berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

agenda;2005-05-22;KRISTIAN PIELHOFF . Tele5-eko 'LA Casa de tu vida'-ko kolaboratzaile eta 'bricomania'-ko aurkezlea . «'La casa de tu vida'-n egiten dudan tartea 'Bricomania'-ren proiekzio bat da»







KRISTIAN PIELHOFF x Tele5-eko 'LA Casa de tu vida'-ko kolaboratzaile eta 'bricomania'-ko aurkezlea

«'La casa de tu vida'-n egiten dudan tartea 'Bricomania'-ren proiekzio bat da»





URTZI URKIZU -

 



DONOSTIA







Zarauztar «peto-petoa» da Kristian Pielhoff (Donostia, 1961). Bricomania saioan 11 urte egin ondoren, orain reality batean aritzeko aukera sortu zaio.

Nola iritsi zara La casa de tu vida saiora?

Programako arduradunek Bainetera deitu zuten eta proposamena egin ziguten. Horrelako saioak ez dira gure kontua, baina gauza teknikoak bai, eta eskaintza onartu genuen.

Nolako esperientzia izaten ari da orain arte?

Oso polita. Nik etxeko lanak baloratu behar ditut bakarrik. Beraz, Bricomania-ren proiekzio baten tankerakoa da. Gustura nago, baina nekagarria da, astean bi egunetan Madrilera joan behar dudalako eta Orion Bricomania grabatzen jarraitzen dugulako.

Askok diote La casa de tu vida saioa zabor telebista dela. Zer iritzi duzu?

Reality bat dela argi dago, baina nire parte-hartzea oso laburra eta zehatza da. Normalean, nik gehiago hitz egiten dut, baina editatzen dutenean soilik hau ondo edo hau gaizki dagoela esateko sartzen naute. Nik ez dut harreman fisikorik programarekin.

Reality-ren batean lehiatuko al zinateke?

Ezta pentsatu ere.

Nola ikusten dituzu lehiakideak?

Hiru pertsona profesionalak dira, baina gainerakoek ez dakite askorik. Dena dela, taldeko lan osoa baloratzen dugu.

Bricomania-k baino oihartzun handiagoa du La casa de tu vida-k. Zure bidea alda al dezake horrek?

Ez. Nik Orion lan egiten jarraitzeko asmoa dut. Ohiko bizitza egin nahiko nuke, lagunekin, mendian eta herriko elkarte gastronomikoan.

Bricomania-rekin luze jarraitzeko gogoz zaude, beraz.

Hala izatea espero dut. 11 urte daramagu eta saioa egonkortua dago.

TVEtik Tele5era alderik nabaritu al duzue?

Ez. Gu ontziratutako antxoak bezalakoak gara. Lana eta taldea berberak dira. Gero non saltzen zaituzten beste kontu bat da.

Bricomania gutxi batzuentzat dela pentsatzen dute zenbaitek...

Milioi eta erdi eta bi milioi pertsonen artean ikusten dute programa, eta horiek ez dira gutxi batzuk. Ikus-entzule asko ditugu; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %20 inguru.

Bricomania euskaraz egiteko aukerarik ba al dago?

Guk gogoa badugu. Baina oraingoz oso lotuta gaude Tele5eko saioarekin, eta grabatzeak luze jotzen du. Programa bat egiteko, aste bat behar dugu. Orain udako atalak grabatzen ari gara.

Kalean zer esaten dizu jendeak?

Normalean, eskerrak ematen didate. Kaleko jendea, oro har, oso pozik dago Bricomania-rekin, eta umeen harrera bikaina da. Down sindromea duten lagun askok ikusten dute eta hori guretzat biziki pozgarria da.

Bidaien saio bat aurkeztuko zenukeela esana duzu. Zergatik?

Bidaietako gidari lana egin izan dut eta duela urte batzuk bidai agentzia bat jarri nuen lagun batekin Donostian. Bidaien mundua oso polita da, baina poltsikoarentzat motza. Nire bihotzaren zati bat bidaietan dago.

Tele5 ikusten da gehien Hego Euskal Herrian. Zergatik dela uste duzu?

Telebistan txutxu-mutxuak eta telesailak dira nagusi, eta badirudi hemen gustukoak dituztela. Bainetek egiten dituen programekin, berriz, pozik gaude, harrera ona dugulako.















© berria.info