berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

IRITZIA;2005-01-23;ZUZENDARIARI. Agur, etxeko zaraitzuera







zuzendariari



Agur, etxeko zaraitzuera





Atsegin handiz irakurri dut (urtarrilak 19) egunkari honetan Asier Azpilikuetak Iruñeko Baluarten ikusgai dagoen Nafarroa Garaiko euskalkiei buruzko artikulu ongi egituratua, kritika egiten duen puntuetan erabateko arrazoia duena. Euskalkiak di-da batean da artikuluaren izenburua, eta Tartea-n dago irakurgai. Zorionak, beraz, Asierri lan ondo eginagatik.

Gaurko nire hitz hauen arrazoia zehaztapen bat egitea da. Artikuluan zaraitzuera aipatzen den unean (Baluarteko erakusketan bertan esaten den bezala),euskalki horiama hizkuntza gisa jaso zuten bi hiztun bakarrik geratzen direla esaten da. Ez dira urte asko nik neuk Zaraitzu ibarrean azken hiztunetako batzuekin (birekin, bost bat geratzen zirenean) lan egin ahal izan nuela eta, zorionez, Baluarteko erakusketan aipatzen den Mari Kruz Esarte ezagutu eta hizkuntz galdeketa egin ahal izan nion. Mari Kruz eaurtarra Irunberriko zaharren egoitzan bizi zen. Iazko azaroan hil zen, 88 urte zituela.Arestian aipatu ditudan bost hiztunetako lau hilak dira dagoeneko, adin handikoak zirenez. Bestalde, aipagai dugun erakusketan Pedro Juan Zoko otsagiarraren berri ere ematen da. Nik neuk ez dakit orain Pedro Juan bizirik dagoen, 95 urte lituzke hala balitz. Hartaz Aitor Elorza lagunak eman izan dit berri, Aitorrek harekin zaraitzueraz hitz egiteko aukera izan zuelako. Egia da Zoko jaunak zaraitzuera etxean jaso zuela, baina, zoritxarrez, egia da era berean azken urteetan burutik oso gaizki egon dela: taxuzko elkarrizketa bat jarraitzerik ez izaterainoko eragin galgarriaz, eta elkarrizketa horietan gaztelaniarasarri aldatuz, gainera.Zaraitzuera etxean jaso zuten euskaldunen katea eten egin zen XX. mendearen lehenbiziko hamarkadetan, eta kate horren azken mailako belaunaldia joan egin da, Iñaki Camino filologoak joan den mendeko 80ko hamarkadan iragarri zuen bezala, 2000. urtearen inguruan. Ziur aski, ezagutzen ez dugun hiztunen bat geratuko da han edo hemen, baina bada euskalki horri agur esateko garaia. Paperetan ongi bilduta geratu zaigu eta horixe da gaur egun duen egoera. Nahi nuke nik egoera hori, egia esan, desagertu diren beste euskalki eta aldaera askorentzat.Zaraitzuera eguneroko bizimodutik desagertu bada ere, ez da berdin gertatzen ibarreko euskaldunekin. Gero eta gazte gehiago dira Zaraitzun euskara ikasten dutenak, eskolan edo nork bere kasa. Hauen euskaltzaletasunak ekarriko du, noizbait euskara ibarrean berriro garai batean bezala errotzen bada, jadanik euskara batua dakiten biztanleek zaraitzuera neurri batean edo bestean bereganatzea. Paperak beti egongo dira zain hori egin nahi dutenentzat.

Aitor Arana

Azpeitia









© berria.info