berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

KULTURA;2006-06-09;Veleiako arbelak, Ponpeiaren parean. III. mendeko kalbario bat, munduko zaharrena, aurkitu dute Arabako Iruņa-Veleia aztarnategian





Veleiako arbelak, Ponpeiaren parean

III. mendeko kalbario bat, munduko zaharrena, aurkitu dute Arabako Iruña-Veleia aztarnategian

estitxu ugarte

Gasteiz

Etxeko zaborra ziruditen hondakinen artean aurkitu dute munduan parekorik ez duen erromatar garaiko multzo epigrafikoa. III. mendean, Arabako Veleia hirian bizi zen familiak zeramikazko eta hezurrezko hondakinetan eginiko era guztietako inskripzioak dira. Idazki eta irudi horietatik 270 berreskuratu dituzte jada Iruña-Veleiako arkeologoek, eta beste multzo bat, bigarrena, aurkitu dute.

Iruña-Veleiako ikerketa taldeak iragan udan aurkitu zituen inskripzioak zituzten objektuak eta ontzien zatiak, eta urtebetez horiek aztertzen aritu ostean, atzo aurkeztu zituzten. «Euskal Herriko multzo epigrafiko nagusia da, eta erromatarren garaiari buruzko munduko garrantzitsuenetakoa, Ponpeian, Erroman eta Vindolandan (Ingalaterrako iparraldean) agertu direnen parekoa», nabarmendu du Iruña-Veleiako aztarnategiaren zuzendari Eliseo Gilek.

Gainera, XVI. mendean aztarnategia identifikatu zenetik, aurkikuntzarik garrantzitsuena dela azaldu zuten atzo eginiko agerraldian. Aurkikuntzaren berri emateko bildu ziren atzo Arabako aztarnategiaren zuzendariarekin batera, Bartzelonako Unibertsitateko egiptologo Montserrat Rius eta EHUko Antzinako Historiako katedradun Juan Santos. Halaber, egitasmoa babesten duten Arabako Foru Aldundiaren eta Euskotrenen ordezkariak izan ziren.

Altxorra Ponpeia Valentinako domus-eko gela batean aurkitu zuten, hain zuzen, Iruña-Veleian dagoen eraikuntza handienetakoaren patioaren barrunbe batean. Janarihondakinak, hainbat ontziren zatiak eta sukaldeko eta mahaiko ohiko zeramikak topatu zituzten.

Berez, balio handirik ez zutela zirudien, baina aztarnak ondo aztertu ondoren, arkeologoak konturatu ziren hondakin haietako asko arbela moduan erabiliak izan zirela. «III. mendean Veleiako etxebizitza horretan bizi zen familia aberatsak oharrak hartzeko taula gisa erabili izan zituen zeramika zatitxo horiek», azaldu zuen Gilek atzoko agerraldian.

Are gehiago, taula horietan agertutako idazkiak eta marrazkiak aztertu ondoren gehienak eskola munduarekin eta ikasketekin zerikusi handia zutela ohartu ziren ikerlariak. «Beraz, paedagogium-aren aurrean geunden, Ponpeia Valentinako domus-ean bizi izan zen Veleiako familia hartako seme-alabei eskolak emateko erabiltzen zen gela».



KALBARIO ZAHARRA.Nolanahi ere, eskola eta ikasketa munduarekin loturiko inskripzioak baino, beste batzuk gertatu dira deigarriagoak, eta atzoko agerraldian Iruña-Veleiako aztarnategiaren zuzendariak nabarmendu zituen. Batetik, kristautasunari egiten zaizkion erreferentziak aipatu zituen.

Gilek gogoratu zuenez, III. mendea ideologia eta erlijioaren arloan oso garai gatazkatsua izan zen, ohitura paganoak gain behera zetozen, eta kristautasuna bezalako kultu berriak hedatzen ari zirelako. Arabako aztarnategian, hain zuzen, kristautasunaren testigantza bikainak aurkitu dituzte. Besteak beste, kalbario baten -Jesukristoren gurutziltzatzea- irudia agertzen duen pieza bat aurkitu dute. «Pieza txikia da, zortzi edo hamar zentimetrokoa, eta nahiko zatituta dago» azaldu zuen Gilek. Hala ere, Iruña-Veleiako kalbarioa orain arte munduan aurkitu den zaharrena da. Halaber, kristau munduarekin lotutako bestelako inskripzio batzuk ere agertu dira.

Iruña-Veleiako zuzendariaren irudiko, Euskal Herriaren kristautzeari buruz egun dagoen eztabaida eta ikerketak argitzeko baliagarria izan daiteke aztarnategian eginiko aurkikuntza. «Gure herrian kristau munduaren agerpena pentsatu baino goizago gertatu zela erakusten dute aurkitutako piezek».



HIEROGLIFIKOAK. Bestetik, multzo epigrafikoaren beste berezitasun bat idazkera hieroglifiko klasikoa agertu izana da. Ikerlariak jorratzen ari diren hipotesiaren arabera, Veleiako familiaren seme-alaben irakaslea egiptoarra zen, eta, ondorioz, umeei bere herriaren historiari, idazkerari, kulturari eta sinesmenei buruzko gaiak ere azaltzen zizkien.

