berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

MUNDUA;2005-12-15;EB-REN GOI BILERA. Blairren proposamen berria ez dute nahikotzat jo estatu kideek . Aurrekontua murriztu eta "deskontuari" eustea proposatu du; laguntza gehigarriak agindu dizkie kide berriei

























Blairren proposamen berria ez dute nahikotzat jo estatu kideek

Aurrekontua murriztu eta 'deskontuari' eustea proposatu du; laguntza gehigarriak agindu dizkie kide berriei





AINARA MENDIOLA

Europako Batasuneko estatu kideek ez zuten nahikotzat jo, atzo, Erresuma Batuak egindako aurrekontu proposamen berria. 2007-2013rako aurrekontua murriztea, herrialde txiroenentzako laguntzak murriztea eta deskontu britainiarra-ri eustea proposatu zuen Tony Blair lehen ministroak EBko txandakako lehendakaritzan dago. EBko estatuburu eta gobernuburuak gaur eta bihar bilduko dira Bruselan, eta aurrekontuen auzia izango da bileraren ardatza.

EBko aurrekontuen diru iturrietako bat estatu kideen errenta gordinetik ateratzen da. Gaur egun, kide bakoitzak bere errentaren %1,24 ematen du. Londresek, aldiz, ehuneko hori %1,03koa izatea proposatu du eta egitura funtsetatik 12.000 milioi euro murriztea. Trukean, zenbait diru laguntza gehigarri eskaini ditu, estatu kide zahar eta berrientzat. Polonia, Hungaria, Txekia, Estonia eta Letoniari laguntza handiagoa emango die kohesio eta egitura funtsetan. Finlandia, Irlanda, Portugal, Suedia eta Austriari garapenerako laguntza gehigarriak emango dizkie. Eslovakia eta Lituaniak diru laguntzak jasoko dituzte haien zentral nuklearrak desegiteko. Espainiak kohesio funtsak jasotzen jarraituko du 2013a arte, eta 50 milioi euro jasoko ditu Ceuta eta Melillarako. Abenduaren 5ean aurkeztu zuen Londresek lehenengo proposamena. Ordukoarekin alderatuta, aldaketa nagusia da diru laguntza gehigarriak ematea erabaki duela. Proposamena dagoen moduan, EBko erdialde eta ekialdeko estatuak, 2004an sartu ziren 10 herrialdeak izango dira kaltetuenak. Alde batetik, diru laguntza gutxiago jasoko dituzte; eta, bestetik, deskontua ordaindu beharko dute, Erresuma Batuak ez beste herrialdeek bezala. Herrialde horiek, Blairren aliatu naturalak, Londresek EBko lehendakaritzan egindako lana kritikatu dute. Frantziak, Alemaniak eta Poloniak onartezintzat jo dute akordioa. Espainiak eta Italiak ez dute guztiz baztertu, baina ez dute asegarritzat jo. Dena den, Paris eta Londres dira aurrekontuen auzian jarrera kontrajarriena dutenak. Frantziak dio deskontu britainiarra-ri 14.000 milioi euro murriztu behar zaizkiola EB bideragarria izateko. Izan ere, egungo araudiaren arabera, zenbat eta kide gehiago izan EBn, orduan eta deskontu handiagoa jasoko du Londresek aurrekontuetan jarri beharreko dirutik. Orain arte, 5.000 milioi euro berreskuratzen zituen; Blairren planarekin, 7.000 milioitik gora berreskuratuko ditu. Erresuma Batuak 8.000 milioi murrizteko asmoari eutsi dio eta Parisi ohartarazi dio ez duela deskontu britainiarra gehiago txikitu edo ezabatuko Frantziak Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) berrikustea onartzen ez duen arte. NPB 2008an berrikustea proposatu du Londresek, baina Parisek ezezkoa eman dio. Parisek argudiatzen du 2002an erreformatu zutela NPB eta 2013 arte beste aldaketarik ez egitea hitzartu zutela.

