berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

KIROLA;2006-07-29;Aranalde izango da iazko bakarra. Berarekin, Gabirondo, Goikoetxea eta Lapazaran ariko dira Euskadiko Sega Txapelketako finalean bihar





Aranalde izango da iazko bakarra

Berarekin, Gabirondo, Goikoetxea eta Lapazaran ariko dira Euskadiko Sega Txapelketako finalean bihar

koldo alduntzin

Donostia

Otxandioko Olaeta auzoko belardiak hartuko du aurtengo Euskadiko Txapelketaren finala, bihar (12:00). Zelai hori Otxandiotik bizpahiru kilometrora dago. Hasiera batean Mañarian zen jokatzekoa finala. Finalerdiak han jokatu ziren, baina bertako belarra ez zen egokia. Beraz, 10 egunetan belardi berria aurkitu behar izan dute.

Otxandion, Bizkaiko Txapelketako finala jokatu zen. Ostegunean prestatu zituzten Olaetako belardiko sailak. Ebaki beharreko sail gehienetako belarra ugaria da eta lehen ebakialdikoa, berandu arte eduki baitzituzten ardiak. Hortaz, lan gogorra egin beharko dute lau segalariek; hots, Joxe Gabirondo, Mikel Aranalde eta Andoni Goikoetxea gipuzkoarrek eta Jon Lapazaran bizkaitarrak.

Kanporaketetan eta finalerdietan 30 minutuko lana egin behar izan bazuten, bihar ordubetekoa, eta belar-kilo gehien ebakitzen duenak jantziko du txapela, ebakera txarragatik jaso dezaketen penalizazioa aintzat hartuta. Hau da, epaileek segalariei txartel gorria ateratzen badiete, bakoitzagatik 20 kilo belar kenduko zaizkie.

Iazko finaletik Aranaldek errepikatuko du soilik. Gazteluarra laugarren sailkatu zen, 3.635 kilo ebakita. Erasunek jantzi zuen txapela (4.120,5 kilo), bigarren Mitxelena sailkatu zen (3.914 kilo) eta hirugarren Jexuxmari Ormaetxea Urki (3.703,5 kilo).

Beste hainbat berezitasun ere baditu biharko finalak. Hiru segalari herri berekoak izango dira, hots, Gabirondo, Aranalde eta Goikoetxea; hori ez da sekula gertatu Euskadiko txapelketa batean. Bestalde, Gabirondok eta Lapazaranek berriro jokatuko dute finala, berek jokatutako azken txapelketa irabazi eta sega utzi ondoren; Gabirondok orain dela hamaika urte eta Lapazaranek orain dela lau urte. Horrez gain, Gabirondo eta Goikoetxea osaba-ilobak dira, eta. Lapazaran eta Aranalde elkarren aurka aritu ziren 2002an; Lapazaranek 64 kiloko aldea atera zion.



LAPAZARANEK, ESKARMENTUA. Bizkaitarrak jokatu ditu final gehien. Isidro Tapia izan du aholkularia 17 urteko ibilbidean eta Joseba Arrospide izango du sega zorroztailea. Fisikoki ongi dago, eta konfiantza handiarekin. Sega utzi zuenean (2002) aspertuta zegoela adierazi zuen, baina oso gustura ari dela aitortu du. Gainera, heldu den urtean Mitxelena eta Urki berriro ariko dira, seguru asko, eta horrek motibatu egingo du.

Gabirondorentzat, belar eta belardien egoerak izan dira kezka. Izan ere, aldaketa asko gerta daiteke soro berean. Horregatik, sarritan aurkitu da konfiantzarik gabe; ametsa ere egiten duela esan daiteke. Halere, Gipuzkoako txapela janzteak segurtasuna eman zion, lotsagarri gelditzeko arriskua baitzuen. Halere, gazteluarra berezko segalaria da, eta hamaika urtez segan jardun gabe egon arren, kirola egin du. Iñaki Bengoetxea izango du sega zorroztailea.

Aranaldek ez du lortu bere burua lasaitzea azkenaldian, eta beldur da finalean ere gaizki jardungo ote duen, baina gai da orain baino hobeto aritzeko. Zail izango da Gipuzkoako finaletik hona baino okerrago aritzea. Erasun saiatu da akatsak zuzenarazten. Etxetxo izango du sega zorroztailea.

Goikoetxea arraunean aritu zen udaberri arte, eta aski berandu hasi zen segan. Dena dela, hartan prestakuntza fisiko egokia lortu zuen, eta, fresko eta gogoz heldu da finalera.



############



Joxe Gabirondo

Datuak. Gaztelun (Gipuzkoa) sortu zen orain dela 45 urte. 82 kilo ditu eta 1,75 metroko garaiera. 1988an hasi zen txapelketetan esku hartzen, 1995ean utzi egin zuen, zortzi urtez jardun ondoren, eta aurten hasi da berriro. Bosgarren finala jokatuko du.

Lorpenik garrantzitsuenak. Euskadiko lau txapel (1989, 1991, 1992 eta 1995) eta Gipuzkoako beste lau; azkena, 1995ean.

Finalari begira. «Gustura nago egindakoarekin, baina berriro segan hasi izanak, kezka ugari sorrarazi zidan. Txapela janzteko gogotsu naiz, baina konfiantzarik gabe belarren egoeragatik».



