berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

EUSKALHERRIA;2004-09-15;HONDAKINEN TRATAMENDUA. XABIER GARMENDIA. INDUSTRIA INGENIARIA. «Erraustea birziklatzearen eta konpostatzearen osagarri da»







xabier garmendia x industria ingeniaria



«Erraustea birziklatzearen eta konpostatzearen osagarri da»





Ondo kudeatutako errauste plantek ez dituztela usain txarrak sortzen, ez dutela kutsadurarik eragiten eta inguruan bizi direnentzat ez dakartela arriskurik baieztatu du Xabier Garmendiak.

agurtzane solaberrieta - DONOSTIA

Xabier Garmendia Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordea izan zen 1991 eta 1995 urte artean. Hiri hondakinen kudeaketan aditua, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integrala idatzi zuen. Errausketa egun dagoen alternatibarik hoberena dela dio.

Gaian sakondu aurretik, zer deritzozu Gipuzkoan errauste planten inguruan herritarren, medikuen eta instituzioen artean sortu den ika-mikari?

Zaborrak kudeatzeko tratamenduen artean erraustea planteatzen denean, normala da mugimendu ekologistak eta sendagileak aurka azaltzea. Ikuspegi ekologistatik, uste da errausketa birziklatzearen etsaia dela. Osasunaren ikuspegitik, uste da tximiniatik gai kutsakorrak ateratzen direla, osasunarentzat kaltegarriak izan daitezkeenak. Horregatik, beti sortzen dira proiektu horien aurkako taldeak. Beraz, kontua da herritar horiek dituzten kezkak aintzat hartzea eta arazoei guztion artean erantzunak aurkitzen saiatzea.

Zuk esan bezala, ekologisten ustez, erraustea birziklatzearen aurka doa.

Azterketa sakon bat eginez, agian ondorio horretara iritsi gaitezke; eguneroko praktikak, ordea, ez du halakorik baieztatzen. Izan ere, gehien birziklatzen den tokietan, errausten baita gehien ere. Mundu osoan zehar ditugu adibideak. Honako lotura gertatzen da Europan: Iparraldeko herrialdeak errenta altuena duten herrialdeak dira, eta, era berean, gehien birziklatu eta gehien errausten dutenak dira; hegoaldeko herrialdeetan, aldiz, historikoki errenta baxua izan duten herrialdeak dira, gutxi birziklatzen dute, eta isurketaren aldeko hautua egin dute, alternatiba merkeena delako.

Ikuspegi horretatik, hiri hondakinen hierarkia komunitarioak zehazten dituen lehentasunak aintzat hartzen dituen kudeaketa sistemak diseinatu behar dira. Sistema horrek honakoa esaten digu: lehenik eta behin, ahalik eta hondakin gutxien sortu behar da; bigarrenik, zaborra baliabidetzat hartzea eta haren kudeaketa optimizatzea, material birziklagarriak errekuperatuz eta duen energia baliatuz; eta, azkenik, ahalik eta gutxien isurtzea. Horixe egin da Gipuzkoan eta Bizkaian. Oinarri horietatik abiatuta, bi herrialde horietan zaborraren %40a birziklatu eta konpostatu nahi da, aprobetxatu ezin daitekeen zaborrak %60 ez gainditzeko. Beraz, %60arekin zer egiten dugu? Gipuzkoan eta Bizkaian errausketaren alde egin da, hondakinetan dagoen energia ahal den gehien balioztatzeko. Beraz, errausketa eta birziklatzea ez dira aurkako tratamenduak, osagarri dira.

Zergatik aukeratu da errausketa zaborra tratatzeko bide nagusi bezala?

