hamas Iraq izeneko erakunde bat eratua zuten jada. Gauza jakina da sunita gerlari ugari Sahwan sartu zirela —gobernuaren aldeko talde paramilitarra—, baina gutako inork ez du inoiz bat egin, ez inbaditzaileekin, ezta atzean utzitako gobernu txotxongiloarekin ere.

Beraz, Sahwako kideak ere zuen jomugan al daude egun?

Haietako bi mota daude: soldata batengatik sartu zirenak eta erresistentziaren kontra sutsu borrokatu direnak. Lehenengoei armak bertan behera uzteko eta gurekin bat egiteko eskatu nahi diegu. Besteei zera esan nahi diegu: merezi duten zigorra aurki jasoko dutela.

Sirian ere ari al zarete borrokatzen?

Nahiago dut ezer ez esan gai horren inguruan.

Irakeko Gobernua behin eta berriz esaten ari da borrokalari sunitekin bidean dela jada senidetze prozesua, amerikarrek alde egin ostean. Egia al da?

Inola ere ez. Nola liteke lehenago eman dizkizudan bazterketari buruzko datu horiekin guztiekin? Nola senidetu erabat baztertzen gaituen sistema batekin? Tokirik al dago guretzat estatu horretan?

Nazioarteko komunitateari mezurik helarazi nahi al zenioke?

Munduak jakin beharko luke gure jendea akabatzen ari den jendearen eskuetan dagoela Irak. Gure herrialdea hondakinetan dago. Gerrak milioi eta erdi hildako eragin ditu, milioi bat alargun eta lau milioi umezurtz. Egoera honen errudunen erantzukizuna da herrialdea berreraikitzea. Inork ez dezala inoiz ahaztu gezur batean sustraitutako inbasio basatia eta arrazoigabea pairatu dugula irakiarrok: Iraken suntsipen handiko armak zeudela zioen gezurrean.



 

Indar paraleloak

Okupazioaren kontra urteetan borrokatu arren, Irakeko xiita talde paramilitarren agenda eta sunitena oso desberdinak dira. Bi milizia xiita handienek, Mahdik eta Badrek, harreman zuzena dute gobernuarekin.

Karlos Zurutuza Bagdad

Moqtada Al-Sadr buru erlijioso eta politikoak sortutako Mahdi taldea dugu xiita milizia ezagunena. 2003an eratu zen, beste hainbat talde matxinaturekin batera, eta horko kideak Irakeko xiita eskualde txiroenetatik datoz, baita Bagdadeko Thaura auzotik ere —Sadr City ere esaten diote—.

2004ko ekainaren 6an, Mahdiko miliziakoek lehen su-etena deklaratu zuten, baina urte bereko abuztuan hautsi zen. Gerlariak amerikarren kontra bideratzen zituen bitartean, Moqtada Al-Sadrek bere alderdi politikoa sortzeari ekin zion, 2005eko hauteskundeetan parte hartu ahal izateko. Azkenean, seigarren gelditu zen Al-Sadren koalizioa.

Al-Sadren milizianoek amerikarren kontrako borroka sutsuari ekin zioten lau urtez, eta tartean hainbat su-eten izan ziren. 2008an, baina, Mahdi miliziak berebiziko zigorra jaso zuen Basora, Kerbala eta Najafeko euren gotorlekuetan eta, azkenik, Al-Sadrek behin betiko su etena deklaratu zuen maiatzaren 10ean.

Xiitak jada nagusi ziren Iraken, buruzagi erlijiosoak politikaren bideari ekin zion berriro ere eta 2010eko hauteskundeetan gobernurako giltza bilakatu zen al-Sadren alderdia: hauteskundeak Iraqiyak —boto sunita biltzen zuen koalizioak— irabazi arren, Nuri Al-Malikiri ireki zizkion Al-Sadrek gobernuko ateak; xiita hura ere.

Amerikarrek presio handia ezarri ohi dute Al-Malikiren herrialdean oraindik aktibo diren bi milizia xiitak desarmatzeko, baina, espero bezala, alferrikako ahalegina izan da hura. Arlo politikoan ez ezik, armadan, Polizian eta, oro har, Irakeko segurtasun indarretan eragin handia omen du Mahdi miliziak. Askok diote gobernuko indar armatu paralelo bilakatu direla Al-Sadren gizonak.

