berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

AZKENA;2006-03-04;HONDAR ALEA. Izokinak Oria ibaian gora . ibaiak lehengoratzen. . Gipuzkoako Foru Aldundiak 3.700 izokin gazte askatu ditu Oria eta Urumea ibaietan, ibaiko populazioa suspertzen eta sendotzen laguntzeko







Izokinak Oria ibaian gora



ibaiak lehengoratzen. Gipuzkoako Foru Aldundiak 3.700 izokin gazte askatu ditu Oria eta Urumea ibaietan, ibaiko populazioa suspertzen eta sendotzen laguntzeko





agurtzane solaberrieta - LASARTE-ORIA

Errekak eta ibaiak nola dauden jakiteko, ez da aski uraren kalitatea aztertzea. Ibaiak lehengoratzen ari diren jakiteko, izokina da adierazle nagusia. Izan ere, izokinak, bizitzeko eta ugalketa zikloa osatzeko, baldintza oneko ibaiak, ur garbikoak eta ondo zaindutako ubide eta ibaiertzak behar ditu. Horregatik, esan daiteke izokinak bizi diren ibaiek badituztela behar adina baldintza ekologiko uretako beste espezie batzuei ere bizitoki egokia eskaintzeko.

1993an, Urumea ibaia modu sistematikoan lehengoratzen hasi zen Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Garapenerako Departamentua. Hala, ibaiko populazioa handitu eta sendotzen laguntzeko, urtero 20.000 izokin inguru askatzen dituzte. Egunotan, guztira, 3.700 izokin gazte askatuko dituzte Orian eta Urumean. Atzo, hain zuzen ere, Bidasoako Ehiztari eta Arrantzaleen Elkartearen arrain haztegian 2005. urtean hazitako ehunka izokin askatu zituzten Oria ibaian, Lasarte-Orian. 12 zentimetroko izokinak askatu zituzten; haztegian urtebete pasatu dutenak, hain zuzen. Maiatzean eta ekainean 5-6 zentimetrokoak askatuko dituzte, haztegian sei hilabete inguruan soilik egondakoak.

Itsasotik ibaira, ugaltzera

Izokinak ibaian askatzen badituzte ere, aldaketa fisiologikoak egin ostean ur gezatik gazira pasatzeko aldaketak izaten dituzte eta berehala itsasora joaten dira. Han egoten dira urtebetean edo bi urtean. Itsasoan pasatutako denboraren arabera, 3-7 kilo ere hartzen dituzte izokinek, eta orduan, berriz ere, Oria ibaira igotzen dira, ugalketa hastera. Aukeran gutxiegi, ordea. Urtean 20.000 izokin inguru askatzen badituzte ere, 1993tik Gipuzkoako Foru Aldundiak itsasotik Urumea ibaira bueltan etorritako 855 izokin kontrolatu ditu, eta Oria ibaian, 185 izokin.

Hala ere, azken urteetan ibaira sartutako izokin kopuruak gora egin duela adierazi zuen atzo Rafael Uribarrenek, Gipuzkoako Landa Garapenerako diputatuak. 2002. urtean, esaterako, Urumea ibaira 184 izokin kontrolatu heldu ziren, eta iaz Oria ibaira, 33 izokin.

Itsasotik bueltan ibaira igotzen diren izokinak errutera igotzen dira, ugalketa hastera. Arrautzak itsasoan ez, Urumean edo Oria ibaian erruten dituzte. Diputazioaren hitzetan, aurten Oria eta Urumea ibaietatik hartutako izokin arraba asko ekoitziko dira arrain haztegian. «Bi ibaietan izandako izokin sarrera onak balio izan du arrain haztegietan ugaltzaile kopuru handia edukitzeko. Horietatik 80.000 arraba atera ondoren, gutxi gorabehera 50.000 izokin kume haziko ditugu. Horrela, Oria, Urumea eta Oiartzun ibaietan izokina berriz sartzeko ahaleginarekin jarrai dezakegu eta gehitu ere egin dezakegu».

Horrelako ekimenen bidez, espeziea lehengoratzea lortu dute. Eta, nola ez, baita ibaia bera ere.

Bestalde, Tolosako Araxes errekan izandako isurketa nondik datorren aztertzen ari da Diputazioa; arrain ugari hil dira.















© berria.info