############





############



Mikel Aranalde

Datuak. Gaztelun (Gipuzkoa) sortu zen orain dela 35 urte. 76 kilo ditu eta 1,76 metroko garaiera. Hamabost urtetik gorako eskarmentua du segan. Seigarren finala jokatuko du. 1998an jokatu zuen lehena eta txapela jantzi zuen.

Lorpenik garrantzitsuenak. Euskadiko txapel bat du (1998); 1999an txapeldunorde izan zen. Gipuzkoako txapela ere lortu du.

Finalari begira. «Gipuzkoako finalean lan txarra egin nuen, Euskadiko kanporaketan hobetu nuen, baina finalerdian berriro gaizki. Beraz, hobetu beharra daukat. Lapazaran da indartsuena».



############





############



Jon Lapazaran

Datuak. Markina-Etxebarrian (Bizkaia) jaio zen orain 39 urte. 81 kilo ditu eta 1,67 metroko garaiera. 18 urteko eskarmentua du segan eta 10. finala jokatuko du bihar. 2002ko finala jokatu eta sega uztea erabaki zuen .Trontzan eta sokatiran ere aritua da.

Lorpenik garrantzitsuenak. Euskadiko bi txapel (1997 eta 2002) eta Bizkaiko bederatzi; azkenekoa 2001ean irabazi zuen.

Finalari begira. «2002an irabazi nuen azken txapela, eta harrezkeroztik hobekuntza nabaritu dut. Ez dut betealdirik izaten, eta hori prestakuntza egokiari zor zaio; oso gustura ari naiz».



############





############



Andoni Goikoetxea

Datuak. Gaztelun (Gipuzkoa) sortu zen orain dela 34 urte. 83 kilo ditu eta 1,77 metroko garaiera. Orain dela bospasei urte hasi zen txapelketetan esku hartzen, eta etenaldirik gabe dihardu. Aurtengoa hirugarren finala du.

Lorpenik garrantzitsuenak. Ez du txapelik irabazi, eta hirugarren izan zen 2003 eta 2004an; iaz ez zen sailkatu.

Finalari begira. «Euskadiko finalerdian egin nuen saiorik gustukoena. Azkenaldian entrenamendu saio onak bururtu ditut, eta konfiantzarekin nago; final parekatua izango da».



############





############



Azken txapeldunak

IZENA URTEA KILOAK

Juan Manuel Erasun 2005 4.120,5

Bixente Mitxelena 2004 2.755,5

Jexuxmari Ormaetxea 2003 1.761,5

Jon Lapazaran 2002 1.963

Bixente Mitxelena 2001 2.547

Bixente Mitxelena 2000 2.572,5

Bixente Mitxelena 1999 2.638,5

Mikel Aranalde 1998 2.698

Jon Lapazaran 1997 2.684

A. Erauskin Etxetxo 1996 2.733,5

Joxe Gabirondo 1995 2.527

Bixente Mitxelena 1994 2.794,5



############





############



Abuztuan eta irailean ere izango da sega saiorik

Nazioarteko erako saioak izango dira Gaztelun eta Ordizian, eta, laukoen arteko dema Baliarrainen

k. A.

Donostia

Azkenaldian ugaritu egin dira sega txapelketak, lehiaketak, saioak, demak eta norgehiagokak; batez ere Almitza Elkarteak nazioarteko erako segari ekin zioenetik.

Era horretako bi txapelketa jokatuko dira abuztuan eta irailean. Abuztuaren 15ean, Gazteluko (Gipuzkoa) Txapelketa jokatuko da, herriko jaien barnean (19:00). Segalari berrientzat izango da, federazioek antolaturiko txapelketetan jardun ez dutenentzat.

Gizonezkoek 100 metro koadroko saila ebaki beharko dute eta emakumezkoek 35 metrokoa. Gutxi gorabehera 17 sail ebakitzeko belardia prestatuko dute, eta esku hartu nahi duenak abuztuaren 5a arte izango du epea, telefono honetara deituta: 943671333 edo jai batzordekoekin harremanetan jarri.

Irailaren 3an, berriz, Almitza Elkarteak antolatuko du txapelketa, Bosgarren Euskal Herriko Nazioarteko Sariketa, Ordizian (Gipuzkoa). Lehian Austriako bospasei segalari ariko dira, eta Euskal Herritik, esku hartu nahi duen orok. Oraingoz, Mitxelenak, Aranaldek, Urkik, Goioagak eta Gabirondok eman dute izena, besteak beste. Gizonezkoek 100 metro koadroko saila ebaki beharko dute eta emakumezkoek 50 metrokoa. 12:00etan sailen zozketa egingo da, 12:30ean agurra, eta ondoren, txapelketa. Gainera, heldu den urtean Austrian jokatuko den nazioarteko txapelketarako giltzarri izango da.

Bestalde, abuztuaren 15ean, Baliarrain eta Asteasuren arteko dema jokatuko da lau lauren aurka, Baliarrainen (Gipuzkoa). Talde bakoitzak 2.000 metro ebaki beharko ditu, 18:00etan hasita. Besteak beste, Irazusta eta Lizaso ariko dira Asteasuko taldean. Baliarrainek, berriz, Tolosan irabazi zuen taldea zelairatuko du.







############



© berria.info