berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

EUSKALHERRIA;2005-09-27;ETA-REN AGIRIA. GUDARI EGUNA. «Benetako egoera demokratikoa eskuratzeko aukera hortxe dugu». ETAk dei berezia egin du, independentziaren alde antolatzeko eta ezkerreko abertzaleen indarrak batzeko. Euskadi ta Askatasuna.



ETA-REN AGIRIA

«Benetako egoera demokratikoa eskuratzeko aukera hortxe dugu»

ETAk dei berezia egin du, independentziaren alde antolatzeko eta ezkerreko abertzaleen indarrak batzeko



Erredakzioa

Azken 30 urtean egindako borrokari so egin dio ETAk Gudari Eguna dela-eta kaleratutako agirian. Borroka bidez hormak pitzatu eta erauntsi izanaren ondorioz «Euskal Herriaren eskubideak aitortuko dituen benetako egoera demokratikoa eskuratzeko aukera» hortxe dagoela dio ETAk Berriara bidalitako agiri batean. Honela dio hitzez hitz ETAren agiriak:«30 urte betetzen dira aurten Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenetik. 30 urte hutsik egin gabe Gudari Egunaren data berezi honetan bizia eman duten gudariei gure omenaldia egiten diegula. Luzeegi joko luke 30 urte hauetan Euskal Herria eta Askatasunaren aldeko borrokak eman duen guztia biltzea.

Aski litzateke esaldi batekin laburbiltzea: 30 urtetako demokrazia franko-espainolaren zanpaketa eta ukazioari, 30 urtetako erresistentzia eta eraikuntza borrokarekin erantzuten ari garela. Tarte horretan guztian ez diogu une bakar batean ere gure herriarekin eta borrokarekin dugun eguneroko hitzorduari hutsik egin. Eta askatasune-rako bide malkartsu horre-tan, bidean erori diren gudariak eta borrokan ari direnak eguneroko eredu eta gidari izan ditugu.

Independentziaren sugarra pizturik mantendu dugu. Gaurko egunean, XXI. mendean sarturik Euskal Herriak herri libre bat izateko aukerak zabalik baldin baditu, etsi gabeko borrokan aritu garelako izan da. Unerik zailenetan burua altxatu, independentzia eta sozialismoaren helburuen iparrari eutsi eta Euskal Herriaren eskubideen aldeko borrokan duinki mantendu garelako. Bere bizi nahiaren alde borrokatzen duen herri baten bultzadarekin, belaunaldi berriak etenik gabe lotu dira bide horretara.

Batzuentzat etsigarria litzateke atzera begiratu eta urte luze hauetan herri honek eman duen guztiari so eginez, sufritu dugun guztiari so eginez, oraindik gure helburuak ez ditugula erdietsi ohartzea. Gatazkaren gogorrak egindako urratsak lausotzen dizkigu sarritan. Ez gara ikuspegi berekoak. Herio hurrenetik atera genuen gure herria, eta gaurko egunera arte ekarri dugu, herri egiten gaituzten zutoinak sendotuz, duintasun espazioak irabaziz, herrien eskubideei ate berriak zabalduz eta askatasunaren aukerari esperantza eta itxaropenez begiratuz. Garesti ordaindu dugu, garesti ordaintzen ari gara, baina Euskal Herria buru bihotzean, borroka latz bezain eder honetan parte hartzeak merezi duela adierazi dezakegu. Euskal Herriak merezi duela!

Latza, bidean kideak utzi ditugulako, samina zer den badakigulako. Batzuk indar polizialekin enfrentamenduetan hil dizkigute, beste batzuk ekintza armatuak prestatuz lehergailuak eztanda egitean joan zaizkigu, auto istripuan edo espetxeetan beste batzuk. Ederra, kide horiekin batera borroka egiteko ohorea izan dugulako, maitasunez eta grinez beteriko borroka baten partaide zuzenak izaten ari garelako. Izan zirelako gara gu, garelako izango dira!Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenean, errepresioa eta beldurraren bidez askapen borroka suntsitzea bilatzen zuten. Gerora ezagutu ditugu hilketak, tortura basatiak, guda zikina, sakabanaketa, ilegalizazioa. Guztia saiatu dute ezker abertzaleak bultzatzen duen borrokarekin amaitzeko, euskal erresistentzia xehatzeko. Hauxe baita 30 urtetan Euskal Herriak ezagutu duen trantsizio bakarra: diktaduratik diktadurara.Frankismo aldiaren ondoko garaian askatasun aukerak gezurrezko erreforma eta trantsizio baten bidez ito nahi izan zituzten. Euskal Herrian Espainia eta Frantziako zanpaketari zilegitasuna ematea eta ezker independentistaren borroka asimilatzea ziren beren helburu nagusiak. Herri eskubideei uko eginez, Espainiako Estatuko boteretatik gidaturiko autonomiaren bide itsuan murgildu ziren indar erregionalistak. Beste batzuek, lekuko jauntxoek, gure herria Frantziako arrotzen interesen aurrean salgai jartzen segitzen zuten bitartean.Geroztik, gutxika eskuartu dituzten eskuduntzak eta Madriletik emandako apurrei esker, beraien eremutxo autonomikoa kudeatu ahal izan dute. Beren lastozko parlamentutik ezkutuko negoziazioak eta ustelkeriaren bidez aberasteko eskuak libre izan dituzte, Euskal Herriaren egiazko premiei bizkarra eman dieten bitartean. Tarte horretan prest agertu dira beraien interes ekonomiko eta politikoen arabera euskal borrokalariak txikitzeko lanean Espainiako eta Frantziako indar armatuekin kolaboratzeko. Leialki gainera. Bakeaz mintzo dira, giza eskubideen errespetuaz, baina eskuak odolez zikinduak dituzte!30 urtez aritu dira Euskal Herriaren zatiketa eta ukazioarekin kolaboratzen, Euskal Herria egunero pittin bat desegiten, eta ezker abertzalearen aurka tresna errepresibo guztiak erabiltzen. Artean, bere esparrutxoan sartzen ez ziren euskal lurraldeak ahaztu dituzte, orain beraien bidaia eta aipamenetan sartzen dituzten arren. Bitartean, label demokratikoa eskuraturik, Nafarroako beren gotorlekutik Sanz bezalako agintari faxistek euskal kutsua duen edozeren aurkako erasoak antolatzeko eta gorrotoa hedatzeko aukera guztiak izan dituzte. Baina ez dute bilatzen zuten helburua lortu. Onartuko ez duten arren, aspaldian egin zuten porrot. Beraien uzta bakarra eragindako sufrimendua eta enfrentamenduaren luzapena izan dira, belaunaldi berriak gatazka egoerara zigortzea. Eta noski, herri gisako gibelamendua atal askotan.

