berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

AGENDA;2006-01-22;ANTZERKIA. Txotxongilo ikuskizuna euskara bultzatu nahian

































antzerkia

bera. Gaur, 17:00etan, kultur etxean.

Txotxongilo ikuskizuna euskara bultzatu nahian





erredakzioa donostia

Kukubiltxo antzerki taldeak, umeen artean euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin, Argitxo eta Dir-Dir antzezlana kaleratu du duela hilabete gutxi. Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioaren Euskaraz Bizi egitasmoaren barruan aurkeztu dute, hainbat herritan. Gaur, 17:00etan, Berako Kultur Etxean izango da ikusgai.

Dir-Dir, txotxongilo ikuskizun honi izena ematen dion pertsonaia berria, Argitxo ezagunaren kriseiluaren barrutik jaiotako argi txinparta da. Aspalditik ezagutzen dute haurrek Argitxo pertsonaia. Izan ere, euskararen erabilera bultzatzeko irudi bezala erabiltzen du Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak ikastoletan.

Kukubiltxo taldeak iluntasuna isiltasunarekin, komunikazio ezarekin, eta argia hitzekin eta hizkuntza aniztasunarekin parekatzen ditu azken lan horretan. Antzezlanaren hariari dagokionez, hasieran dena iluna da, dena isiltasuna, beltza da kolore nagusia. Ez dago argirik, ezta hitzik ere. Orduan, Argitxo azalduko da eta hark piztuko du lehen argia. Hitzei soinua emango die eta isiltasuna desagertzen joango da. Gainera, argi horren atzetik etorriko dira besteak, eta izarrez betetako unibertsoa sortuko da, hizkuntzen unibertsoa. Izar horietako bat euskararena izango da.Hala ere, Argitxo ez da bakarrik egongo. Dir-Dir pertsonaia berria Argitxok berarekin eraman ohi duen kriseilutik atera eta bizitza propioarekin argi-txinparta gisa gorpuztua egongo da. Argitxoren zaintzaile izango da antzezlanaren momentu batzuetan. Protagonismo garrantzitsua izango du Dir-Dirrek, hizkuntzen izar konstelaziotik argi bat aukeratuko baitu eta haren zaindaria izango baita. Aukeratutako argia euskararena izango da.

Bi pertsonaiek hizkuntzen suaren garra gori-gori mantendu nahiko dute. Horretarako, haurren laguntza eta konplizitatea beharko dute. Kukubiltxo taldearen esanetan, «istorio honetan, Argitxo eta Dir-Dirren gidaritzapean, hizkuntzen unibertsoaren sorrera ikusiko dugu, unibertso horretatik euskaldun mundua argitzen duen argia aukeratuko dugu eta urte eta mendeetan bizirik irauteko mantendu duen bere barne sua ezagutuko dugu».

Kukubiltxo antzerki taldearen erronka berria eta lan ereduen aldaketak

Kukubiltxo antzerki taldearentzat erronka berria izan da Argitxo eta Dir-Dir antzezlana aurrera ateratzea. Gainera, taldeak erabili ohi dituen lan ereduak aldatu egin behar izan ditu. Josu Camara zuzendariaren esanetan, aldaketa nagusien artean kontatzen den istorioaren jatorria dago. Kukubiltxok egindako aurreko ikuskizunak lehenagotik idatzitako ipuin eta gidoietan oinarrituta daude. Oraingoan, aldiz, taldeak berak sortutako istorioa antzezten dute.

Teknika aldetik ere berrikuntza ugari egin dituzte azken lan horretan. Txotxongiloen munduko teknika berriak ekarri dituzte. Erabili ohi dituzten foku eta argiztapenaz gain, ikuskizunerako bereziki egokitutako eta asmatutako beste argiztapen sistema batzuk ere erabili dituzte.















© berria.info