berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

HARIAN;2006-04-06;APOSTASIA. Elizari azken agurra . Eliza katolikoak hainbat arlotan duen jarreragatik edo sinesmen ezagatik Elizatik irten nahi dutenek zailtasunak salatu dituzte







Elizari azken agurra



Eliza katolikoak hainbat arlotan duen jarreragatik edo sinesmen ezagatik Elizatik irten nahi dutenek zailtasunak salatu dituzte





agurtzane solaberrieta - DONOSTIA

Gurasoen nahi eta sinesmenengatik bataiatu ohi dira haurrak. Berak hala erabaki gabe, Eliza katolikoko kide bihurtzen dute. Heldutasunera iristean, ordea, Elizako kide izan nahi ez dutela erabakitzen badute, zer aukera dute? Posible al da? Elizak modu bakarra aitortzen du Elizako kristau zerrendatik ezabatua izateko: apostasia.

Apostasia bataioko sakramentuen bidez «ustez jaso diren» Eliza katolikoaren dogma eta sinesmenei esplizituki uko egitea da. Eskubide bat da, nazioarteko ia legedia guztietan jasota dago, eta, beraz, Eliza behartuta dago apostasia bermatzera. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean, esaterako, hala dago jasota. Apostasia agiria lortzeko, nahikoa da norberak bataiatutako parrokiara eskutitz bat bidaltzea apostasia egin nahi duela eta zergatik egin nahi duen azalduz. Interneten eskutitz ereduak badaude. Ez dute bataio agiritik borratuko, baizik eta apostasia egin dutenen zerrendan erantsiko dute. Hala azalduta, erraza dirudi; haatik, Elizak traba ugari jarri ohi ditu. Parrokoaren arabera, errazagoa izango da, edo ez. Zergatik, baina?

Kanpainak

Gizarte mugimenduek apostasiaren aldeko kanpainak egin ohi dituzte. Euskal Herriko Gay Askapen Mugimenduak (EHGAM), esaterako, 1994an egin zuen lehen aldiz. Elizak homosexualen kontrako kanpaina bortitza hasi zuen eta «erantzuteko beharra» sentitu zuten. Imanol Alvarez EHGAMeko kideak azaldu duenez, bataiatutako guztiak Eliza katolikoaren erregistroan daude erroldatuta, eta estatistikek guztiak hartzen dituzte kristautzat. «Elizako buruak erregistro horretan oinarritzen dira haien ustezko boterea mantentzeko, eta kristau kopuruaren araberako diru laguntzak jasotzen dituzte Estatutik».

Alvarezen esanetan, kanpainak arrakasta itzela izan zuen, eta Elizari ez zitzaion batere gustatu. «Ahalik eta oztopo gehien jartzen ahalegindu ziren. Bizkaian lortu genuen gauza bakarra izan zen apostasia egiteko gutuna bidali genuenoi erantzutea. Gotzaindegiko zigilua zuen eta apostasia eskakizuna jaso zutela zioen. Jaso bai, baina bete?». Alvarezek aitortu duenez, ez ziren egiaztatzera joan. «Nekatu egin ginen; mareatu egin gintuzten».

EHGAMek kanpaina egin zuenean, apostasiaren kontua berria zen. Eliza bera ere harritu egin zela dio, ordura arte ia apostata bakarrak, beste erlijio batera pasatutakoak zirelako, hala nola Jeovaren lekukoak. Horretarako, nahiko erraz ematen zuten. «Galdetu ziguten lehen gauza horixe izan zen: ea beste erlijio batean sartu nahi al genuen. Ezetz erantzutean, 'ba ezer ez', erantzun ziguten».

