berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

KULTURA;2006-08-01;«Palestinako gatazkaren inguruan sortzen diren kontrasteak erakutsi nahi izan ditut». Okupazioaren ondorioak alderdi askotatik aztertzen dituen liburua eman du argitara Juanma Sarasolak


«Palestinako gatazkaren inguruan sortzen diren kontrasteak erakutsi nahi izan ditut»

Okupazioaren ondorioak alderdi askotatik aztertzen dituen liburua eman du argitara Juanma Sarasolak

Juan Luis Zabala

Donostia

Palestinako gatazka gertuagotik jarraitzeko eta hobeto ulertzeko giltza ugari eta askotarikoak eskaintzen ditu Juanma Sarasola idazle eta BERRIAko kazetariaren Olibondoetatik Apartheid hesira liburuak. Palestinara egindako bidaia baten kronikaz gain, hainbat urtetan Euskaldunon Egunkaria-n nahiz BERRIAn gaiaren inguruan argitaratu dituen erreportajeak eta elkarrizketak batu ditu Sarasolak, eta Askapenak eta Arbizuko (Nafarroa) Udalak eman dute argitara liburua. Arbizuko Udala Palestinako Marda herriarekin senidetuta dago, eta bi herrien arteko elkarlanaren fruitu da, neurri batean, liburuaren argitalpena.

Liburuaren aurreneko atalak, Bertatik bertara izenekoak, liburuaren egileak 1993an, Komite Internazionalistetako brigadista gisa, egindako bidaiaren kontaketa du oinarri. Hilabete eman zuen Palestinan, eta Jerusalemen, Cisjordanian, Gazan eta Israelgo Estatuan izan zen, besteak beste. «Oso agenda betea genuen», ekarri du gogora. «Egunero lauzpabost bisita-bilera egiten genituen: proiektu kooperatiboak, alderdi politikoetako nahiz kultur taldeetako ordezkariekin bilerak, sionista ezkertiar batzuekin ere bai, unibertsitateei bisitak...».

Euskaldunon Egunkaria eta BERRIAko artikuluek osatzen dute bigarren atala: Urruneko begirada, 1994-2004. Hainbat alor jorratzen dituzte atal horretako kazetari lanek: Osloko akordioen bilakaerak, Arafaten setioa, errepresioa, presoen egoera, etxeen suntsiketak, giza eskubideen egoera eta bilakabidea... Informazioa biltzeaz gain, gaiaren inguruko hainbat inplikaturen eta adituren iritziak ere jaso ditu atal horretako lanetan Sarasolak.

Liburuaren hirugarren atalak Zortzi ahots gordin du izenburu, eta zortzi elkarrizketa jasotzen ditu. Honako hauek dira elkarrizketatuak: Michel Warschawski (AICeko sortzailea eta idazlea, judua), Tanya Reinhart (Tel Aviveko Unibertsitateko irakasle eta analista, judua), Shaul Goldstein (Yesha Kontseiluko presidenteordea, kolono judua), Osama Hamdam (Hamasek Libanon duen burua, errefuxiatu palestinarra), Jaber Suleiman (Al Aidun elkarteko ikertzaile eta historiagilea, errefuxiatu palestinarra), Jamila Hussein (Intifadaren ikertzailea, palestinarra), Khalida Jarrar (FPLPko diputatua, palestinarra) eta Shlomo Mola (Kadimako kidea, judua).


PALESTINARREN NAHIZ JUDUEN IRITZIAK. «Alderdi bakoitzetik launa pertsonaia ezagun hartu ditut, jatorri politiko eta arlo politiko ezberdinetakoak, eta historialari eta ikertzaileak ere bildu ditut», azaldu du Sarasolak. «Palestinako gatazkaren inguruan zer iritzi dauden eta gatazka horretan zer kontraste sortzen diren erakutsi nahi izan dut».

Horretaz gain, irakurleari gaiaren inguruan hobeto kokatzeko baliagarriak gertatuko zaizkion hainbat elementu osagarri sartu ditu liburuaren amaieran: kronologia, zitak, mapak, Palestina eta Israelgo glosarioa, webgune interesgarrien zerrenda... Horren guztiaren aurretik, berriz, hitzaurrea ere aurkituko du irakurleak, Thamer Birawi palestinar analista eta idazleak idatzia.

«Palestinako gatazkaren inguruan interesa duen edonorentzat» izan daiteke liburua baliagarri, egilearen ustez. «Giltza batzuk ematen saiatu naiz, eta ahalik eta modurik didaktiko eta dibulgatiboenean idatzi eta antolatu dut liburua. Eta irakurleari bere ondorioak ateratzeko aukera eskaini nahi izan diot. Hainbat ahots eta iritzi dago liburuan. Ez da liburu neutroa, ezta erabat objektiboa ere. Nire balorazioak eta iritziak agertzen dira, lehen atalean batik bat. Baina betiere ateak zabalik utzita eta nirekin bat ez datozenen iritziak ere bilduta».

Bidaia 1993an egin bazuen ere, liburua osatzeko ideia geroago izan zuen Sarasolak, duela lau urte inguru. «Bidaia egin nuenean oharrak idatzi nituen, baina gordetzeko, hitzaldiak emateko edo artikuluren bat idazteko, baina liburua osatzeko asmorik gabe». Duela lau urte bururatu zitzaion interesgarria izan zitekeela bidaia hartako kontuak geroztik Euskaldunon Egunkaria-n nahiz BERRIAn argitaratutako lanekin batzea. «1993ko kontuak atzean geratzen ari ziren, batez ere Osloko akordioen eta bigarren Intifadaren hasieraren ondoren, eta berriro Palestinara joan ez naizenez, pentsatu nuen geroztik kazetari gisa egindako lanak bidaiaren kontaketak emandakoaren osagarri izan zitezkeela».

© berria.info