Irakasle egiptoarra etxean izateak Veleiako familia «estatus handikoa» zela adierazten duela azaldu zuen Montserrat Rius egiptologoak.

Agertutako inskripzioen inguruan, Riusek argitu zuen bi inskripzio mota bildu dituztela Iruña-Veleian. Taula batzuetan, latinez, Egiptoko historiari buruz edo Egiptoko jainkotasunari buruz hitz egiten da. Beste taula batzuetan hieroglifikoan jasotako ohartxoak daude, batzuk esaldiak dira baina beste batzuk hitzak besterik ez. Riusek nabarmendu zuenez, «zeinuak oso ondo zehaztuta daude, eta, hortaz, gure ustez, irakaslea hizkuntza bera baino gehiago, zeinuak idazteko klaseak ematen ari da». Iruña-Veleiako zuzendariak azpimarratu zuenez, «lehen aldia da mendebaldeko Europako hain iparraldeko inguruan idazkera hori agertu dela». Gainera, kontuan hartu behar da III. mendean Egipton idazkera hori desagertzear zegoela.

Nolanahi ere, multzo epigrafikoaren berezitasunaz gainera, Iruña-Veleiako aztarnategian lanean aritu den arkeologoen irudiko, azpimarragarria multzoaren aniztasuna da. Izan ere, nazioarteko adituen laguntza izan duen Iruña-Veleiako ikerketa taldeak inskripzio eta marrazkien garrantzia azpimarratu zuen atzo. «Agertzen diren gaien aniztasunak Iruña-Veleiako aztarnategia apartekoa bilakatzen du, erromatarren munduan», azaldu zuten.

Apartekoa izan arren, munduko handiena edo hoberena ez dela ohartarazi nahi izan zuen EHUko Aintzineko Historiaren katedradun Juan Santosek, eta zuhurtziaz jokatzeko eskatu zuen. «Ez dira munduko inskripziorik handienak edo onenak, munduan era askotako inskripzioak daudelako, eta hauek etxeko inskripzioak dira, graffitiak dira. Oso multzo epigrafiko inportantea da, baina ez da multzo monumentala».

Gainera, eremu horretan datu gehiago lortzen ari direla adierazi zuten ikerlariek. Izan ere, duela aste gutxi, bigarren multzo epigrafiko bat aurkitu dute. Aurkikuntza berri horren inguruan zehaztasunik ez zuen eman nahi izan Iruña-Veleiako zuzendariak, oraindik ere ikerketak ez baitira amaitu. Hala ere bigarren multzo hori Veleiako beste eraikin batean aurkitu dituztela azaldu zuen. «Aurkikuntza horrek indartu egiten du Iruña-Veleiak gure iragana aztertzeko funtsezko tokia dela», esan zuen Gilek.

Egun, Iruña-Veleian aritzen den ikerketa eta arkeologo taldea 1994. urtean hasi zen Gasteiztik hamar kilometrora dagoen aztarnategian indusketak egiten. Ordutik ugari izan dira egin dituzten aurkikuntzak. Besteak beste,Veleiako hiriaren eraikin asko identifikatu eta aztertu dituzte, haietako batzuetan dauden mosaikodun zoladurak eta erromatar flavia garaiko horma pintura multzoak atzeman dituzte, eta harresiaren aztarna ikusgarriak aurkitu dituzte ere.



############



«Irakasle egiptoarra etxean izateak Veleiako familia estatus handikoa zela adierazten du»

montserrat rius

egiptologoa



############





############



Veleiako multzoa erromatarren munduko garrantzitsuenetakoa da, Ponpeiaren parekoa»

eliseo gil

iruña-veleiako zuzendaria



############





############



«Ez dira inskripzio monumentalak, etxekoak dira, erakusleiho txikietan jartzeko»

juan santos

ehuKO ANTZINaKO HISTORIAKO KATEDRADUNA



############





############



inskripzioen edukiak

Iruña-Veleia aztarnategian topatu dituzten taulatxoetan era guztietako gaiak jorratzen zituzten ikasleek eta irakasleak eskola orduetan. Hona hemen ikerlariek eta arkeologoek atzeman dituzten gai nagusiak:



Eskola eta ikasketak

Alfabetoak.

Buruz ikasteko era guztietako zerrendak. Autore klasikoak, jainkoak, pertsona historikoak.

Eneida'-ko gaiak.



Eguneroko bizitza

Erretratu txikiak. Familiaren eta ingurukoen marrazkiak agertu dira, umeek edo irakasleak berak eginikoak dira.

Etxeko bizitzaren irudiak eta marrazkiak.

Karikaturak.

Paisaiak.



Kristautasuna

Kalbarioa. Jesukristo gurutzean agertzen duen marrazki txikia, orain arte munduan aurkitu duten zaharrena omen da.

Esaldiak, hitzak eta irudiak. Kristautasunari buruzko esaldiak eta bestelako irudi txikiak.



Egipto

Hieroglifikoak. Ez dira esanahia duten esaldiak edo hitzak, baizik eta zeinuak.

Egiptoko gaiak. Egiptoko kultura, bizimodua eta jainkoak.





############



© berria.info