berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

harian;2003-08-01;UZEIren uzta, haziz beterik . Euskal Herria frankismotik ateratzen ari zen garaiko ilusioetatik sortu zen, euskarari baliabideak emateko helburuarekin



UZEIren uzta, haziz beterik

Euskal Herria frankismotik ateratzen ari zen garaiko ilusioetatik sortu zen, euskarari baliabideak emateko helburuarekin

irati izagirre - <>DONOSTIA<@$p>

Aspalditik euskararen inguruan lanean zebiltzan zenbait lagunek sortu zuten Unibertsitate Zerbitzuetako Euskal Ikastetxea, 1977an. Joseba Intxausti lehen zuzendariak azaldu digunez,70. hamarkada hasieran Aranzadikoekin batera Natur Zientziak hiztegia kaleratzeko izan zituzten lanak ikusita erabaki zuten hiztegigintzako lanak aurrera ateratzeko profesionalizazioa ezinbestekoa zela; elkarte berri bat sortu eta antolatu behar zela, finean.

Euskaldun orok, edozein lan-eremutan, hizkuntza egoki erabili ahal izan zezan, euskara berritu eta mundu modernora egokitzea zuten helburu nagusi. Era berean, 1973an sortu zen Udako Euskal Unibertsitatean, sortzear zen administrazioan eta komunikabideetan euskara sartzeak zekarren erronkari aurre egiteko borondatea azaldu zuen UZEIk hasieratik. Lehen aldiz idatzi behar ziren araudiak, lege testuak nahiz boletinak euskaraz, eta horrek corpus oso bat eskatzen zuen.

«Baina jendea terminologiaren beharraz konbentzitzea ez zen lan erraza», aitortzen du Intxaustik. Koldo Mitxelena idazle eta euskaltzaina, adibidez, proiektuaren aurka azaldu zen.

Lexikografia eta terminologia lantzen

UZEI lexikografia eta terminologia alorretan lanean aritu izan da. Lexikografiak hiztegigintza esan nahi du, hau da, hiztegi bat argitaratu aurretik, bertako hitzen hautaketarako prozesu guztia biltzen duen lana da lexikografia. Termino ezberdinek historian zehar izan duten erabilera, garapena aztertzen du, hobetsi beharrekoa hautatzeko.

Terminologia, aldiz, zientzia edo gai zehatz batean erabiltzen diren kontzeptuen azterketaz arduratzen da; baita horiek euskaratzeaz ere. Zuzenbideko hizkeraz, informatikakoaz etabar lan egin izan du UZEIko terminologia sailak.

Terminologia lanari ekin zion lehen euskal taldea izan zen UZEIkoa, eta ordurarte landu gabe zeuden hainbat eremu jorratuz, hiztegi berezituak (medikuntzari buruzkoa, adibidez) kaleratzeari ekin zion. Informazio guzti hori batu eta erraz kontsultatzeko moduan jarri beharraz ohartu zen UZEI, eta 1986an EUSKALTERM Datu-Bankua sortu zuen.

Lexikografia alorrean, Euskaltzaindiko Hiztegi Batua atontzen ari zen lan taldearentzat prestaketa-lan handia egin zuen. Horretaz gainera, XX. mendeko euskal lexikoa biltzen duen corpus-a sortu zuen: EEBS corpus-a.

Erakunde publiko nahiz pribatuentzako itzulpengintza lanei ere hasieratik ekin zien UZEIk. Zerbitzu hori eskaintzen jarraitzen du orain ere erakundeak.

1987an, Eusko Jaurlaritzaren babespeko elkarte bihurtu zen UZEI, eta urtebete geroago, onura publikoko izendapena eman zion Jaurlaritzak, hizkuntzaren ikerketan eskaintzen zuen zerbitzuaren aitorpen moduan.

Mende laurdeneko bidea

Sortu zenetik egin dituen 25 urteetan UZEI egoera berrietara egokitu dela uste du Joseba Intxaustik. Izan ere, beste hainbat talde sortu dira euskararen inguruan eta hasiera batean UZEIk lantzen zituen alor batzuk horien eskuetan geratu dira. Imanol Urbieta oraingo zuzendariak beste ikuspuntu batetik azaltzen du hori: merkatua zabaltzearekin, konpetentzia handitu egin da, eta horri aurre egiteko UZEIk bere lana «razionalizatu» behar duela azaldu digu. Gaur egun jendea prestatuago dagoela eta potentzial hori baliatu beharra ere nabarmendu du.

