berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

HARIAN;2003-12-12;EUSKAL PRESOAK. SAKABANAKETA. Zigor bidaiak. Sakabanaketaren lau testigantza.







Zigor bidaiak







 



Sara Fernandez, Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi izan dira aurten sakabanaketak hildako hiru senideak







EIDER GOENAGA

Sakabanaketa «heriotza zigorra» dela salatu du Etxerat-ek behin eta berriro, eta Sara Fernandezek heriotzarekin 14 dira errepidean hil diren euskal presoen senide eta lagunak. Senideek badakite euren presoak bisitatzera irteten direnean bizitza arriskuan jartzen dutela, baina ez daude presoak bisitarik gabe uzteko prest. Hain zuzen ere, sakabanaketaren nahia presoak bakartzea dela diote, eta argi dute ez dutela «etsiko».

Mila Mujika, Arantxa Otegi, Joxepa Arregi eta Leo Estebanek zuzen-zuzenean pairatzen dituzte sakabanaketaren ondorioak, eta Fernandezen heriotzak eragindako «mina eta amorrua» aipatzen du Mujikak. Haren arabera, senideek errepidean izaten dituzten istripuak «ez dira istripu arruntak», «inposatutako zigor bidaia baten ondorioa» baizik.

Asteburu guzti-guztietan errepidera irten behar izateak eta aurretik kilometro mordoa dituztela jakiteak, bidean abiatzen denari ez ezik, etxean gelditzen denari ere ezinegona sortzen diola nabarmentzen du Joxepa Arregik; azken urteetan bidaia gutxiago egitera behartuta dagoenez, Arrasaten gelditzen baita bere bisita egitera joan zaizkion senideek noiz itzuliko zain.

Lau testigantza baino ez ditu jaso Berriak, baina asko dira egoera bera bizitzen dutenak. Hain zuzen ere, gaur egun 690 preso ditu Euskal Preso Politikoen Kolektiboak. Inoiz baino gehiago dira presoak eta sei estatutan banatuta daude: Frantzian eta Espainian ez ezik, Ingalaterran, Argentinan, Holandan eta Mexikon barreiatuta beste 8 preso baitaude. Guztira, 80 presondegi dira senideek bisitatu behar dituztenak eta euskal preso gehienak etxetik 500 kilometrora baino urrunago daude. Senideek zigor hori behin betiko amaitzeko eskatuko dute bihar Iruñeko manifestazioan.













 



z Sakabanaketaren lau testigantza













 



Arantxa otegi

Aitzol Gogorzaren ama

«Bisita gabe gelditzeak ematen du min gehien»





Asteburu guztietan, faltatu gabe, joaten dira Aitzol Gogorzaren senideak Parisera, semea bisitatzera. Bidaia gogorra dela dio Arantxa Otegik, baina are gogorragoa izan da iragan asteburuan pairatutakoa. Semea bisitatzetik atera eta, ardo botila bat sartzeagatik, hiru orduz atxilotuta eduki zituzten senar-emazteak, biluztuta eta eskuburdinekin lotuta. Beldur dira hilabete batzuetan bisita eskubidea kenduko ote dieten.

«Aitzolek lau urte daramatza espetxean, eta urteotan sei espetxe ezagutu ditu. Orain Poissyn dago, baina espetxe aldaketa ugari ezagutu ditugu, eta baita bisiten baimenekin-eta hainbat arazo izan ere. Aita eta ni bi egunerako joaten gara, hiru bisita baititugu asteburuan, eta han pasatzen dugu gaua. Beraz, ezin dugu autobusez joan eta normalean autoz edo trenez joaten gara. Astero-astero joaten gara, edo gu edo beste semea eta haren neska. Gainera, orain semearen emaztea ere badugu; Fleuryn dago eta hura bisitatzeko ere aprobetxatzen dugu. Orain dela gutxi ezkondu ziren, eta Frantziako legeek biek espetxe berean egon behar dutela esaten duten arren, ez dute legea bete, eta ez diete uzten batera egoten. Semearekin autoz joaten gara; bestela, trenez. Guk nahiago dugu trenez joatea, semeak istripua izan zuelako beste auto baten kristalak jota. Beste gidaria mozkortuta omen zihoan, eta hanka egin zuen; semeak eta harekin zihoazenek ez zuten ezer izan, baina autoa guztiz puskatuta gelditu zen. Hala ere, inoiz bizitako gogorrena azken asteburukoa izan da. Umiliazio handia izan zen, eta, gainera, hasieran ez genekien zer ari zen gertatzen. Nonbait, guk sartutako ardoa edaten ikusi zuten Aitzol, eta irteterakoan polizia mordoa zegoen gure zain. Atxilotu eta bultzaka eraman gintuzten, azalpenik gabe. Galdeketa egin ziguten, eskuburdinak jarri, biluztuarazi; senarra guztiz biluztu zuten, eta niri galtza txikiak utzi zizkidaten. Zakurra ere hobeto tratatzen da. Barre egin ziguten, galderak egiten zizkiguten bitartean eta espetxera joango ginela ere mehatxatu ziguten. Orain, ez dakigu zer gertatuko den, abokatuari esan zioten pentsatzen ari zirela guri zer zigor jarri. Pentsatzen dugu bisita gabe utziko gaituztela, hori baita min gehien ematen diguna, bai guri eta baita Aitzoli ere».













