berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

MUNDUA;2006-05-05;Moussaoui Frantzian kartzelatzea galdegitea aztertuko du Parisek. Zacarias Moussaouiren kontrako bizi guztiko espetxe zigorra berretsi du AEBetako epaile Leonie Brinkemak























Moussaoui Frantzian kartzelatzea galdegitea aztertuko du Parisek

Zacarias Moussaouiren kontrako bizi guztiko espetxe zigorra berretsi du AEBetako epaile Leonie Brinkemak





juanma sarasola

Zacarias Moussaoui euskal herritarrari (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1968) bizi guztiko kartzela zigorra, baldintzapean aske ateratzeko aukerarik gabekoa, ezarri zion herenegun gauean Alexandriako (Virginia, AEB) epaimahaiak. 2001eko irailaren 11ko erasoez informazioa izatea eta horien prestakuntzaren berri Poliziari ez ematea egotzi zioten. 2001eko abuztuan atxilotu zuten Moussaoui, immigrazio arauak urratzeaz akusatuta. Atzo epaimahaiaren ebazpena berretsi zuen Leonie Brinkema epaileak. Hori entzunda, Moussaouik nabarmendu zuen AEBek inoiz ez dutela Osama Bin Laden atzemango. Moussaouiri erasoen ondotik egotzi zioten Al Kaedako kide izatea.

Moussaouiren amaren (Aicha el Wafi) abokatu Patrick Baudouinek eginiko eskariari erantzunez, Frantziako Gobernuak esan du prest dagoela Moussaouik zigorra Frantziako espetxe batean bete dezan lekuz aldatzeko eskakizuna aztertzeko. Halere, zigorra betetzeko baldintzen berri jaso arte itxaroteko beharra azpimarratu du Parisek. Atzerri Ministerioko eledun batek gogoratu du zigortutako pertsonak lekuz aldatzeko bi akordio dituztela Frantziak eta AEBek: bat bien artekoa da, 1983koa, eta bestea, Europako Kontseiluarena, 1985ean indarrean sartu zena. Aitzitik, Aicha el Wafi haserre dago Frantziako Gobernuarekin, eta horrek AEBetako agintariei Moussaouiren alde presio aski egin ez diela salatu du. «Ene semea bizirik lurperatu behar dute, Frantzia ez delako ausartu AEBei aurka egiten; arabiar bat entregatzea nahiago izan du», salatu du El Wafik. Abokatuak Parisen «pasibitatea» arbuiatu, eta teknikoki Moussaoui Frantziako espetxe batera eramatea posible dela azaldu du, hark Frantziako pasaportea duela argudiatuta. Haatik, oztopo bat dagoela onartu du: «Frantzian ez dago bizi guztiko kartzela zigor ulertezina, AEBetan ez bezala».

Abokatuaren esanetan, bere eskaerari kasu egiteko aukerak «ia hutsaren hurrengoak» dira egun, baina George Bushen administrazioak «betiko» iraungo ez duela jakinik, Frantziaren eta AEBen arteko harremanek egunen batean «[Moussaouiren] Frantziaratzea» ahalbidetuko duten esperantza agertu du. «Moussaouik hain zigor luze eta zorrotza ez betetzeko borrokatzen segituko dugu», adierazi du Baudouinek. Haren iritzian, Frantzian gehien jota 10 urteko kartzela zigorra jasoko zukeen hark. Moussaouiren amak, berriz, bere semeak ebazpenari helegitea jarriko dion itxaropena azaldu, eta hark 2001eko irailaren 11ko erasoekin batere zerikusirik ez duela frogatuko duela nabarmendu du.

Epailea eta Moussaoui

Atzo, Moussaouik eta epaileak hitzezko tirabira izan zuten honek epaia berretsi ondoren. Brinkemak gogora ekarri zuen hark herenegun esandakoa «AEBek galdu duzue, nik irabazi dut», eta zera esan zion zigortuari: «Moussaoui jauna, begiraiozu jende horri [epaimahaikoei]. Zerua, eguzkia, txoriak ikusiko dituzte berriz. Zuk ez. Beraz, ez dago hain argi zeinek galdu duen». Moussaouik, harro eta garaipenaren ikurra eginez, honela ihardetsi zion: «Hori izan da nire aukera. Zuek terroristatzat, kriminaltzat, zernahitzat jo nauzue. Zeuen buruei begiratu; nik nire sinesmenengatik egiten dut borroka».

AEBetako fiskal nagusi Alberto Gonzalesek herenegun gauean, epaimahaiaren erabakiaren berri izan ahala, esan zuen «justizia» egin dutela Moussaouirekin. Orain Coloradoko (AEB) segurtasun handiko kartzela federal berezi batera igorriko dute kondenatua, Mendi Harritsuetako Alcatraz deitzen diotenera. Kanpoaldearekin inolako harremana izatea eragotziko dioten baldintza berezietan atxikiko dute hura. Irailaren 11ko atentatuen biktimen senide batzuek ondo hartu dute epaia, baina beste batzuek heriotza zigorra nahi zuten.













 



HERIOTZA ZIGORRA



Adituen ustez, exekuzioen aurkako jarrera indartu da





Adituek diote Moussaouiri heriotza zigorra ezarri ordez bizi guztiko zigorra ezartzeko arrazoia exekuzioen kontra AEBetan zabaltzen ari den jarreran datzala. Fiskalek heriotza zigorra eskatu zuten harentzat, baina epaimahaiko kideek (bederatzi gizonezko eta hiru emakumezko), 40 orduz eztabaidan aritu ondoren, ez zuten hura hiltzeko aho bateko erabakirik lortu. Seigarren aldiz jarraian errefusatu dute heriotza zigorra auzi federal batean. DPIC Heriotza Zigorraren gaineko Informazio Zentroko zuzendari Richard Dieterren aburuz, Moussaouiren kontrako ebazpenak agerian utzi du exekuzioen aukera «kondenatuta» dagoela. «Heriotza zigorra hutsala da, ez du birgaitzen, ez du deus konpontzen eta ez du zentzurik». Heriotza Zigorra Ezabatzeko Koalizio Nazionaleko zuzendari David Ellioten iritziz, ez dago dudarik AEBak zigor mota horretatik aldentzen ari direla. Elektrokuzioa, urka, fusilatzea eta gas ganbera baztertu ondoren, injekzio hilgarriaz ezartzen dute heriotza zigorra. 1976tik, heriotza zigorra berriz indarrean jarri zutenetik, 1.021 pertsona hil dituzte horrela. Halere, giza eskubideen aldeko taldeen presioagatik eta nazioartearen errefusagatik, exekuzioak murrizten joan dira. 1999an 98 preso hil zituzten, eta 2005ean, 60. Fiskalek ez dute lehen adina eskatzen, epaimahaiak hura gomendatzeko uzkur agertzen dira eta iritzi publikoak gero eta gehiago egiten dio aurka zigorrari, irizpide arrazistekin eta askotan errugabeei ezartzen dietela salatuta.















© berria.info