berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

kirola;2005-12-18;Bazterkeriari pilotakadak . SOFBOLA EUSKAL HERRIAN. Emakumeak nagusi diren kirol bakarrenetako bat da. Jarraitzaile ugari ditu gurean, 820 federatu baino gehiago



Bazterkeriari pilotakadak

SOFBOLA EUSKAL HERRIAN. Emakumeak nagusi diren kirol bakarrenetako bat da. Jarraitzaile ugari ditu gurean, 820 federatu baino gehiago



JULEN ETXEBERRIA - DONOSTIA

Gizonezkoak nagusi diren mundua da kirola. Emakumeek bazterketa sufritzen dute modu batean edo bestean. Mundu injustu horretan tokia egin nahian ibili behar dute egunez egun. Zorionez, badira salbuespenak, emakumezkoak eta gizonezkoak era berean tratatzen dituzten kirolak. Batzuk haratago doaz eta guzti: sofbola, esaterako. Sofbolean emakumeak dira nagusi. Haiek daramate kirolaren pisua, baita ondo eraman ere.

Baina zer da sofbola? Aldeak alde batera utzirik, beisbolaren antzeko kirola da. Hala ere, baditu zenbait ezberdintasun. Batzuk jokoari dagozkionak dira: pilota handiagoa da, zelaia txikiagoa, pilota jaurtitzaileak lurretik arras egiten du eta jaurtiketa gerri azpitik egiten da, besteak beste. «Beisbola eta sofbola ezagutzen ez dituenak pentsa dezake biak gauza bera dela, baina ez da horrela; bakoitzak bere estiloa du, bere berezitasunak. Beisbola ikusgarriagoa da, baina sofbola azkarragoa», dio Ricardo Garre Euskadiko Beisbol eta Sofbol Federazioko lehendakariak.

Baina beisbolaren eta sofbolaren artean badago ezberdintasun garrantzitsu bat: beisbola gizonezkoen kirola da batez ere. Sofbolean, ordea, emakumezkoak dira nagusi. «Euskal Herrian federatuta dauden jokalarien %90 emakumezkoak dira. Sofbolean ez dago inolako bazterketarik. Aitzitik, diskriminazio positiboa egiten dela esan daiteke. Kirol honetan emakumeak dira nagusi». Ez hori bakarrik. Sofbola da taldekako kirolen artean bakarrenetakoa gizonezkoak eta emakumezkoak batera joka dezaketena. Bitariko sofbola deitzen zaio horri. Sofbolak dituen hiru diziplinetako bat da: jaurtiketa azkarreko sofbola (txapelketetan jokatzen dena) eta jaurtiketa mantsoko sofbola (lagunartekoetan jokatzen dena) dira beste biak.

130 urteko historia

Gurean nahiko kirol berria izan arren, sofbolak historia luzea du atzetik. 1870ean jokatu ziren lehen partidak, AEBetan. Azkar hedatu zen mundu guztira. Egun, munduko herrialde askotan jokatzen da. Kirol horren sehaskak honakoak dira: AEBak, Japonia, Australia, Kanada eta Zeelanda Berria. Europan ere maila polita dago, Italian eta Herbehereetan bereziki. Olinpiar kirola ere bada 1996ko Atlantako Olinpiar Jokoetatik. 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetan, hala ere, ez du tokirik izango. Euskadiko Federazioko lehendakaria sinetsita dago aurki bereganatuko duela berriro galdutako tokia. «Merezi du», dio zalantzarik gabe.

Sofbola orain 25 urte iritsi zen Euskal Herrira. Hastapenetan Bizkaian bildu ziren talde gehienak: Sestaon eta Getxon. Egun, Gipuzkoa da lurralde oparoena taldeei dagokienez. Euskal Herrian federatuta dauden 14 taldeetatik 12 Gipuzkoan daude: bat Irunen, Errenterian, Pasaian, Orion, Hondarribian, Ordizian, Beasainen, Zarautzen eta Zumarragan; eta hiru Donostian. Gipuzkoatik kanpo bi talde daude: Loiun (Bizkaia) eta Burlatan (Nafarroa). Ipar Euskal Herrian eta Araban ez dago talderik.

Instalakuntza falta, oztopo

820 federatu baino gehiago daude egun Euskal Herrian. Kopuru horrek, hala ere, gora egin du urtero, nahiz eta sofbolak orain arte garatzeko oztopo handia izan duen: instalakuntza falta. «Arazo larria izan da orain arte, izugarri mugatu gaitu. Orain, hala ere, zama hori gainetik kentzen hasi gara. Gero eta zelai gehiago daude sofbolarentzat egokituak. Hemendik bi urtera, gainera, sofbolean jokatzeko propio diseinatutako zelaia egingo dute Donostian. Albiste bikaina da: sofbolaren bilgune izango da, eta jauzi handia ematea ahalbidetuko digu. Halaber, eskoletan sustapen kanpaina bat egiteko asmoa dugu. Gazteak sofbolara hurbil daitezen nahi dugu».

Instalakuntza falta ez da oztopo bakarra sofbolak gora egin dezan. Araudiak ere atzera botatzen ditu asko. «Nahiko kirol berria da, eta araudiak ez du antzik beste kirolenekin; gauza batzuetan, esaterako, kontrakoa da. Sofbolean, adibidez, pilota duzunean ari zara defendatzen. Hasieran zaila egiten da araudia ikastea, baina gero sinplea da».Entrenatzaileen falta ere arazo izan da duela gutxi arte, baina immigrazioak arazo hori konpontzen lagundu du. Azken urteetan asko izan dira Hego Ameriketatik Euskal Herrira etorri diren lagunak, eta horietatik askok sofbolean jokatzen zuten euren jaioterrietan. «Izugarri laguntzen digute. Asko ari gara ikasten haiekin».









© berria.info