Marijo Mendietak orain dela hiruzpalau hilabete erabaki zuen apostasia egitea, Espainiako Gobernuak homosexualei ezkontzeko eta adoptatzeko eskubidea aitortzen dien legea iragarri zuenean gotzain askok homosexualen kontra eginiko adierazpenek bultzatuta. Besteak beste, familia homosexualetan bizi diren haurrak indarkeria giroan hezi direla esan zuen gotzain batek. Mendietak ume bat du beste emakume batekin, eta adierazpen horrek «sutan» jarri zuen. Gutxira, Elizak kristau kopuruaren araberako diru laguntzak jasotzen dituela jakin zuen. «Eliza gure kontrako kanpaina egiten eta, gainera, ni bataiatuta nagoelako dirua lortzea, hori ez dut onartzen, eta gotzaindegira joan nintzen». Gotzainarekin hitz egin nahi bazuen ere, han ez zegoenez, bikario nagusiarekin hitz egin zuen. Hasieran «oso maitakor, xuabe, goxo» hasi zela dio. Apostasia egin nahi zuela esan zionean, ordea, erabat aldatu zen solasaldiaren tonua. «'Ni ez noa Elizatik, zuek bota nauzue', esan nion. 'Zer diozu? Hemen denak kabitzen gara', esan zidan. Emakume naizelako Elizako hierarkian ezin dudala inolako posturik izan esan nion. 'Zer daukazu zuk, nik ez daukadana, apaiz edota gotzain izan ahal izateko?', galdetu nion. Galdera horri ez ziola erantzungo esan zidan. Lesbiana den aldetik ere iraindu egin zutela esan zion. 'Zergatik nahi duzue ni bezalako jendea barruan eduki?'». Giroa asko «berotu» zen, eta gotzaindegik bota egin zuten.

Gotzaindegitik bataiatu zuten parrokiara joan zen. Apostasia egin nahi zuela esatean, gotzaindegira joateko esan zion. Mendietak, ordea, ez zutela gehiago «mareatuko» eta ez zela handik mugituko «Elizatik borratu arte» erantzun zion. Bikarioari azaldutako arrazoi guztiak azaldu zizkion. Giroa zakartu egin zen. «Liburu bat erakutsi zidan: 'Liburu hau 92an hasi ginen betetzen. Apostasia egin dutenen zerrenda dago hemen, eta oso orri gutxi daude', esan zidan. Orduan, esan nion: 'Lasai, politika honekin jarraitzen baduzue, hemendik urtebetera beste 16 erosi beharko dituzue'». Azkenean, hantxe bete zuen apostasia egiteko orria eta, gutxira, parrokoak beste eskutiz bat igorri zion bere eskaera hartu zutela esanez. «Orain hori da dudan erantzuna. Dena den, espero dut ni jada apostaten zerrendan egotea. Hemendik bi hilabetera egiaztatzera joango naiz, ez naizelako fio». Mendietaren esanetan, nahiz eta apostasia eskubide bat izan, trabak besterik ez dituzte jartzen: «'Pentsa ezazu ondo, hemen denak kabitzen garaÉ'. Baina diskurtso feminista batekin hasten bazara, gauzak gogortu egiten dira. Jada ez zara kristau gaixoa, deabrua zara». Mendietak emakume eta homosexualei dei egin die apostasia egiteko. Bere ustez, apostasiak eragina izango luke jende askok egingo balu. Elizari presioa egiteko modua dela dio. Homosexualez gain, beste askok ere egiten dute. Mikel Elorzaren kasua da: «Fededuna eta sinestuna ez naizelako egin nuen, eta ez natorrelako bat Elizaren jarduerarekin. Ni ez naiz kristaua, ezta praktikantea ere, baina nire errezelua zen seguraski kristauen estatistiketan azaltzen nintzela, bere garaian bataiatua izan nintzelako». Gotzaindegira bidali zuen aurrena eskutitza. Handik erantzun zioten apostasia parrokia bakoitzaren eskumena zela. Zarauzko parrokiara bideratu zuten eta idatzi bera bidali zuen hara. «Parrokoak azkenean eskutitza bidali zidan, eta hiru gauza esaten zizkidan. Alde batetik, Eliza katolikoan bataiatua izan nintzela, eta ezin zutela ezabatu, hori datu bat zelako. Gero, Elizako kidea izatea edo ez nire erabakia zela; eta, hirugarrenik, kristau elkarteko kide ez izateko hartutako erabakiaren azalpen idatzia dagokion artxibo liburuan geratuko dela. Teorian, beraz, pentsatzekoa da nonbaiten jartzen duela ni kide izateari utzi diodala». Elorzaren hitzetan, bataio agiriaren ertz batean jarri beharko lukete.















© berria.info