Krisialdi politiko eta ekonomikoa

Europako Batasunak gaur eta biharko bileran finantzaketari buruzko akordiorik lortu ezean, aurtengo bigarren porrota izango da. Maiatzean, Europako Konstituzioa indargabe utzi zuten Frantziako eta Herbehereetako erreferendumek. Orain, aurrekontuak dira jokoan daudenak. Auzi hori ekaineko goi bileran ere mahai gainean izan zuten agintariek, eta estatu kideek ez zuten Luxenburgoren proposamena onartu. Londresek baino aurrekontu altuagoa proposatu zuen orduan: errenta gordinaren 1,06 jartzea.

Europako Batzordeak gutxiegitzat jotzen du kopuru hori Batasunean estatu gehiago sartu ahal izateko.













 















EBko finantzaketa sistema





Aurrekonturako diru iturriak: Hiru dira: EBko estatuen errenta gordinaren ehuneko bat, aduana zergak, eta estatu bakoitzak harmonizatuta dauden BEZ zergetatik ematen duen ehunekoa.

Nola erabakitzen da aurrekontua? Estatuek hitzartzen dute errenta gordinaren zein ehuneko erabili EB finantzatzeko. Gaur egun, errenta gordinaren %1,24 ematen dute. EBko Ministroen Kontseilua, Batzordea eta Legebiltzarra zazpi urterako aurrekontu orokor batean adosten dira eta, gero, muga horietan oinarrituta, estatu kideek urteroko aurrekontu zehatza erabakitzen dute.

Zertan gastatzen da dirua? Gaur egun, aurrekontuen %40 inguru nekazaritza bultzatzera zuzentzen da; %35 inguru kohesio eta egitura funtsetara; %7 barne politiketara (teknologia arlora, besteak beste); atzerri politika eta laguntzara %4,5; eta, administrazio gastuak ordaintzera %5.

Kohesio funtsak: EBko batez besteko per capita errentaren %90era iristen ez diren estatuei ematen zaizkien diru laguntzak dira. Espainia izan da laguntza horien onuradun nagusia. EBn 10 kide berri sartu zirenetik, Grezia eta Portugal dira batez besteko errentara iristen ez diren kide zaharrak.

Egitura funtsak: EBko eskualde txiro, urrun edo dentsitate aldetik txikienak direnak bultzatzeko diru laguntzak dira. EBko per capita errentaren %75era iristen ez diren eskualdeek jasotzen dituzte laguntzak.

2007-2013rako aurrekontua hitzartzeko arazoak: Erresuma Batuak, Suediak eta Herbehereek aurrekontua murriztu nahi dute. Gainera, 2004an EBn sartu ziren 10 estatu kide berriei agindutako diru laguntza murriztea proposatu du Londresek. Espainiak ez du nahi orain arte EBko estatu kide pobreenetakoa izateagatik jasotzen zuen diru laguntza bat-batean galdu, urratsez urrats baizik. Ados jartzeko zailtasun handienak, ordea, Erresuma Batuaren eta Frantziaren artean daude. Londresek Nekazaritza Politika Bateratuan erabiltzen den dirutza murrizteko exijitzen du eta Parisek ez du onartzen. Bestetik, Parisek deskontu britainiarra bertan behera uzteko exijitzen dio eta Londresek ez du onartzen, aurreko baldintza bete arte.

'Deskontu britainiarra' edo 'txeke britainiarra': 1984an hitzartu zuen Erresuma Batuak EBrekin. Nekazaritzarako laguntzetatik diru gutxi jasotzen zuenez (nekazaritza sektorea txikia zelako), trukean kalte-ordain bat jasotzea lortu zuen. Bestalde, BEZa beste estatuetan baino handiagoa zen eta inportazio maila ere handia. Hala, proportzioan, diru asko ematen zuen EBren aurrekonturako. Garai hartan, Europako Komunitateko kide txiroena zen Erresuma Batua; orain, aldiz, aberatsenetakoa da. Urtero EBri ordaintzen dion dirutik %33 berreskuratzen du deskontuaren bidez (5.000 milioi euro inguru). Deskontua gainerako estatu kideek ordaintzen dute eta ezabatu egin nahi dute.

Krisialdia: Akordiorik ez bada lortzen, beste kolpe bat izango da EBrentzat. Izan ere, martxan jartzekoak diren egitasmo asko atzeratu beharrean gera daitezke.















© berria.info