berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

MUNDUA;2006-08-04;Justxenko presidenteak Janukovitx aurkari ohia izendatu du Ukrainako lehen ministro. Legebiltzarra gaur da izendapena onartzekoa, eta, hala, lau hilabete iraun duen krisi politikoa amaituko da





Justxenko presidenteak Janukovitx aurkari ohia izendatu du Ukrainako lehen ministro

Legebiltzarra gaur da izendapena onartzekoa, eta, hala, lau hilabete iraun duen krisi politikoa amaituko da

allande sokarros

Viktor Justxenko presidenteak herrialdeko lehen ministro izendatu zuen atzo Viktor Janukovitx, duela bi urte eginiko presidentetzarako bozetan aurkari izan zuena. Lau hilabete iraun duen krisi politikoa amaitzeko neurria izan da. Verkhovna Rada Legebiltzarra gaur da izendapena onartzekoa. Alde batetik, mendebaldearen ildoak sostengatzen dituen presidentearen -Justxenko- eta, bestetik, Errusiaren alde dagoen lehen ministroaren alderdiek, elkarbizitza bermatzeko xedez, batasun nazionaleko akordioa egin zuten atzo.

Justxenkoren Gure Ukraina koalizio politikoak eta Janukovitxen Eskualdeen Alderdiak egindako akordioak hainbat puntu dauzka. Ukrainak Europako Batasunean sartzeko bideari eutsiko diola, gizarte eta ekonomia alorretako erreformak bultzatuko direla, ukrainera izango dela hizkuntza nazional bakarra eta herrialdea NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzea edo ez erreferendum baten bitartez finkatuko dela dira hitzarmenak dituen puntu nagusiak. Azken auzi horrek zuen eztabaida gehien eragiten bi indar politikoen artean. Justxenko eta haren jarraitzaileak Ukraina NATOn sartzearen alde dira, eta Janukovitx eta haren ingurukoak, aldiz, aurka daude.

Janukovitxen izendapena Legebiltzarrak atzo arratsaldean berrestea espero bazen ere, gaur goizera arte atzeratu zen azkenean. Rodion Miroxni Janukovitxen eledunak atzerapen horren arrazoiak «soilik» teknikoak zirela jakinarazi zuen: «Denbora apur bat behar genuen prozesua prestatzeko».

Dena den, ezusteko handia gertatuko ez balitz behintzat, Legebiltzarrak onartu behar luke Janukovitxen izendapena. Izan ere, iragan uztailaren 6an, hasiera batean Justxenkorekin aliantza egin zuen Alderdi Sozialistak Janukovitxen alde jarri zen gero. Eskualdeen Alderdiak zuen hautetsi gehien lortu iragan martxoaren 26ko Legebiltzarrerako hauteskundeetan -186 ordezkari lortu zituen- eta sozialistekin -33 diputatu- zein komunistekin -21 zinegotzi- gehiengo zabalaren jabe dira orain 450 kidez osatua den legebiltzarrean.



TIMOSHENKO, ORAIN OPOSIZIORA. Janukovitxek 2004. urtearen amaierako presidentetzako bozak irabaztea iruzurren ondorio izan zela salatzean piztutako iraultza laranjako kideen artean botere borrokak eta ezinikusiak izan ziren ondoren. Julia Timoshenko lehen ministro kargutik kentzera eraman zuten liskar horiek Justxenko.

Giro politiko zital honetatik irteteko aurtengo martxoaren 26an egin ziren Legebiltzarrerako bozek, baina, ez zuten egoera hobetu. Justxenkoren Gure Ukraina indar politikoak 81 hautetsi baino ez zituen lortu, eta Timoshenkoren blokeak aurrea hartu zion, 129 diputaturekin. Sozialistekin batera iraultza laranja sustatu zuten alderdiak berriro elkartzeko ahaleginek porrot egin ondoren, Janukovitx lehen ministro izendatzea edo Legebiltzarra desegitea zen Justxenkoren alternatiba bakarra.

