berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

KULTURA;2005-10-16;Gotzon Garate eta Nafarroako abertzaletasuna aztergai "Jakin"-en. Hasier Etxeberriak egin dio elkarrizketa Garateri, eta Josu Alberok idatzi du Nafarroari buruz



Gotzon Garate eta Nafarroako abertzaletasuna aztergai 'Jakin'-en

Hasier Etxeberriak egin dio elkarrizketa Garateri, eta Josu Alberok idatzi du Nafarroari buruz



ERREDAKZIOA - DONOSTIA

Hasier Etxeberriak Gotzon Garate (Elgoibar, 1934) idazleari eginiko elkarrizketa luze batek osatzen du Jakin aldizkariaren 149. zenbakiaren bizkarrezurra. Bi idazleen arteko solasaldian Garateren obran eta bizitzan sakondu dute. Historia bizia sailaren barruan azaltzen da elkarrizketa.

Gotzon Garate Filosofiako doktoregoa egin zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Teologian lizentziatu zen Innsbruckeko (Austria) Unibertsitatean eta Filologia Erromanikoan, berriz, Deustuko Unibertsitatean. Marxismoan espezializatu zen Friburgoko unibertsitatean bi urtez. Euskal Literaturako katedraduna da Deustuko Unibertsitatean, eta 1978an Euskal Filologiako ikasketak sortu zituen Deustuko Unibertsitatean.1967tik aurrera zazpi euskal herrialdeetako 23 baserritan ibili da, euskara jasotzen. Mundu osoan zehar ere ibilia da, eta udak New Yorken ematen ditu. Gainera, Euskal Herrian egin diren inkesten arabera, Garate gehien irakurri den idazleetako bat ere bada.

Elkarrizketak Garateren bizitza eta obran sakontzen du: haurtzaroa Elgoibarren; jesuiten ordenan sarrera; ikasle gisa Loiolan, Zaragozan, Innsbrucken eta Friburgon egindako egonaldiak; marxismoarekiko interesa eta horren azterketa; erlijioari, kristautasunari eta gainerako erlijioei buruz duen iritzia; euskara eta euskal kulturarekiko maitasun eta atxikimendua; euskararen lanketa eta azterketari eskainitako ahalegin etengabea; atzerrian egindako egonaldi luzeetan ikusi eta ikasitakoa; bere literatur ekoizpena eta euskal literaturari buruzko ikuspegia; munduko eta Euskal Herriko egoera politikoari buruzko iritzia...

Historia Bizia sailaren bederatzigarren atala da honako hau. Aurreko urteetan Piarres Xarriton, Federiko Krutwig, Juan San Martin, Jesus Atxa, Antonio Zavala, Jean Louis Davant, Xabier Gereño eta Iñaki Beobideren bizitza eta lanari buruzko testigantzak bildu ditu Jakin aldizkariak.

Azkeneko hilabeteotako berrien gaineko iruzkinak

Historia Bizia sailaz gain, Josu Alberoren artikulu bat dator Jakin aldizkariaren 149. zenbakiko Gaiak sailean. Bertan, Alberok Nafarroan abertzaletasun politikoak eta euskarak duten hedapenaren arteko harremana aztertzen du. Horretarako, azken urteotako Foru Hauteskundeetako datuetan oinarritzen da. Izan ere, Albero frogatzen saiatzen denez, korrelazio nabarmena dago abertzaletasun politikoak eta euskararen ezagutzak Nafarroako herri eta eskualde bakoitzean duten indarraren artean.

Azkenik, Egunen gurpilean sailean, azken hilabeteotako berrien iruzkin labur eta biziak egin dituzte Jon Benitok Literaturan, Pablo Suberbiolak Soziolinguistikan eta Patxi Gaztelumendik Telepolis atalean.









© berria.info