berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

TARTEA;2007-04-21;ASTIALDIA. EUSKAL HERRIKO TXOKOAK. Lazkaomendi, Lazkao Txikiren sehaska. Joxemiel Iztueta bertsolaria zenaren etxetik gertu dagoen parajea begiratoki paregabea da Goierriko mendiak ikusteko.





Lazkaomendi, Lazkao Txikiren sehaska

Joxemiel Iztueta bertsolaria zenaren etxetik gertu dagoen parajea begiratoki paregabea da Goierriko mendiak ikusteko.

Iñaki Gurrutxaga

Lazkao

Bizi izan zen artean Euskal Herriko hamaika txoko eta bazterretan ibili zen plazaz plaza Joxe Miel Iztueta Lazkao Txiki bertsolaria. Afrikaraino ere ailegatu zen, soldadutzak hala behartuta. Baina Lazkao Txikiren txokoa Lazkaomendi zen. Auzo horretantxe jaio zen, 1926ko irailaren 15ean, Abalinzahar baserrian, Lazkaoko (Gipuzkoa) baserririk goienean. Jaiotetxea garaieran bai --400 metro inguruan--, baina mutila ez zen asko hazi. Garaiko berriemaile eta kazetariei honelaxe esaten zien, non jaio, hazi eta hezi zen galdetzen ziotenean: «Jaio, Lazkaomendin; hazi, inon ere ez!».

Abalinzahar baserriko paretek hitz egingo balute, makina bat kontu izango lukete jendeari kontatzeko. Gaur egun, haren iloben bizitokia da baserria. Hala ere, kontu handiz gordetzen dituzte osabak utzitakoak. Lazkao Txikiren logelak bere horretan jarraitzen du, erdi-erdian bertsolariaren sehaska dagoela. Hiru bertso jarri zizkion behin bere umetako oheari. Hona hemen aurrenekoa: «Nire sehaska oraindik ere, gordea daukat goguan/ neronek ere zail da esaten, zenbat maitatutzen nuan/ bere gainean ibiltzen ninun, txoritxo baten moduan/ karga handirik ez nuen eta, aisa jasotzen ninduan».

Sehaska maitea zuen, baina jaiotetxearen ingurumariari ere erreparatzen zion. Egunsentiari izeneko bertso sortak ondo baino hobeto islatzen du Lazkao Txikik leihotik ikusten zuen erretratua. Naturazale eta animaliazale amorratua zen. Ez da harritzeko halakoa izatea, parajeak horretarako tartea eskaintzen baitzion. Lan askotan jardun zuen, baina bere azken urteak animalia artean pasa zituen. Lazkaomendiren beste aldean, Zaldibiako lurretan dagoen Gurutzeta baserria erosi zuen beste lagun batekin erdi bana, eta txerriak eta behiak hazten aritu ziren. Haren ondoan beti, bere bi ehiza zakurrak, zintzo eta leial.

Abalinzahar baserria ez da Lazkaomendi ezagutzeko abiapunturik egokiena, goiko haran horren muinoan baitago. Auzoa ezagutzeko ez, baina kirol pixka bat egin nahi duenarentzat paregabea da. Asko eta asko dira, eguna joan eta eguna etorri, baserri bide hori baliatzen duten goierritarrak. Batzuek oinez egiten dute bidea, korrika gero eta jende gehiago ikusten da, bizikletaz ibiltzeko ere aproposa da lekua, eta zaldizkoak ere izaten dira. Eta badu zentzua horrek, Lazkao Txiki zenaren baserritik gora Aralarko sarbide ezkutuenetako bat baitago, GR-20 ibilbidearen pasabidea.



LARTXAI, BIHOTZ ETA BILGUNE. Handik gora mendia eta basoa besterik ez dago. Beno, dena ez da mendia, kilometro eta erdi eskasera Amundarain baserria dago, Ataungo herriari dagokiona. Baserri artean zabaltzen den bideari segituz gero, Ataungo San Martin auzora ailega daiteke ibiltaria. Abalinzahar baserritik behera paisaia dotore bihurtzen da. Ezker eskuin baserriak daude, larre zabalak, eta Goierriko mendien handitasuna suma daiteke; alde batean, Aralar, eta bestean, Aizkorri.

