berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

agenda;2007-03-04;GPS-A. Hondoratutakoa azaleratzen. Duela 70 urte Matxitxakoko guduan ondoratu zen itsasontziaren eskultura inauguratuko da Bermeon





GPs-a

Hondoratutakoa azaleratzen

Duela 70 urte Matxitxakoko guduan ondoratu zen itsasontziaren eskultura inauguratuko da Bermeon

Asier Alkorta

Bermeo

Bihar, martxoak 5, Matxitxakoko guduaren 70. urteurrena oroitzeko ekitaldiei ekingo diete Bakio eta Bermeo (Bizkaia) artean, Ermuburu errepidean; zehatz-mehatz esanda, 32. kilometroan.

Duela 70 urte, 1937an, Matxitxakoko gudua gertatu zen, eta Bou Navarra itsasontzia hondoratu zen batailan. Orain, urteurrena gogorarazteko eta gudu hartan hildako marinelak omentzeko ekitaldia egingo dute bihar. Garai hartan hondoratutako itsasontzi horren errepresentazioa aurkeztuko dute ekitaldian. Eusko Jaurlaritzak antolatu du ekimena, eta Bermeoko Udalaren laguntza izan du.

Nestor Basterretxea artista bermeotarrak eskultura batean irudikatu du itsasontziaren hondoratzea. Eskultura egin aurretik, Basterretxeak eginiko hormigoizko beste lan bat zegoen Bermeon Matxitxakoko guduaren orogarri. Dena dela, 70. urteurrena dela-eta, eskultura berria egitea erabaki zuen Bermeoko Udalak, eta Basterretxeak hartu zuen lan hori egiteko konpromisoa; oraingo eskultura hau altzairu auto-herdoilkorrez egina dago.

Artista bermeotarrak ostiralean aurkeztu zuen, Bermeoko alkatearekin batera, berak egindako lan berria. Basterretxeak aurreratu zuen moduan, eskultura berria aurrekoa baino «handiagoa» izangoa da. Garaieran ez baizik zabaleran handiagoa izango dela esan du, halaber. Eskulturaren aurkezpenean, Matxitxako eta Bidasoa Fundazioak egon ziren. Fundazio horiek guduan hildako euskaldunen memoria historikoa berreskuratzen dihardute.

Ekitaldia 12:00etan hasiko da, Bakio eta Bermeo arteko errepideko 32. kilometroan (Ermuburua). Matxitxakoko gudua hartan hil zirenei lore eskaintza egingo diete lehendabizi, eta hildako horien familiartekoei ere omenaldia egingo diete. Horren ondoren, obra inauguratuko dute.



LEHENDAKARIA EKITALDIAN. Besteak beste, Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakaria eta Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburua egongo dira ekitaldian. Horietaz gain, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia ere bertan izango dela iragarri dute, Bermeoko Udaleko ordezkariekin batera.



############



Ekitaldia

Ekitaldia. Matxitxakoko guduaren 70. urteurrena gogoraraziko dute, eta batailan hildako itsasgizonak omenduko.

Non. Bakio eta Bermeo arteko errepidean; 32. kilometroan, Ermuburuan.

Noiz. Goizeko 12:00etan.





############



© berria.info