Ibilbide hori ikusita, autonomia kamustuaren bideak eman duena ikusita gero, abertzaleoi bihotzean mina egiten digu PNVk 2005eko udan bertan egindako adierazpenak, berriro independentziari uko eginez, Euskal Herriaren geroa eta herri gisako biziraupena ziurtatu dezakeen aukera bakarrari uko eginez. Iraganeko erru berberak errepikatuz. Hitz politekin apaindu nahi dute berriro, historiari iruzur berri bat egiteko, beraien saldukeria disimuluan pasatzeko, baina funtsean burujabetza konpartitua bezalako kontzeptuekin Euskal Herriaren eskubideei uko eginez eta Espainia-Frantziaren azpiko dependentziaren alde egiten ari dira.

PNVk berriro erakusten digu Euskal Herriarentzat proiektu politikorik ez duela, are gutxiago Euskal Herria askatzeko egitasmorik. Noski, Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoak ez dute lekurik burukide jeltzaleek Euskal Herria ulertzeko duten era partzial eta bitxi horretan. Bere plan bakarra autonomia basko espainol mengel hori mantentzeko bidea egitea da. Arriagako izpiritua berpiztuz, Ardanzaren garai ilunenak gogora ekarriz, 'vivir comodos en España' esaldia formulazio berriekin gaurkotu nahian dabil PNV.Egoera horren erdian, ezker abertzalea izan da urte guztiotan Euskal Herriaren independentziaren aldeko borrokari eutsi dion herri indarra. Euskal Herria bere aniztasunean eta osotasunean kontuan hartzen duten egitasmoak bultzatuz. Proiektu politiko guztiak ahalezko egingo dituen benetako egoera demokratiko bat zabaltzearen aldeko proposamenak eginez, KAS alternatibarekin lehenik, Alternatiba Demokratikoarekin ondoren, Konponbide Demokratikorako Alternatibarekin orain. Autodeterminazio eskubidea oinarri hartuta beti, euskal herritarrok gure etorkizunari buruz erabakitzeko aukera izan dezagun.Borroka bidez Moncloako Estatutua eta Foru Amejoramendua heriora eraman ditugu. Frantziaren menpean Euskal Herria turistentzako postal folklorikoa besterik ez dela erakutsi dugu, euskal herritarroi Matignongo agintariengandik mesprezua eta ukazioa besterik ez datorkigula. Horma batzuk pitzatu eta beste batzuk erautsi egin ditugu. Eta hementxe gaude, aukera eta arrisku berrien aurrean. Gure herriaren etsaiek ez digute ezer oparituko. Baina Euskal Herriaren eskubideak aitortuko dituen benetako egoera demokratikoa eskuratzeko aukera hortxe daukagu. Bultzatzen jarraitu beharko dugu, horretarako bidea etsi gabeko borroka eta herri presioa izango direlarik, orain artean bezala.Gure herrian zabalik diren aukeren aurrean, orain 30 urte hobetsitako formula ukatzaileak alboratu eta guztion artean prozesu demokratikoa zabaltzea proposatzen ari da ezker abertzalea, euskal herritarrei hitza eta erabakia emanez, inolako mugarik gabe.Erronka horien artean ezkerreko abertzaleok badugu erronka zehatzago bat. Gure indarrak antolatu eta borrokan aktibatzeko erantzukizuna hain zuzen. Ezker abertzaleak egingo duen borroka baita Euskal Herriaren etorkizun askea ziurtatzeko bidea.Inguratzen gaituen errealitatean txertatuz eta Euskal Herri berriaren eraikuntzan murgilduz, askatasunari aukera berriak zabaltzeko. Etsaiaren aurrean gure herri nortasuna eta duintasunaren defentsa antolatuz. Umilki, gure lurrarekiko maitasunez. Horrela izango da ezker abertzaleko kidegoa herri eraikuntzaren arlo ezberdinetan izan behar den etsenplua.Horregatik, Gudari Egunean dei berezia egin nahi diegu euskal herritarrei, abertzale guztiei, independentziaren alde antolatu eta borrokatzeko, ezkerreko abertzale guztion indarrak batzeko.ETAk, atzoko eta gaurko gudarien bideari jarraituz, beraiek utzitako aizkora tinkotasunez eta harrotasunez goratuz, herri eskubideen defentsan orain arteko irmotasun berberarekin borrokan segitzeko konpromisoa berresten du. Euskal Herriaren askatasuna eskuratu arte! Lortuko dugu!»Euskal Herrian, 2005eko Gudari Egunean









© berria.info