berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

IRITZIA;2004-10-21;GOGOETA. Zabor «adituen» klubari . Eguzki taldeko kideak







gogoeta



Zabor «adituen» klubari





Garikoitz Plazaola Arantza Ozio

Eguzki taldeko kideak

Oraindik orain, Gipuzkoako Aldundiak «nazioarteko bost aditu» kontratatu ditu aholkulari lanak egiteko eta errauste planten alde tematzeagatik sartu diren kale itsutik ateratzeko.

Bitxia, inondik ere, aldundiaren jokabidea: lehenbizi, ontzat eman zuen zaborren %65 errausteko plana Gipuzkoako gizartearen kontra eginda; ondoren, bost «aditu» kontratatu ditu erabaki hori betetzeko aholka diezaioten. Izan ere, aldundian atzekoz aurrera egiten dituzte gauzak. Erabakia hartu aurretik aholku bila joan beharrean, jokabidea aldatu eta lehenik erabakia hartzen dute, gero aholku bila hasteko.

Aholkulari bila, gainera, egundoko diruak gastatzen dituzte herri dirutik, eta esan gabe doa aholkulari batzuk errauste planten aldekoak direla erabat. Eta ez gara ezer asmatzen ari: adituetako bi, Rafaello Casu eta Gerhard Vogel, Baliabideen Iraunkortasunerako Institutuko kide dira. Onartzen dugu institutu horretako kide izatea ez dela delitua, baina baditugu susmoak izateko arrazoiak aintzat hartzen badugu «ingurumenarekiko sentiberatasun handia» duten enpresak institutu horren barruan daudela: Lemona Zementuak, Portland, Endesa, Iberdrola, Sener, eta abar luze bat. Baina ez da hori dena, Xabier Garmendia (PIGRUG plana ondu zuena) eta Javier Ansorena (aldundiko teknikaria) ere institutuko kide dira. Beraz, etxe barruan geratzen da guztia, baina, ezin da ahaztu, aditu adiskideei egin zaien gonbidapena guztion patrikatik ordaintzen dela.

Gure idatzi honen asmoa, ordea, ez da azken «trikimailu» hori aditzera ematea bakarrik, baizik eta bost «aditu» horiengana jo nahi dugu Eguzkitik aldundiari, San Markos Mankomunitateari eta Donostiako Udalari azken urteetan egin dizkiegun proposamenen berri emateko; gure asmoa zaborraren arazoa gutxitzea izan da beti, baina gure proposamenak ez dituzte aintzakotzat hartu, eta batzuk ez dituzte erantzun ere egin.


hautes-agenda-zint-s>Zazpi proposamen dira, erraustearen alde egin edo ez, azkar, kostu handirik gabe eta modu eragingarrian bidera daitezkeenak; sortzen den zaborra gutxitzea eta Gipuzkoako zabortegien zerbitzua luzatzea da kontua. Hori Damoklesen ezpata modura erabiltzen dute guri errauste plantak behartzeko, baina ez da inolako neurririk hartu arazoari aurrea hartzeko, guk proposamenak egin arren. Egin kontu proposamenei: 1- Postontzietako publizitate neurrigabeari tamaina jartzea. 1996an proposatu genuen eta 1998an erantzun zigun Odon Elorzak «ari direla gaia aztertzen». Zortzi urte igaro dira eta ez da ezer egin. Donostiako postontzietara botatzen den publizitatea 1.000 tona da urtero, eta 3.000 tona Gipuzkoan. Ordenantza zirriborro bat aurkeztu arren, ez da inolako neurririk hartu; hori bai, herritarren ekimenari esker hiriburuko auzo batean 135 portaletan ikus daiteke propaganda ez jasotzeko nahia erakundeen utzikeria dela-eta. 2- Etxe konpostajea martxan jartzea. 2003an proposatu genuen eta ez zigun erantzun ez udalak ez aldundiak. San Markos mankomunitatetik hitza eman ziguten uda honetan egingo zela saialdi bat, baina hitza jan dute. Beldurra? Politikoki interesik ez? Prezioagatik ez al da izango, 120 euro balio ditu-eta konpostagailu batek. 500 konpostagailu proposatu genituen Donostiako eskualderako urtean 240 tona zabor tratatzeko, probintziako arrasto organikoen 1.200 bat tona ez ziratekeen zabortegira eramango urtero. 3- Zaborraren nahi erako bilketa egiteko behar diren hornidurak jartzea. Parte Zaharra jarri genuen adibide modura, 6.400 biztanlerekin. Paper eta ontzientzako edukiontzien hornidura behar litzatekeen ratioa baino zazpi aldiz txikiagoa da eta lau aldiz txikiagoa leiarrari eta pilei dagokienez; ehun-gaientzako ez dago edukiontzirik. 2003an proposatu genuen eta erantzunik ez. Etxeetan toxikoak biltzea eguneko 24 ordutan egin ahal izatea eta zerbitzua sustatzea ere egin beharrekoak dira; izan ere, %85ek ez dakite noiz tokatzen zaien hori egitea auzoan. 4- Etxeko bermikonpostajea sustatzea (zizare bidezko trataera) bermikonpostagailuak banatuta eta zaborraren tasa %50 gutxituta horiek jartzen dituztenei. 2004ko apirilean proposatu genuen, erantzunik ez. Donostialdean 1.000 unitate jarrita, 110 tona tratatuko lirateke urtean. 5- Herri ertainetan 5.000 bat biztanle etxez etxeko bilketa egiteko esperientziak probatzea, sortutako zaborraren tasak, zaborra gutxitzea eta arduraz erostea... planak proposamen hori baduela esan behar da, baina, orain bi urte onartu bazen ere, ez da oraindik abian jarri. 6- Probintzian bi edo hiru konpostaje planta ezartzea, hurbiltasunean oinarrituz betiere eta kamioien joan-etorri handiagoa saihesteko. Egun, bat baino ez dute aurreikusten eta inork ez du esaten non eta noiz eraikiko duten. 7- Nahi erako bilketa egiteko esperientziak probatzea eta ontziak gutxitzea kirol edo bestelako ekitaldietan: emanaldiak, Kilometroak, jaiak, herri lasterketak, maratoiak, futbola Anoetan... horietan plastikozko makina bat ontzi izaten dira eta ez dago edukiontzi berezirik edo bilketarik. Azken gertaera: Zinemaldia, Belodromoa, umeentzako zinema. Esneki enpresa batek produktu bat oparitu zien 10.000 haur baino gehiagori, eta 40.000 ontzi utzi zituzten batere kontrolik gabe. Ikusten duzuen moduan, Eguzkitik egin ditugun proposamenak ez dira berriak, baina, kostu gutxikoak eta moldaerrazak izan arren, erakundeek ez dute inolako asmorik agertu horiek onartzeko. Beldur gara ez ote dioten jendeari ezkutatu nahi kudeatu daitekeela zaborra erraustu gabe. Zuen esku uzten ditugu gure proposamenak. Idatzi nahiko bazenigute badakizue gure topalekua, ez gaude suaren ildoan.



Erredakzioan itzulia






hautes-agenda-zint-s>









© berria.info