Justxenkok berak atzo adierazi zuenez, edozein erabaki hartuta ere, herritarren zati baten kexua eragingo zukeen: «Ukrainaren batasuna sendotzeko gaur egun aukera aproposa dugula uste dut». Timoshenkoren jarraitzaileek, alta, ez dute gauza bera pentsatzen eta oposizioan izango dira honezkero.



############



Lau HILaBeTeKo KrIsIa

Martxoaren 26a. Viktor Janukovitxen Eskualdeen Alderdiak garaile atera zen Legebiltzarrerako bozetan.

Ekainaren 22a. Viktor Justxenkoren Gure Ukraina alderdiak, Julia Timoshenkoren blokeak eta sozialistek gobernu koalizio bat osatzeko asmoa iragarri zuten. Horrek 243 diputatuz osatutako gehiengoa izango zuen Legebiltzarrean.

Ekainaren 23a. Iraultza laranjako partaide ohiek eratutako aliantzak Julia Timoshenko proposatu zuen lehen ministro kargurako.

Uztailaren 6a. Olekzander Moroz sozialista aukeratu zuten Legebiltzarreko presidente, Janukovitxen jarraitzaileen sostenguarekin. Justxenkoren aldekoen aliantza bertan behera gelditu zen.

Uztailaren 11. Legebiltzarrean gehiengoa duen aliantza berriak Janukovitx proposatu zuen lehen ministro kargurako.

Abuztuaren 3a. Justxenkok Janukovitx izendatu zuen gobernuburu. Legebiltzarrak gaur onartu behar du izendapena.



############





############



SosLaIa

Iraultzak zokoratutakoaren errebantxa

Viktor Janukovitx

Ukrainako lehen ministro izendatua

Agintari politiko baten karreran beheko errekaren eta goiko zeruen arteko joan-etorriak egin daitezkeela ageri-agerian utzi du Viktor Federovitx Janukovitxek. Ukraina ekialdeko Donbass eskualde industrialean jaio zen, 1950. urteko uztailaren 9an. Gaizkile arrunt gisa kondenatu zuten bi aldiz, 1968 eta 1970. urteetan. Haatik, kondena horiek ezabatuak izan ziren, Donetsk eskualdeko gobernadore kargurako izendatu zutenean, 1997. urtean. Agintaritza politikoan gora egiten jarraitu zuen Leonid Kuxma presidenteak lehen ministro izendatu zuenean, 2002. urteko azaroan.

Horren segida hartzeko esperoan zela, 2004. urteko azaro eta abenduko presidentetzarako hauteskundeetara aurkeztu zen. Viktor Justxenko izan zuen lehiakide serioena, Ukraina Europako Batasunean eta NATO sarraraztearen aldekoa. Janukovitx garailetzat eman zuten, baina Justxenkoren aldeko indar politikoek iruzurra salatu eta iraultza laranja piztu zen Ukrainan. Mendebaldeko herrialdeek sustatutako kale protesta jendetsuek Janukovitx garailetzat jo zuten hauteskundeak baliogabe jotzera behartu zuten Ukrainako Auzitegi Gorena. 2004ko abenduaren 26an presidentetzako bozen bigarren txanda egin zen eta orduan Justxenko atera zen garaile.

Ukrainako gizartearen baitako zatiketa agerian utzi zuen gatazkak, hots, ukrainar hiztuneko eta Europaren aldeko herrialdearen mendebaldeko herritarren eta errusieraz mintzo diren eta Moskuren aldekoak diren ekialdeko bizilagunen artekoa.

Alabaina, iraultza laranjan bat egin zutenen artean izandako liskarrak guztiz mesedegarriak izan zitzaizkion Janukovitxi. Iragan martxoaren 26ko hauteskundeetan haren alderdiak irabazi zuen. Gertaera honek boterea berreskuratzeko aukera eman dio iraultza laranjak agintetik zokoratu zuen hautagaiari, eta errebantxa nahi duela pentsa daiteke.





############



© berria.info