berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

HARIAN;2005-06-28;GAY ETA LESBIANEN ESKUBIDEEN ALDEKO NAZIOARTEKO EGUNA. Ama eta amatxo. Bikote homosexualak, guraso. Errealitate gero eta ohikoagoa da, eta ondo islatzen du beren egunerokotasuna "Aitorrek bi ama ditu"
















Ama eta amatxo

Bikote homosexuaLAK, guraso. Errealitate gero eta ohikoagoa da, eta ondo islatzen du beren egunerokotasuna 'Aitorrek bi ama ditu' liburuak



joseba zubiaur - DONOSTIA

F

amilia aniztasuna errealitate bat da, eta eredu hori ere aurkeztu behar zaie haurrei». Mari Jose Mendieta idazle donostiarraren hitzak dira, eta bere ekintzaren bihotza. Aitorrek bi ama ditu haurrentzako ipuina argitaratu du orain del gutxi.

Liburuan, lesbiana bikote batekin bizi den ume baten gorabeherak kontatzen ditu. Gurasoei «ama» eta «amatxo» deitzen die, eta gustura dago bere familiarekin, baina arazoak ere baditu: beste neska-mutikoen bazterketa pairatzen du. Gaur egungo gai horrekin ekin dio Mari Jose Mendietak ipuingintzari. «Idazten 14 edo16 urterekin hasi nintzen. Korapilatua nabilenean edo buruan zerbait dudanean, idatziz askatzen dut. Liburu hau desafio bat izan zen. Erein argitaletxera jo nuen eta handik astebetera publikatzea interesatzen zitzaiela esan zidaten». Ondo gogoan ditu liburua egiteko prozesuak eragindako buruhausteak: «Desafioa bi aldetik zegoen. Alde batetik, nolako maila nuen ikustea, eta, bestetik, iruditzen zitzaidan gai horren inguruan gauza asko esaten ari zirela eta askorekin ados ez nengoela. Horregatik bururatu zitzaidan familia tradizionala ez den familia baten inguruan liburua idaztea».Liburua idazteko orduan, batez ere «bi ama dituzten umeengan» pentsatu zuen. «Gizartea asko aldatu da azken urteetan, baina gai honen inguruan oraindik ere pausoak eman behar dira. Umeek, eskolan, beste mota bateko familiez hitz egiten duten liburuak eduki behar dituzte eskura. Orain, beste eredu bat ezagutzeko aukera dute, eta horrekin pozik nago», nabarmendu du.

«Errealitate bat» islatzeko apustua

Kritika onak eta aurkako jarrerak izan ditu publikazioak. Denetik. «Eusko Jaurlaritzak doan banatzeko erabakia hartu zuen, eta erabaki horren aurkako jarrerak izan dira eta kritikak jaso ditu. Familia aniztasuna errealitate bat da, eta eredu hori ere aurkeztu behar da. Batez ere Elizak bota ditu gogorrenak familia horien aurka. Onartu edo ez, errealitate bat da eta kontua da erregulatzea edo ez erabakitzen dugun».

Kritikoa da oso Elizaren jarrerarekin. Kristau talde jakin batzuetan esperantzarako keinuak ikusten hasi badira ere, hierarkiari jarrera itsu eta itxia egozten dio Mari Jose Mendietak. «Vatikanoak eta goi mailak berean jarraitzen dute; ezkontza hauek ez egiteko desobedientzia zibila eskatzea, eta demokraziaren gainetik beren morala jartzea benetan barregarria iruditzen zait». Elizak jarrera itxi horiek albora utzi eta bide berriak urratu beharko lituzkeela uste du. «Ameriketako Estatu Batuetan, Eliza katolikoko apaizen aurka milaka salaketa jarri dira, pedofilia kasuengatik. Hori bai ez dela maitasuna; hori bortxaketa bat da»

Egun oraindik, legez, Aitorrek bi ama ditu liburuan agertzen den sendia ez da benetako familia. Espainiako Gobernuak berehalako batean sexu berekoen arteko ezkontzak eta adoptatzeko eskubidea onartuko dituenez, ordea, egoera hori aldatzeko zorian dago. Arrunt pozik hartuko du aldaketa Mari Jose Mendietak: «Legea ez da dena, baina legeak lagunduko du. Badago gai honen inguruan Amnesty International erakundearen txosten bat, eta bertan azaltzen du homosexualitatearekiko lege diskriminatzaileak dauden herrietan lesbianen eta gayen aurkako biolentzia handitu egiten dela. Legeak ez du dena konpontzen baina lege horiek aurreratuago dauden tokietan kolektibo horren aurkako biolentzia jaitsi egiten da. Lotura zuzena ikusten dute orain bi urte ateratako txostenean».

«Maitasuna», familiaren erroa

Aita bi, ama bi, ama bakarra... Familia eredu asko, eta guztiak baliagarri eta egoki. Mezu hori zabaldu nahi du Mari Jose Mendietak: «Kontua da onartzea familiaren oinarriak maitasuna izan behar duela».

Ildo horretan, lege aldaketak mesedegarri izan daitezkeela pentsatzen du idazleak, gizarte bidezkoago baten oinarria jar dezaketela. «Homosexualen eskubideak onartuz gero, badirudi heterosexualek zerbait galduko dutela; nire ustez, ordea, denok irabazten dugu, gizartea irekiagoa, libreagoa eta justuagoa izango baita».









© berria.info