Argi dago ia instituzio bilakatu den erakunde honen ekarpena ezinbestekoa izan dela euskararentzat. Era berean, gure hizkuntza oraindik ere erabat normalizatu gabe dagoela eta lanean jarraitzea beharrezkoa dela baieztatu dute bi zuzendariek.

Urbietak aipatzen duen moduan, hizkuntzaren industria izugarri hedatu da azken hamarkadan, baina UZEIren produkzioaren parekorik ez du beste ezein erakundek egin. 90eko hamarkadarako, 40 hiztegi baino gehiago argitaratu zituen.

Azken urteotan produktu informatikoen itzulpenak ere egin ditu; Linuxena, esaterako. Teknologia berriak euskararen probetxurako baliatzea da horren helburua. Ildo horretan, Sinonimoen Hiztegiaren bertsio informatikoa prestatu dute. Word programarako egokitutako aldaera hau, CD-ROM formatuan egin dute.

Baliabide informatiko horiek hiztegiak baino publiko zabalago batengana iristen direlako ustea ez da oso zuzena, antza. Intxaustik azaldu du salmenta datuek ez dutela gerora produktuak izango duen eragin sozialarekin zerikusi zuzenik. «Bada alor bat argitalpen gutxi dituena, baina gizartean eragin nabarmena izan duena: kirola» azaldu digu.

Hiztegien prestaketarako lan taldeetan parte hartu zutenek, euskarazko lexikoa zabaldu zuten hedabideetan. «Hori da egin beharrekoa, gizarteak onartu ezean, hiztegiek ez baitute ezertarako balio», erantsi du UZEIko lehen zuzendariak.



 


Sinonimoen hiztegia CD-ROM batean, BERRIArekin

UZEIk 1999an argitaratutako hiztegiaren CD-ROMeko bertsioa aterako du Berriak heldu den udazkenean. Word-erako egokitua dago, eta hautatutako hitzaren sinonimo nahiz antonimoak bistaratzen ditu pantailan.



 


Euskara corpusak 5.000.000 hitz biltzen ditu

XX. mendean argitaratutako 6.352 obra klasiko nahiz garaikideotako hitzen azterketa lexikografikoa da EEBS corpusa. Nork, zein euskalkitan eta noiz idatzi zituen azaltzen duen hitzen bibliografia moduko bat da.



 


z baliabide linguistikoak

UZEIren 25 urteotako aportazioa zerrendatzea ezinezkoa da. Eskaini dituen baliabide linguistiko garrantzitsuetako batzuk dira ondokoak:


Euskalterm Terminologia Bankua: Datu banku terminologikoa, hiztegi ezberdinetako 439.302 termino biltzen ditu arrantza, zientzia, kirola, justizia edo informatika bezalako gaietan sailkatuta. Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez egin liteke kontsulta. Administrazioak Euskalterm Terminologia Banku Publiko izendatu zuen bere baliagarritasuna aitortuz.

(Helbide elektronikoa:

www.euskadi.net/euskalterm)


EEBBS corpusa: Egungo Euskararen Bilaketa Sistematikoa egiteko balio du Euskararen corpusak. XX. Mendeko euskararen erabilera jasotzen du; ia 5 milioi hitz ditu 6.352 obra literario ezberdinetatik hartuak. Sarean dago kontsultagai.

(Helbide elektronikoa: www.euskaracorpusa.net/XXmendea)


Xuxen: 1997an EHUko IXA taldearekin batera egindako euskarako zuzentzaile ortografikoa da. Ezinbestekoa ordenagailuan euskaraz lan egiten dutenentzat.


Euslem: Euskararen lematizatzaile automatikoa da. Hitzen erroa bilatzen du.

Sinonimoen hiztegia: 1999an argitaratua. Aurten Word programan integratu da, eta saguaren eskuineko botoia klikatuz hautatutako hitzaren sinonimo nahiz antonimoak azaltzen ditu pantailan. Berria egunkariak CD-ROM hori eskainiko du udazkenean. UZEIrekin elkarlanean.


Atzekoz aurrera: 1994an argitaratutako hitz-bukaeren hiztegia; bertsolari nahiz irakasleentzat oso praktikoa. Hitz eratorriak atzizki bidez sortzen dituzten hizkuntzetan ezinbesteko tresna da.


Lan mundua euskalduntzeko material didaktikoa: Euskadiko Kutxaren eskariz eta HABErekin batera, aurrezki kutxa horretako sukurtsaletako langileentzat eginiko Dirukiak lana argitaratuta du, bezeroei harrera euskaraz egin ahal izateko oinarrizko infomazioarekin. Osakidetzarentzat antzerako materiala prestatzen ari dira.




© berria.info