berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

KIROLA;2005-09-08;PILOTA. ESKU-HUSKA. Gazteak dira, eta zer? DEBUTARIEN JARDUNA. JULIAN RETEGIK ASEGARCEKO KIROL ZUZENDARIAK AURTEN BERE ENPRESAREKIN DEBUTA EGIN DUTEN BOST GAZTEAK AZTERTU DITU














Gazteak dira, eta zer?

DEBUTARIEN JARDUNA. Julian Retegik Asegarceko kirol zuzendariak aurten bere enpresarekin debuta egin duten bost gazteak aztertu ditu



IMANOL MAGRO

Aurtengoa uda ezin oparoagoa izan da Asegarcerentzat. Jokaturiko bost torneoetatik lau eurek irabazi dituzte, baita Aspeko pilotarien aurkako partida gehienak ere. Dena den, emaitzak ez dira izan Bilboko enpresaren uda oparoaren alderdi on bakarra. Ekainean eta uztailean profesional mailako debuta egin zuten pilotariek maila ona eman dutelako.

Laurogeiko hamarkadan, Gaztea naiz, eta zer zioen pintadak Euskal Herriko hormak estali zituen. Gazte belaunaldi berriak gizartean zor zitzaion garrantziaren aldarria plazaratu nahi zuen. Uda honetan Asegarceko debutariek bere egin dute aldarri hori eta edozein jaialditan sartzeko gai direla erakutsi. Enpresako teknikariak gustura dabiltza euren bilakaera ikusten. Julian Retegi Asegarceko kirol zuzendaria da eta bostek, oro har, maila ona eman dutela uste du. «Ez dute gauza askorik egiteko aukerarik izan, baina profesionaletako debuta ona izan da bostentzat. Halere, garbi daukat bosten artean Mendizabal izan dela maila onena eman duena».

OIER MENDIZABAL: Retegik ez du ezkutatzen Oier Mendizabal izan dela maila onena eman duen debutaria. Haren jardunak ez du txapeldun ohia harritu. «Hogeita bi urte beteak ditu eta oso egina dago. Bere mailak ez gaitu harritu, afizionatu mailan esperientzia handikoa delako. Asko espero genuen harengandik eta asetu gaitu, gustura gaude harekin». Beste debutariekin alderatuta, Hernaniko atzelariak sona handiagoko partidak jokatu ditu. Lehen mailako partidak tartekatzeak hasi berriari on egiten diola uste du Retegik. «Estelarrak beste mailako partidekin nahastu dizkiogu. Onuragarria da maila desberdinetako partidetan aritzea, erre ez dadin. Hilabete gutxi hauetan etorkizun handiko pilotaria dela erakutsi du».

IKER ARRETXE ETA JULEN RETEGI: Bien kasua antzekoa dela uste du Retegik, eta biak batera aztertu ditu. Orain arte biei abizenak asko lagundu diela aitortu du, eta hobetzeko asko dutela oraindik. «Afizionatu mailatik profesionaletara pasatzean, abizenak asko lagundu die biei. Debuta egitea lortu dute, hori da errazena. Orain arte erakutsi dutena ikusita, askok esango dute afizionatuetan bazirela pilotari hobeak. Baina beno, duten adina eta etorkizunean hobetu dezaketena ikusita, hasiera ona izan dutela esan daiteke». Bien etorkizuna aztertzean, tentu handiz mintzatu da Retegi, hitz bat etengabe aipatuz: denbora. «Lehenbizi pilotari egin behar dira, inoiz ezin baita jakin nor izango den pilotari eta nor ez. Asko dute hobetzeko, nola teknikoki hala fisikoki».

Biak banaka aztertzean, bere semea teknikoki «polito» dabilela uste du, baina asko ikasi behar duela oraindik. Urteak betetzearekin bat, heldutasunarekin batera, indarra iritsiko zaiola dio, eta hobera egingo duela. Arretxeri buruz teknikoki zer hobetu baduela uste du. «Teknikoki hiruzpalau gauza on ditu, ondo erabiltzen dituenak, baina beste asko ditu ikasteko oraindik».

IÑIGO DIAZ: «Oso gustuko dut». Diazen izena entzuteaz bat, Retegi loreak botatzen hasi da. «Hamar urte izango dira ezagutzean dudala. Lehen indarra zuen arazo eta oraindik umea bada ere, asko heldu da epe laburrean. Oso pilotari konpletoa da, lehen mailakoa». Diazi buruz mintzatzean, ilusioa dario Retegiren hitz jarioari. Txapeldun ohiak oso gustuko du iruindar gaztea, eta etorkizun handia aurreikusten dio. «Itxaropen handia dut jarrita Diazengan. Gaztetxoa zenetik beti ikusi dut hobetzen eta hori garrantzitsua da, oraindik ere asko hobetu dezakeelako. Dohain handiak ditu, eta lan egiten badu lehen mailako pilotaria izango da».

HODEI BEOBIDE: Hilabete inguru baino ez da Zeanuriko gazteak profesional mailako debuta egin zuenetik. Retegiren ustez, Beobidek pilota zale asko harritu ditu, fisikoki oso indartsua ez dela eman arren, kolpe izugarria erakutsi duelako. «Kantxara irteten denean, askok ez dute uste atzelaria denik, baina gero harritu egiten dira. Postura guztiak oso ondo erabiltzen ditu, gerria oso ondo sartzen du eta bi eskuak ditu onak».

Atzelari gaztea kolpe bortitzekoa da, baina huts asko egiten ditu piloteoan. Retegiren aburuko, Beobidek oinarri ona dauka, eta entrenamenduekin batera gora egingo du. «Beobideren jokoa zorrotz aztertuz gero, huts asko atera diezazkiokegu, baina argi dago maila ona eman duela. Orain arte partidak irabazi ditu, eta hasieran garrantzirik ez duen arren, konfiantza hartzen lagundu dio».









© berria.info