 



Leo esteban

Esteban Esteban Nietoren anaia

«Espetxeak bizia kendu zion anaiari; niri apurtu»







 



Esteban Esteban Nieto espetxetik atera eta denbora gutxira hil zen. Minbizia zuen, eta jada ezer egin ezin zenean askatu zuten 92. artikulua aplikatuta. Estebanek espetxean egindako urte guztietan espetxera joan-etorrian ibili zen Leo Esteban; eta oraindik ere espetxera joaten jarraitzen du.

«Istripua 1989ko apirilaren 9an izan genuen. Puerto de Santa Mariatik bueltan gentozen zazpi lagun furgoneta batean. Furgonetak kontrola galdu eta derrapatu egin zuen. Ni gidariaren ondoko eserlekuan nindoan, eta errepide bazterreko burdinezko hesiak hanka mozu zidan. Bost lagun gehiago ere zauritu ziren, nahiko larri, baina neuk pairatu nintzen ondorio larrienak. Ordutik 16 ebakuntza egin dizkidate anestesia osoarekin, eta bi lokalarekin; aldakan ere arazoak ditut. Anaiari bizia kendu zion espetxeak, niri bizia apurtu zidan sakabanaketak. Eskalatu, mendira joan, eskiatu eta kirol asko egiten nuen nik, orain ezin dut; eta, bizitza normala ere ezin dut egin. Esteban beti oso urruti eduki zuten; urte asko egin zituen Salto del Negron (Kanariar Uharteak). Salton zegoenean ezin genuen astero joan, normalean hilabetean behin joaten ginen, eta batzuetan baita bitan ere. Ahal bezala moldatzen ginen. Penintsulara ekarri zutenean, Puerto de Santa Marian sartu zuten, eta astero joaten hasi ginen, autobusean, kotxean… Beste gauza bat zen.Anaia asko gara eta txandatu egiten ginen bisitak egiteko. Nik denbora libre gehiago nuenez, agian neu izango nintzen gehienetan joaten zena; batez ere, azken garaian. Orain ere, jarraitzen dut lagunak bisitatzen, nahiz eta hankak arazo asko ematen dizkidan; 26an Parisera noa, Caceresen egon berri naiz, laster Murtzian bisita emango didate, eta Valentzia eta beste leku batzuetara joateko baimena ere eskatu dut.

Hori bai, Euskal Herritik abiatzean, beti buruan dugu errepideak ekarri dezakeena, hori ezin da baztertu. Baina, jarraitu egin behar dugu, nahiz eta gero ez dakizun zer izango duzun espetxera iristean. Niri, esaterako, Parisera joan nintzen lehen aldian bisita debekatu zidaten. Hanka eta aldakak dauzkat operatuta, eta protesiak ditut, baina ez nuen medikuaren egiaztagiririk eraman; beraz, ez zidaten sartzen utzi. Askori gertatzen zaie hori espetxe batera joaten diren lehen aldian.

Praktika krudela da, eta jasanezinena astero-astero errepidean gertatu daitekeen txarrena gertatuko den beldur egotea».















 



mila MUJIKA

Mariaje Arriagaren laguna

«Inoiz ez zara errepidera ohitzen»







 



Mila Mujikak anaia du espetxean, baina baita Mariaje Arriaga laguna eta haren anaia Rufino ere. Bereziki, Mariaje Arriagaren egoerak kezkatzen du egun. Izan ere, Frantziatik kanporatu behar zutela-eta, urrian 16 eguneko gose greba egin zuen; baina, kanporaketa epea atzeratu, eta egun bigarren gose greba egiten ari da. 13 egun daramatza. Protestaldiak irauten duen bitartean bere senide eta lagunek astero bisitatzen dute; lehen hamabostean behin bisitatzen zuten arren, «gehiago ezin delako».

«Mariajeren gurasoak adinekoak dira, 80 inguru ditu aitak eta 70etik gora amak, eta lagunak arduratzen gara bisitez. Eurek ezin dute hainbeste bidaiatu, eta Aste Santuetan, Eguberrietan eta asteburu luzeetan eraman egiten ditugu. Anaia ere Valdemoroko espetxean daukanez, bisitak txandaka egiten ditugu, eta Mariaje bi asteburuz behin bisitatzen dugu. Marsellan astean behin 40 minutuko bisita jasotzeko aukera dute; baina, denbora pilatu daiteke, eta ordu eta erdiko bisita egiten uzten digute bi astean behin. Normalean, autoz joaten gara, ez baitago joateko beste modurik. Baina bide luzea da; pentsa, 1.600 kilometroko joan-etorria. Errepidean sustorik ere izan dugu; istripu larririk ez, baina autobusarekin bazterren bat jo izan dugu, eta baita bestelako istripu txikiak ere. Urte asko eta kilometro asko dira, eta hori gertatzeko aukera asko ditugu. Arriskua beti dago. 13 urte daramatzat bueltaka-bueltaka espetxeetara, eta inoiz ez zara errepidera ohitzen; gainera, zu joaten zara, baina etxekoak hemen uzten dituzu, eta ezinegona ez da bukatzen itzuli arte. Urduritasun hori ez da sekula gainditzen, eta hitz egiten baduzu 20 urtetik gora daramatzan batekin gauza bera esango dizu. Heriotzak gertatzen direnean izugarrizko inpotentzia sentitzen duzu, oso gaizki gelditzen zara. Gero, entzuten duzu 'bueno, beste istripu bat bezala!'… Hori ez da egia, gu inposaketagatik joaten gara asteburu oro gure senide eta lagunak bisitatzera; beraz, sentitzen duzun amorrua ez da beste istripuetan bezala. Ekonomikoki ere ondorio larriak dira. Marsellako bidaia, esaterako, etxetik janaria eramanda egiten dugu, beti saiatzen baitzara nolabait merketzen; baina, hala ere, 40.000 pezetarekin ez duzu egiten».















 



Joxepa Arregi

Jesus Mari Zabarteren ama

«Ez diot inori sufrimendu hau opa»







 



Joxepa Arregik urteak daramatza espetxeetara bidaiatzen. Bere semea, Jesus Mari Zabarte, hiru bider izan da espetxean preso; guztira 25 urtetik gora egin ditu, eta azken espetxealdian 19 urte daramatza. Errepideak ekartzen duen arriskua eta, horren ondorioz, senideen ezinegona jasanezina dela dio, eta ez diola inori gauza bera bizitzea opa.

«Ni hilean behin-edo joaten naiz Jaenera, Jesus Mari bisitatzera. Orain bidaia zailagoa da; lehen autobusa zegoen eta sarriago joaten nintzen, baina ezin dut, eta batez ere gazteak dira joaten direnak. Autoz joaten gara, taldeka. Zapatu arratsaldeko 15:00etan irteten gara hemendik, gaua hotelean pasa, eta igandeko 17:00ak jota abiatzen gara bueltan; Madril pasatzea izaten da latzena, gutxienez bi ordu behar izaten ditugu Madril pasatzeko. Igande goizaldean itzultzen gara Euskal Herrira. Bidean, gainera, beti izaten da zerbait. Nik urtean daramatzat espetxeetara joaten, eta denetarik ikusi dut, munduari buelta ere eman diot, kilometroak kontuan hartuz gero. 25 urtetik gora egin ditu preso Jesus Marik, 4 bat urte 1970ean, beste urtebete Franco hil eta bi urtera eta 19 urte azken espetxealdian. Nik gauza bat esan nahi dut, guk pairatu dugun sufrimendua ez diodala inori opa. Ezinegona handia izaten da. Pentsatu, azken istripu honetan semea eta erraina ziren Jaenera joandakoak. Haiek bueltan etorri arte nola pasatzen duzun inork ezin dezake pentsatu, beti ezinegonez beteta. Astero-astero horrelako zerbait pairatu behar izatea oso gogorra da. Gaixo egotea ez da ona izango, baina bizitza osoan hau bizi behar izatea tristea da. Nik nahiko nukeena da, denon artean irtenbidea bilatzea, zerbait egitea, hau ez baita bizitza. Gainera, bisitan joaten zarenean ere auskalo zer aurkitzen duzun han. Azken aldian joan nintzenean, adibidez, ezer entzun gabe etorri nintzen. Lokutorioan sartu eta 40 minutu egin nituen berarekin, baina ezin genion elkarri entzun, makina ez zebilelako, eta eskuak erabilita hitz egin genuen. Iletatik ere izerditan amaitu genuen biok. Sufrimendu hori inork ez daki, norberak baino, noraino iristen den. Horrelako bidaia egin, mila kilometroko bidaia, hilabetean semea ikusi gabe egon ondoren, eta ezer entzun gabe, buelta etxera.Gainera, beraiek bizi dutena ikusteak ere min handia egiten du. Jesus Marik ere esaten du, berak bizi izan duen guztiarekin, hainbeste urte preso egonda, orain bizi duela gogorrena».

















© berria.info