berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

MUNDUA;2003-12-09;NIKARAGUA. Alemani 20 urteko espetxe zigorra jarri dio epaileak, ustelkeriagatik. Kasu horregatik zigortu duten Latinoamerikako lehenengo agintari ohia da liberalen burua.







Alemani 20 urteko espetxe zigorra jarri dio epaileak, ustelkeriagatik

Kasu horregatik zigortu duten Latinoamerikako lehenengo agintari ohia da liberalen burua





fatima herrera - MANAGUA

Juana Mendez epaileak, Managuako Krimenaren Lehen Barrutikoak, 20 urteko espetxe zigorra ezarri zion herenegun Arnoldo Aleman Nikaraguako presidente ohiari, honako delituengatik: legez kanpoko ekintzetatik lortutako dirua zuritzea, iruzurra, gaiztagin elkarteko kide izatea eta diru publikoa bidegabeki erabiltzea, Estatuaren eta herritarren kalterako. Byron Jerez zerga biltzaile ohi eta Alemanen eskuineko eskutzat jotzen dena, berriz, errugabetu egin zuen. Presidente ohiaren abokatu Mauricio Martinezen ustez, erabakia «zentzugabea, politizatu eta sandinista da». Diru zuritze delitua Nikaraguan droga trafiko kasuetan bakarrik erabiltzen dela gaineratu zuen.

Epaileak zigor handiena jarri dio akusatuari. Hala ere, oraingoz hark duen El Chile izeneko etxean beteko du zigorra, bere osasun egoerari buruzko agiriak berriz aztertzen diren arte azaroaren 26tik dago han. Senda agirien arabera, hiru gaitz kroniko ditu: diabetesa, hipertentsioa eta bihotzeko arazoak. Bestetik, zehaztu gabeko isun bat ezarri dio epaileak, baita kargu publiko bat izateko debekua eta espetxe zigorra bete ondoko hiru urteetan Poliziaren zaintzapean egoteko agindua ere. Helegitea jartzeko asmoaren berri eman zuen defentsak, igandean bertan. Mayra Paiz fiskalak epailearen erabakia aztertzeko zenbait egun behar zituela esan zuen. Dena den, defentsarekin bat egin zuen eta esan zuen droga trafiko auzietan bakarrik erabiltzen dela diru zuriketa delitua. Enrique Bolaños Nikaraguako egungo presidenteak Aleman bezala, Alderdi Liberalekoa denbora behar zuela esan zuen. Dena den, epaia kritikatu zuen. «Maniobra politiko itxura» zuela adierazteaz gain, Andre Mari Sortzez Garbiaren ospakizunen garai berean ematea salatu zuen. Bestalde, Byron Jerez Alemanen kargu beretatik errugabetzea harrigarritzat jo zuen.

Diru transferentziak

Estatuko 15 erakundetatik Panaman zituen kontuetara gutxienez 10 milioi dolar transferitzea leporatu zion Nikaraguako Prokuradoretza Nagusiak Alemani iazko abuztuan. Kopuru hori 100 miliotara irits zitekeela gaineratu zuen Prokuradoretzak. Abenduan immunitatea kendu zion Legebiltzarrak eta lehen aldiz etxe barruko arrastatzea agindu zuen Managuako auzitegiak. Aurtengo abuztuan espetxeratu zuten arren, azaroan berriz ere zigorra etxean betetzea baimendu zion epaileak.

Aleman da Nikaraguan zigortu duten lehenengo goi agintaria eta kasu horrek ez du aurrekaririk Latinoamerikan.Nikaraguako indar politiko nagusi Fronte Sandinista eta Alderdi Liberala elkarren artean borrokan ari diren garaian hartu du Alemanen aurkako erabakia epaileak. Bi alderdiek 2004ko tokian tokiko hauteskundeak atzeratzeko negoziazioak hautsi dituzte. Konstituzioa erreformatuz, boz horiek presidentetzarakoen eta Kosta Atlantikoko boz autonomikoen garai berean izatea aztertzen ari ziren. Daniel Ortega buruzagi sandinistaren arabera, elkarrizketak etetearen arrazoia da liberalek beren buru nagusi Aleman askatzeko eskatzen zutela.













 



zSoslaia

Kontu propioak oso osasuntsu





Kafe arloko langile ezezaguna zen Arnoldo Aleman, 1989an, hiru lagunekin batera, Alderdi Liberal Konstituzionalista sortu eta ospea hartzen hasi zenean.

Urte bat geroago, Batasun Nazional Opositorearekin bat egin zuen. Violeta Chamorro beren hautagaiak presidentetza kendu zion Daniel Ortega sandinistari. Intentsoa bezain polemikoa izan da ordutik Alemanen ibilbidea. Koalizioak Managuako alkatetzarako zuen hautagai Agustin Jarquinen ordez alkatea bera izateko babesa lortu zuen gainerako zinegotzien artean. Jarquinen salaketekin hasi zuen agintaldia eta ondoren beste hainbat ustelkeria salaketa izan zituen.

Duela 57 urte sortua, El Gordo deitzen diote, bere gorpuzkera sendoagatik. Sandinisten gobernua deskribatzeko erabiltzen zuen «gau iluna» (1979-1980) kontzeptuari esker presidente izatea lortu zuen 1997an. Alabaina, denbora gutxian, Erdi Amerikako gizonik aberatsenetakoa bihurtu zen eta susmo txarrenak piztu zituen. 2001ean hiru diputatu liberalek salatu zutenez, 1997an deklaratu zituen 14.000 dolarretatik 250 milioi dolarrera igo zen bere ondarea. Behin, 10.000 dolar xahutu zituen Parisen bi gau igarotzeagatik, 22.000 dolar alfonbra egiptoarretan eta beste milaka bitxi, hotel eta jatetxeetan. Maiatzetik, beste akusazio bat ere gehitu zaio presidente ohiari: ondarea ezkutatzea. Ekainean, El Chile etxea ez gainerako ondasunak bahitzeko agindu zuten epaileek. Diabetesa, hipertentsioa eta bihotzeko arazoak ditu, sendagile agiriaren arabera. Kontu korronteak, aldiz, oso osasuntsu daude. Estatuko auditoreen arabera, milaka milioi ditu munduko hainbat txokotako bankuetan.













 



z Auzipetze prozesua





1996: Nikaraguako presidente hautatu zuten.

1998: Kontu Fiskalarekiko liskarrak hasi ziren, ustez legez kanpo aberasteagatik.

2000ko urtarrila: Konstituzioa erreformatuz, erakunde nagusien osatze berria hitzartu zuen ezkutuan sandinistekin.

2001: Hiru diputatu liberalek salatu zuten agintaldian 250 aldiz handitu zela Alemanen aberastasuna.

2002ko urtarrila: Nikaraguako presidente kargua amaitu eta Legebiltzarreko lehendakari aukeratu zen.

2002ko abuztua: Ivan Lara prokuradoreak Alemani eta beste 13 laguni 10 milioi dolar zuritzea eta beste 5 delitu egotzi zien. Mendez epaileak Alemani immunitatea kentzeko eskatu zuen Legebiltzarrean.

2002ko abendua: Legebiltzarrak immunitatea kendu zion. Ileana Perez epaileak etxe barruko arrastatzea ezarri zion.

2003ko abuztua: Aleman espetxeratzeko agindu zuen Mendez epaileak.

2003ko azaroaren 26a: Alemanek zigorra berriz etxean betetzeko agindu zuen epaileak.

2003ko azaroaren 7a: 20 urteko espetxe zigorra ezarri zion Juana Mendezek.















© berria.info