Hondakinen hierarkia komunitarioak eta isurketari buruzko Europako araudi berriak honakoa diote: lehen mailako hondakinen isurketa eza lortu behar dela eta aldez aurretik tratatu gabeko zaborrik ezingo dela bota zabortegietara 2006. urterako. Beraz, konpostatu eta birziklatu ezin daitekeen %60 horrentzako, bi tratamendu mota daude: errausketa eta tratamendu mekaniko biologikoa. Sistema horrek zabortegi azalera handia edukitzeko beharra eskatzen du. Gipuzkoan eta Bizkaian dentsitate altuko biztanleria dugu, eta lur sail erabilgarri gutxi. Errauste planta batek 4-8 hektarea behar ditu eta zabortegi batek 40-60 hektarea. Zortzi hektarea lortzea dagoeneko arazo handi bat da, zer esanik ez, 40 hektarea lortzea. Kontuan izan behar da 100 metro kubiko zaborretik %75 zabortegira botako liratekeela tratamendu mekanikoan. Horixe da errausketaren alde egiteko arrazoi nagusiena.

Hala ere, errauste planta batek ere behar du zabortegirik.

Hala da; izan ere, zaborra erraustu eta gero geratzen den eskoria edo zepa eta errautsak zabortegi berezi batera eraman behar dira. Errauste planta batean sartzen diren 100 kilo hondakinetatik 25 kilo zepa eta 4 kilo errauts geratzen da. Zaborraren pisuaz ari gara. Baina, bolumena neurtzen badugu, 100 metro kubiko zaborretik 9 metro kubiko zepa aterako litzateke eta metro kubiko bat errauts. Gainera, kontuan hartzen badugu zepa aprobetxagarria dela, 100 metro kubikotik soilik zabortegira metro kubiko bat errauts eramango litzateke. Hala ere, badira,beste arrazoi batzuk ere. Ingurumenaren ikuspegitik, errauste planten isuriak nabarmen murriztu dira. Errauste plantek antzeko industri instalazioek baino isurketa muga baxuagoak dituzte. 2000an errausketari dagozkion baldintza zorrotzenak onartu ziren. Zuzentarau horretan muga berri bat zehaztu zen: 0,1 nanogramo dioxina eta furano baino gehiago ezingo da isuri metro kubikoko.

Hala ere, osasunari dagokionez, iritzi kontraesankorrak daude.

Orain arte 10 sendagile baino ez dira atera kalera, Hondarribiko golfaren aldamenean bizi direnak hain zuzen ere (Txingudiko errauste planta eraikiko duten lekutik hurbil). Ez gara Osakidetzako medikuez hitz egiten ari, sare pribatukoaz baizik.

Osasunaren eztabaidan murgildu nahi badugu, herrialde bakoitzeko osasun agintariek diotenari erreparatu behar zaio. Eta beraiek bide eman diote errausketari Europako herrialdeetan. Osasun arduradunek diote errauste plantek ez dutela herritarren osasunerako arriskua handitzen eta errausketa berria ez dela arriskutsua. 10 mediku horiek diote errauste plantek minbizia eragin dezaketen gai kutsakorrak sortzen dituztela. Baina, hori ez da horrela. Alde batetik, tximiniatik errauste prozesuan sortzen diren dioxinen %1 baino ez delako ateratzen. Eta, beste alde batetik, minbizia eragin dezaketen elementuez inguratuta baikaude. Horregatik, errauste plantek ez dute arrisku gehigarri esanguratsurik suposatzen inguruan bizi diren herritarrentzako.

Bada instituzioei leporatzen zaien beste gai bat ere: guztia korrika eta presaka egin dutela, eta orain denborarik ez dagoenez, derrigorrez egin behar dela errauste planta.

Gizarteak pertzepzio hori izan dezake agian, baina ez da horrela. Plana 2000an idatzi zen eta herritarrei prozesu osoan eman diren urratsak azaldu zaizkie. Aurreko legegintzaldian planaren diseinuan herritarrek parte hartu zuten. Zazpi alternatiba aurkeztu ziren, eta tartean zen ere tratamendu mekaniko biologikoaren aukera. Hirugarren alternatibaren alde egin zen, bi edo hiru errauste planta eraikitzea aurreikusten zuena. Erabakiak ez zuen gizarte erreakziorik eragin. Errauste plantaren kokalekua erabaki zenean harrotu ziren hautsak; Urnietan eta Txingudin, kasu. Inguruan bizi diren herritarrek mezu alarmistak entzuten hasi ziren; osasunarentzat kaltegarriak zirela eta halakoak. Horregatik, ulergarria da gertatu zena. Gipuzkoako gainontzeko eskualdetan ez dira hainbeste kezkatu errauste plantarekin, ez dielako zuzenean eragiten. Horregatik, gauzak oso azkar egin direla esatea bidezkoa ez dela iruditzen zait.

