berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

euskalherria;2005-01-29;ESPELEOLOGIA . Altzolako ilargi-esnezko ibaiaren osagaia duenik ez dago munduan . Gibbsitaz osatuta dago Altzolakoa; normalean, kaltzio eta magnesio karbonatoa izaten dute







ESPELEOLOGIA



Altzolako ilargi-esnezko ibaiaren osagaia duenik ez dago munduan

Gibbsitaz osatuta dago Altzolakoa; normalean, kaltzio eta magnesio karbonatoa izaten dute





UNAI ZUBELDIA - DONOSTIA

2003an Altzolako leize-meatzean, Ernion (Gipuzkoa) aurkitu zuten mondmilch edo lur azpiko ilargi-esnezko ibaiaren parekorik ez dago munduan. Altzolako mondmilch-a likido forman dago, eta urtebeteko azterketen ostean, lehen ondorioa atera dute: Altzolako lur azpiko ilargi-esnezko ibaiaren osagai nagusia gibbsita da; adituen arabera, osagai hori izan daiteke lur azpiko ilargi-esnezko ibaia likido itxurakoa izatearen eragilea. Aurkikuntza garrantzitsua da, munduan gainerako lur azpiko ilargi-esnezko ibai guztiak kaltzio eta magnesio karbonatoz osatuta baitaude.

Mondmilch-aren eta gibbsitaren inguruko azalpenak ematen hasi aurretik, ordea, Rafael Zubiria Aranzadi Zientzi Elkarteko lehendakariordeak harridura puntu bat azaldu zuen atzo Donostian, Aranzadi Zientzi Elkartearen egoitzan emandako prentsaurrekoan. «Orain urtebete mondmilch-a aurkitu genuenean, ez genuen uste gizartean hainbesteko eraginik izango zuenik».

Izan ere, Imanol Goikoetxea Espeleologia Departamentuko zuzendariak atzo adierazi zuenez, aurkikuntza «garrantzitsua» izanagatik, espeleologian egiten dituzten ikerkuntza guztien artean «zati txiki bat» besterik ez da Altzolakoa. Munduan bakarra denez, ordea, gizartean oihartzun handia izan du.

Lehen azterketekin, osagai nagusia aurkitu ezinean

2003an Altzolako leize-meatzean mondmilch-a egoera likidoan aurkitu eta berehala Aranzadi Zientzi Elkartea lehen azterketak egiten hasi zen. DRX delako azterketaren bidez bigarren mailako zazpi mineral ezberdin aurkitu zituzten Altzolako leize-meatzean. Ilargi-esnezko bidearen partikulak oso txikiak izaki, lehen azterketan osagai nagusia zein zen ezin izan zuten asmatu, ordea.

Pierre Gaudon meatzetako espeleologian aditua den frantziarrak Altzolako mondmilch-a aztertzeko nahia zuela ikusita Eric Leroy eta Carlos Galan ikertzaileen laguntza izan du gibbsitaren inguruko azterketak egiteko, bere gain utzi zuten lur azpiko ilargi-esnezko ibai berezia zerez osatuta zegoen aztertzeko ikerketa.Atzo jakinarazi zituzten ikerketaren lehen emaitzak. Munduan beste inon ez bezala, Altzolako mondmilch-aren osagai nagusia gibbsita da dena den, kantitate txikian, beste elementu batzuk ere baditu.Carlos Galan biologo eta ikerketako zuzendariak eman zituen atzo aurkikuntzaren xehetasun zehatzak. «Hasiera-hasieratik iruditu zitzaigun deigarria Altzolako mondmilch-a. Estalaktita arraro asko zeuden, itxura batean solidoak, baina ukitzen hasita oso bigunak zirenak». Hain zuzen ere, substantzia bigun horiek izan ziren espeleologoen jakinmina piztu eta azterketak abiarazi zituztenak.Azterketekin lortu ez zuten bakarra lur azpiko ilargi-esnezko ibaiaren osagaiak antzematea izan zen. Atzo Galanek onartu zuenez, ordea, hasiera-hasieratik ohartu ziren mondmilch-aren ezaugarriak «bereziak» zirela. «Mondmilch-a egoera likidoan egotea bera zen albistea, lehenengo aldia baitzen. Gainera, normalean zentimetro gutxiko orbain zuriak egoten dira, eta Altzolan 300 metro inguruko ibaia osatzen du likido horrek».Mikroskopia elektronikoaren bidez (MEB) lortu dute Altzolako mondmilch-aren osagaia antzematea laginak hartu eta 45 egunez lehortzen utzi ostean egin dira azterketak. «Berez sortzen dela badakigu, baina ez dakigu nola, genesia zein den ez dakigu; orain gibbsita hori zer erreakziorekin sortzen den ikertzea da ondorengo hilabeteetako lana», gaineratu zuen Galanek.













 



















P LUR AZPIKO ILARGI-ESNEZKO IBAIA ETA GIBBSITA

«Munduan likido modura atera den lehenengoa da»





Gibbsita mineral sekundarioa, bigarren mailakoa, eta jatorriz tropiko eta subtropikokoa da. Aluminiozko eta aluminio silikatozko mineral ugariren alterazioaren ondorioz sortzen da, meteorizazio biziko baldintzetan.

Mondmilch edo lur azpiko ilargi-esnezko ibai gehiago badaude Euskal Herriko leizeetan; ez, ordea, likido moduan eta osagai nagusia gibbsita dutenak. Imanol Goikoetxea Espeleologia Departamentuko zuzendariak azaldu duenez, Altzolakoa ez beste mondmilch guztiak solidoak dira. «Mondmilch hau munduan likido bezala atera den lehenengoa da; beste guztiak solidoak dira, ur gehiago edo gutxiagorekin, baina solidoak».

Mondmilch-a partikula fin-finez osatuta dago, eta ura duten haitzuloetan esne itxurako ibai zuri antzeko bat sortzen du. Normalean, kaltzio eta magnesio karbonatoz osatuta egoten da; Altzolakoa aurkitu arte, gibbsita ez da gainerako lur azpiko ilargi-esnezko ibaietan ere agertu.

Goikoetxeak argitu duenez, Altzolako gibbsita berezia da, beste inon ez egoteaz gain, bere egoera ere ez baita ohikoa. «Gibbsitak izan ohi dituen kristal zatitxoak ohikoak baino askoz ere txikiagoak dira Altzolan. 100 nanometro baino gutxiago ditu bertako gibbsitak, eta, normalean, 2.000 izaten ditu. Gauza bat falta zaigu, sorrera, gibbsita fin hori nola sortzen den asmatzea».















© berria.info