Teheranen itzala

Badr Erakundea dugu Irakeko beste talde armatu xiita nagusia, eta Al-Malikiren alde garbi lerrokatuta dago egun. Irakeko Islamiar Kontseilu Goreneko beso militarra da Badr Erakundea, eta Kerbala hiri santuan da indartsu, bai eta Irak hegoaldeko beste hainbat eskualdetan ere. Iranen zeuden irakiar errefuxiatuek sortu zuten Badr Erakundea, Teheranek lagunduta. Iran-Irak gerrak iraun bitartean, Saddam Husseinen kontra borrokatzeko eratu zen talde armatua.

1988an, Iranen kontrako gerra bukatu ondoren, Badr Erakundeko kideak Iranen gelditu ziren, eta Hussein boteretik baztertu zenean baino ez ziren bueltatu Irakera, 2003an. Orduan, Badreko miliziano ugari Irakeko segurtasun indar berrietan sartu ziren, beste sunita nahiz xiita matxinoen kontra borrokatzeko.

Hainbat adituren ustetan, Iranek hornitzen ditu bi talde horiek, prestakuntza, logistika eta diruaren bidez. Era berean, milizianoak bi herrialdeen arteko mugan zehar askatasun osoz mugitzen direla esan ohi da.

Azken hilabeteotan homosexualen kontrako kanpaina bortitza egitea leporatu diote al-Sadren miliziari. Halaber, hainbat sektorek salatu dute talde armatuok xiita auzoetan bizi diren suniten kontrako erasoak egin dituztela. Helburua zera litzateke, populazio sunita murriztea edo desplazatzea, egun berpizten ari den ondoez sektarioan.

Baliteke bi milizia xiita horiek Sirian aktiboak izatea egun. BERRIAk Anbar eskualde sunitan jaso duenez, haietako hainbat muga zeharkatzen ari dira Al-Assaden armadarekin bat egiteko. Siria da Iranek duen aliatu bakarra Ekialde Hurbilean. Teheranek Irakeko milizia xiitei emandako ustezko babesa Siriako lurretaraino iritsiko litzateke horrela.



 

Israel kezkatuta dago Irakek abiarazitako programa militarrarekin

AEBek Bagdadi saldutako hegazkinek Tel Aviven aireko nagusitasuna zalantzan jarriko duten beldur da

Erredakzioa

Hainbat hedabideren arabera, Israel hurbiletik zaintzen ari da Irak, iragarritako programa militarrare bidez, eta adierazpen publikorik egin ez duen arren, Tel Aviv kezkatuta dago horrekin, Iranek Bagdadeko agintariengan izan dezakeen eraginagatik. Haren programa nuklearra dela eta, Israelek Irani erasotzeko mehatxua egina du, eta gerra lehertuz gero, Iraken posizioaren beldur dira Israelgo militarrak, The Jerusalem Post-ek dioenez, Tel Aviveko zerbitzu sekretuetako iturriak aipatuz. Irakek 85.000 milioi dolarreko programa militarra aurkeztu du —ia 65.000 milioi euro—.

The Jerusalem Post-en arabera, Israelen kezka iturri nagusienetako bat AEBek Iraki egindako gerra hegazkinen salmenta izan da. Zerbitzu sekretuetako iturriak Jerusalemgo egunkariari adierazi dionez, Bagdadi saldutako F-16 hegazkinak lehendik Israeli saldutakoen konfigurazio berekoak dira. Horren arabera, AEBek Ekialde Hurbilean betidanik izandako politika hautsi nahi dute, Israeli beti saldu diotelako gainerako aliatuei —Saudi Arabiari, Egiptori edo Jordaniari, adibidez— baino teknologia aurreratuagoa. Hain zuzen, Israelek du aireko armada boteretsuena Ekialde Hurbilean. 1981ean Israelgo hegazkinek erreaktore nuklear bat eraikitzeko lanak suntsitu zituzten Iraken, Bagdadetik 17 kilometrora.

Ongi neurtutako salmenta

AEBetako Defense Industry Daily egunkariaren arabera, ordea, Iraki egindako salmentak ez du hori aldatuko. Mugimendua ongi neurtuta dagoela dirudi, Iraki aireko defentsarako indarra emanez Siriatik eta Irandik handitzen ari diren mehatxuei aurre egiteko, baita Iraken bertan erasoak egiteko, inguruko aireko armada indartsuagoentzat mehatxua izan gabe. Defense Industry Daily-ren arabera, Iraki saldutako hegazkinek Arabiar Emirerri Batuei saldutakoek baino ahalmen gutxiago dute.



© Berria.eus - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.eus

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia