berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

KULTURA;2004-07-02;PEREZ DE LAZARRAGA, LIBURUAN. JALGI HADI PLAZARA . JOAN PEREZ de LAZARRAGAREN "Dianea" eta "koplak" batu ditu Patri urkizuren edizio kritikoak: euskarazko lehen nobela eta poeta laiko batek euskaraz idatzitako lehen poema bilduma. Eskuizkribuari buruzko ikerlana ere idatzi du edizioaren prestatzaileak







Jalgi hadi

Plazara

JoAN PEREZ de LAZARRAGAREN 'Dianea' eta 'koplak' batu ditu Patri urkizuren edizio kritikoak: euskarazko lehen nobela eta poeta laiko batek euskaraz idatzitako lehen poema bilduma. Eskuizkribuari buruzko ikerlana ere idatzi du edizioaren prestatzaileak





Juan Luis ZabalA - DONOSTIA

Egun «historikoak» modan dauden honetan, akaso ez da gehiegikeria izango atzokoa euskal literaturarentzat egun historikoa izan zela esatea, atzo ikusi baitzuen lehenengoz argia euskaraz idatzitako lehen euskal nobelak: Joan Perez de Lazarragaren Dianea-k. Eta, gainera, liburu berean dago jasoa poeta laiko batek idatzitako euskarazko lehen poema bilduma ere: Koplak. Patri Urkizu idazle eta irakasleak apailatu du Dianea & Koplak, Gipuzkoako Foru Aldundiak duela hilabete batzuk erositako Lazarragaren1567ko eskuizkribuaren lehen edizio kritikoa, eta Erein argitaletxeak plazaratu du.

Urkizuk prestatutako edizioak eskuizkribuaren faksimilea eskaintzen du azken orrialdeetan. Aurretik, transkripzio modernoa dago, lau atal nagusitan banatua: Dianea, Koplak, Alboetako poemak eta Gaztelaniazko poemak. Liburuaren hasierako 60 orrialdeak, berriz, Perez de Lazarragaren lana aztertzeko eta bere testuinguruan kokatzeko baliatu ditu Urkizuk.Bestelako osagarririk ere badu liburuak: lehen bertsolerroen zerrenda alfabetikoa, antroponimo eta toponimoen zerrenda, aztertutako hitzen zerrenda eta adizkitegia, bibliografia, Perez de Lazarragarekin zerikusia duten argazkiak eta irudiak...

Liburuaren lehendabiziko edizio inprimatua

Perez de Lazarragaren eskuizkribuaren lehen edizio inprimatua da Urkizuk apailatua, baina Urkizu ziur da besterik ere izango dela geroago. «Urte batzuen buruan norbaitek tesia egingo du eta askoz ere orrialde eta orri azpiko ohar gehiagoko edizioa kaleratuko du; baina nik liburua ahalik eta azkarren jendearen eskuetan jarri nahi izan dut , modu erraz eta atseginenean».

Eskuizkribuko atal batean, gaztelaniaz idatziriko hitzaurrean, «noizbait liburu izango zenaren ideia» bazuela erakusten du Perez de Lazarragak. Hitzaurre berean, Gaztelako autoridade batzuen eragina aitortzen du egileak, izenik aipatu gabe.Berrian apirilaren 8an eta 9an kaleratutako artikulu batean, Pruden Gartzia Azkue bibliotekako zuzendariak ziurtzat ematen zuen Perez de Lazarragarengan eragina izandako idazleetako bat Jorge de Montemayor espainiar idazlea dela.Guztiz bat dator Urkizu Gartziarekin. «Jorge de Montemayorren Los siete libros de Diana eta Perez de Lazarragaren Dianea irakurrita, ikusten da harreman handia dutela. De Montemayorren liburuak arrakasta handia eta imitatzaile ugari izan zuen: latinez, frantsesez, italieraz, ingelesez, alemanieraz, katalanez... eta baita, ikusten denez, euskaraz ere, Madrilen».Guztira, 40 inguru orrialde zituen eskuizkribuko narrazioak, baina horietatik 28 baino ez dira gorde. Falta direnen artean, hasierakoak daude, eta izenburua horietan zegoen idatzia. Beraz, Dianea izenburua Urkizuk berak jarri dio.Edukiari dagokionez, «amorosen katea» edo «maitaleen gurpila» agertzen du Dianea-k: Silverio Sirenaz dago maitemindua; Sirena Doristeoz; Doristeo Siviaz eta Silvia Silverioz...Koplen atalari ere Urkizuk berak jarri behar izan dio izenburua. «2.860 bertso lerro pasatxo badira hor; 46 poema dira guztira, eta horietatik bederatzi gaztelaniaz». Poema batzuen kasuan, ez dago argi Perez de Lazarragak berak idatzi zituen ala, besterik gabe, kopiatu. Horretaz gain, badira liburuan Estibaliz de Sasiola izeneko egile batek idatzitako edo akaso, besterik gabe, kopiatutako? hiru poema ere.













 

















z Datua

Egilea: Joan Perez de Lazarraga.

Izenburua: Dianea & Koplak.Eskuizkribuaren data: 1567.

Apailatzailea: Patri Urkizu.

Argitaletxea: Erein.

Orri kopurua: 285 (gehi argazkiak eta faksimilea).















© berria.info