berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

KULTURA;2005-11-06;LEIHATILA. 'Auspoa' altxorra



Leihatila x JOSE LUIS ALVAREZ 'TXILLARDEGI' (Idazlea)

'Auspoa' altxorra



Joan den urriaren 4ean, Koldo Mitxelenaeneko Aretoan, bere 292 eta 293 ale trinkoak aurkeztu zituen Auspoa Sailak.

Frantzisko Apalategi jesuitaren izkribuetan funtsaturik, Karlisten eta liberalen gerra-kontaerak bilduma berria eskaini digu oraingoan Aita Antonio Zavala nekagaitzak . Ekitaldiko mahaikide Gotzon Garmendia eta Joxemari Iriondo izan zituen .Bere ohituraz kanpo, F.Apalategik bildutako dokumendu mordo hori bereziki interesgarria delakoan, testuen erdal itzulpena erantsi du A. Zavalak .Aita Apalategi jesuitaren berri bagenuen aspaldidanik. Bigarren Karlistadan ibilitako gudari-ohi zaharren ahotik 1922tik aurrera lortutako lekukotza biziak bost koadernotara bildu zituen; eta 1961an, hura hilda 13 urtera, lehenengo liburu mamitsu bat eskaini zigun A.Zavalak: Gure mutillak armetan (Auspoa, 3) .Hain zuzen ere, Putzu nobela idatzi nuenean, oso kontutan izan nuen Apalategiren liburua.Horretan ikasi nuen, esate baterako , Lizarraga Jenerala (Santa Cruz-en kontrako agintari ofiziala), iruin-xemea izanik, euskaraz polito moldatzen zela (24). Eta xehetasun hau berretsita agertu da azkeneko liburu bikoitzean: «Para animarnos, nos decía Lizarraga: 'Eraul-ez oroitu !'» ( II,19 ).Eta tarteka dato soziolinguistiko interesgarriak ematen ditu gudari zahar haiengandik entzundakoa baliatuz: «(bi beltz kastellano gugana etorri ) eta guk erderaz jakin ez , eta alkar ezin adierazirik ibiltzen giñan» ( I,242 ) .Kondaira argitaratu-aren inguruan, jakina denez, kritika zorrotzak eta egokiak egin daitezke, eta egin behar dira, datxezkion gabeziak azaltzeko .Hau gogorazi behar da lehen-lehenik: gugana iritsi ohi den kondaira mota hori, garaileek idatzitakoa izaten dela. Guduetako galtzaileek beren egia-atala (edo beren ikusmoldea gutxienez) hilobira eraman ohi dute .Adibide bakar bat. Donostiak bi Manterola famatu eman ditu: Jose Pepe liberala, eta Kosketako Bizente karlista; Madrileko Gorteetan Castelar famatuari kontra egin zion kalonjea. Hots, Donostian, lehenengoak badu kale bat. Bigarrenak ez.Bigarrenik, berriz, beste hau dago: euskaldun hutsen ezinak eta sofrikario bereziak nekez uler ditzaketela euskaraz ez dakiten historilariek . Hutsune nabarmen hau Joxe Azurmendik azpimarratu du ausarkienik. Nahiz gure arteko erderomanoek kontutan ez hartu, ezta hartuko ere .Unamunok danieraz ikasi zuen Kierkegaard zehazki ulertzeko. Baina hemengo batzuek, Auspoak 50 urte honetan joan den mendeko euskaldun gizarteaz eskaini digun datu pila harrigarriari kasorik ez, eta Ex-cathedra idazteari eusten diote harro .Hizkuntzaren oinarria eskaini digu Auspoak oinarria eskaini digu, hasteko , 300 liburuotan . Euskaldunen arteko hiztegia dugu , batetik, harropuzki arlotetzat mespretxatzen diren euskal fonologiaren araberako bitxikeriak barne .Eta errazegi baztertzen ere, euskaldun petoek gaur arte gertakariak azaltzean erabili izan dituzten kondaira aspektuala eta esamolde jator anitz .Auspoako liburuetan bertsolariak eta bertso-paperak topatzen ditugu dozenaka. Egia. Eta bilketa-lan gaitza egina du Zavala tolosarrak alor horretan.Ez da egia , ordea, Sortak bertsolariak bakarrik argitara dituenik. Urruzuno apaiza, Agustin Iturriaga, Antero Apaolaza, Bizenta Mogel, Piarres Lartzabal, Aita Kardaberatz, Xabier Munibe, eta abar luze bat, benetako euskal idazleak izan dira. Eta askok, Auspoan irakurri ahal izan ditugu .Sortako liburu batzuk, eta ez gutxi, prosazko kondairak dira, gainera. Etxaburu, Zapirain Ataño, Sebastian Salaberria, eta abar. Hauei guztiei ez-ikusia egitea eroso izan dakioke erdaldunari; baina arriskutsua da; eta , nolanahi ere, euskaldun gizarteari ostiko galanta .Baina, amaitzeko, itzul gaitezen laburki hizkuntzaren alorrera.Orain [Do.nos.tia] ( 3 silabatan ), [O.rio] (2), edo-ta [suer.te] (2) egunero irratiz eta telebistaz jasaten ditugularik, argi-emale gertatzen dira bertsolarien ahoskerak: [Do.nos.ti.ya] (4) , [O.ri.yo] (3) eta [su.ber.te] (3) aurkitzea, esate baterako. Euskal silabaketaz, sinalefaz, harrobi gaitza bertsolariengan .Honek eta beste mila puntuk azterketa zehatza merezi dute. Baina ez da hau lekurik aproposena burutzeko. Ondorio hau bakarrik : Unibertsitatean mamitzen ari diren Tesiez gain, primerako oinarri enpirikoa eskaintzen zaigula 300 liburu horietan.Arreta osoaz irakurri ditut egun hauetan Gotzon Garateren esanak (ik.Jakin 149, 29-108 orr.). Zavala , dinosku , ez da abertzalea, independentista alegia . Euskara Batuaren aldekoa ere ez, erantsiko dut nik .Baina, Garateren hitzak neure egiten ditudalarik: «Zavalak egundoko lana egina du: hirurehundik gora liburu, benetako euskaraz idatziak, argitaratu. Baserritarren eta euskararen jabe direnen kontakizunak jaso ditu. Eta bertso mordoa. Kontu horietan, Euskal Herri osoan, gutxi izango da berak bezainbat dakienik» (61).Bizi guztian barrena erdara inposatzen diguten aberchale multzo ugaria jasan behar izaten dugularik, ez dakit, benetan, ez ote ditudan nahiago Antonio Zavalaren ezpaleko filo-karlistak .









© berria.info