Gustatuko litzaidake ikustea errauste planta baten ordez, zabortegi bat edota tratamendu mekaniko biologikoa egiten duen planta bat eraikitzea aurreikusiko balitz, herritarrek izango luketen jarrera. Izan ere, errauste plantek baino arazo gehiago sortzen dituzte ingurunean. Ondo kudeatutako errauste plantek, aldiz, ez dituzte usain txarrak sortzen, ez dute kutsadurarik eragiten eta inguruan bizi direnentzako ez dakar arriskurik. Europan errauste plantak hiriguneetan daude kokatuta.

Aritzetako errauste plantan murgilduz, errauste plantaren aurkako koordinadorak dio ez duela legea betetzen. Legeak dio gutxienez 2.000 metrora egon behar duela hirigunetik eta Aritzetakoak ez du betetzen.

Legeak hori dio. Frankismo garaian, 1961ean, onartutako araudi batetaz ari gara: Jarduera Gogaikarri, Kaltegarri, Osasungaitz eta Arriskutsuen Araudia. Araudi horrek irizpide orokor bezala dio mota horretako instalazioak ezin direla hirigunetik 2.000 metro baino gertuago eraiki, neurri zuzentzaileak hartzen ez badira. Ildo horretatik, orain dela gutxi Zabalgarbiko errauste plantari dagokion epai bat kaleratu du Bizkaiko Auzitegiak. Honakoa esaten da: 2.000 metroko distantzia ez dela neurri hertsi bat, eta neurri hori bere testuinguruan eta hartu diren neurri zuzentzaileen arabera interpretatu behar dela. Kontuan izan behar da Euskadin distantzi hori aintzat hartu beharko balitz, ezingo litzatekeela industri gunerik eraiki.

Gipuzkoako planaren arabera, 2016an 541.996 tona hiri hondakin sortuko dira. Iaz 476.690 sortu ziren. Bilakaera ikusirik ez dirudi zabor produkzioa gutxituko denik.

Planaren bitartez apustua egiten da gaur egun gero eta hondakin gehiago sortzeko dagoen joera geldiarazteko, eta joera hori, ahal den neurrian, alderantzizko bihurtzeko. Planean egiten diren aurreikuspenak, agian, oso baxuak dira; baina, kontzienteki dira baxuak. Horrek prebentziorako ekintza zorrotzak abian jartzea eskatzen baitu. Ekologistak diote errauste planta bat egiten bada ez ditugula izango birziklatzeko eragingarririk. Hori ez da horrela. 540.000 tonatik 300.000 tona errauste planta batean tratatuko dira, hori tratatzeko gaitasuna baino ez duelako izango. 150.000 birziklatu eta konpostatu egingo dira. Beraz, 450.000 tona gainditzen baditugu, indarrak birziklatzeko bideratu beharko dira. Horrez gain, bada kontuan hartu beharreko beste kontu bat ere. Inguruko herrialdeetan saturazio efektua dago hondakinen produkzioan eta errentaren artean. Orain arte korrelazio zuzena egon da Barne Produktu Gordinaren hazkundearen eta hondakinen hazkundearen artean. Normalean, gainera, hondakinen hazkundea hazkunde ekonomikoaren gainetik egon da. Hondakinen hazkundeak, ordea, ezin du amaigabea izan, pertsonen kontsumorako gaitasuna mugatua delako. Beraz, etorkizunean hondakinen produkzioa gutxitzeko tendentzia izango da.















© berria.info