Aldapari beheraka segituz, bidegurutze bat ageri da, eta pare-parean Lartxai izeneko etxea, bide artean sortzen den uhartea. Hantxe dago zain Felipe Altuna. Lazkaomendiko Etxeberri baserrian jaioa, egun Lazkaon bizi da. Lanpetuta dabil egunotan, bihar eguerdian urteroko omenaldia egin behar baitiote Lazkao Txikiri. Aspaldiko partez bada ere, lainoak altxatu du, eta Lartxaik bere izaera berreskuratu du. «Lazkaomendiko bihotza deitzen diot nik honi!», adierazi du. Hirubide ere esaten zaio. Lazkaotik, Ordiziatik eta Zaldibiatik datozen bideek bat egiten duten gunea da Lartxai, eta Aralarren ikusmira ederra dauka. Ezker aldean Balerdi mendia ageri da, ondoren Uakorri eta Larraone, eta erdi-erdian Nañarri edo Larrunarri, Txindoki izenez ezagunagoa. Ausa-Gazteluk eta Gañetak osatzen dute argazkia.

Espainiako II. Errepublikaren garaian egindako eraikina da Lartxai, Gipuzkoako Diputazioaren aginduz. Lazkaomendiko baserrietako neska mutilen eskola izateko sortu zen, eta zeregin hori bete zuen gizaldi erdiz. «Dozena bat urte arte eskola honetan ibili ginen. Hasierako maistra Tolosakoa zen, euskalduna, eta inguruko baserri batean bizi zen. Ondoren etorri zena Santurtzikoa zen, ez zekien euskaraz. Pentsa zer giro egongo zen hemen andereño horrekin, nahiko tristea!», zehaztu du.

Duela hogeita bost urtetik hona, ordea, auzoko baserritarren elkartea da Lartxai. Bertan biltzen dira auzotarrak, kontuak esan eta otorduak egiteko. Hasieran, baserri bakoitzeko seme nagusiak soilik ziren bazkide, egun iaz ez. Altuna bera ere ez da bazkide, baina bart egin duten afarian antolatzeko ardura berak hartu du. Eraikinaren azpiko aldean pilotaleku txiki bat dauka, eta inguruan duen belardian iturri bat ere bai, ahoa lehorra duenak freska dezan.

INPRIMATEGIEN ZAINDARIA. Orain berrogeita hamar urte Lazkaomendin ez zegoen baserri bakar bat ere esnetarako behirik ez zuenik, Altunak azaldu duenez, eta egun, berriz, bakarra ari da lan horretan, eta era industrialean, gainera. Nekazaritzatik eta abeltzaintzatik atera dute bizimodua Lazkaomendin. Guztira, 30 baserri inguru daude, eta behiekin segitzen dutenek haragitarako behiekin dihardute. «Martxa honetan segituz gero, hogei urte barru baserri erdiak hutsak izango dira», bota du, triste.

Hala ere, bizia eta saltsa ezagutu duen auzoa da. Eta egun ere ezagun du hori, jende ugari hurbiltzen baita inguru horretara osteratxoak egitera. Lartxai elkartetik ehun metro eskasera dago Albitxugoena baserria. Altunak betidanik ezagutu du baserri hori taberna modura. «Pipas esaten diote, bertako aitonak pipaz erretzen zuelako. Terraza paregabea du, bista ederrekin». Ez da hori auzoan dagoen ostatu bakarra. Zaldibiako bideari jarraituz, Lazkaomendiko bigarren baserri multzoa dago, eta haien artean Ixurrene jatetxea. «Itsu eta herrenetik datorkio izena; izan ere, beharrez gertatzen ziren elbarri eta gaixoak bertara joaten baitziren».

Maiz erroa duten baserrien artean bada ermita txiki bat, San Joan Ante Portam-Latinam (San Joan Txiki) izenekoa. Eraikin koketa da, eta 70 eliztar inguru kabitzen dira. Ermitaren sarreran elorri dotorea dago, eta hiru banku daude. Inprimategien zaindaria da bertako santua, eta haren bila ibilitakoak ere badira. «Guk ez genekien hala zenik, harik eta kataluniarrak ikerketan hasi ziren arte. Espainia guztian ibili ziren haren bila, eta azkenean Lazkaomendin topatu zuten». Egindako aurkikuntza ospatzeko, kataluniarrak festa egitera etorri ziren urte batean Lazkaomendira, lau edo bost autobus. «Sardana eta guzti dantzatu zuten, eta orkestrarekin etorri ziren. Hurrengo urtean bueltatu ziren, baina orduko alkateak bidali egin zituen. Izugarrizko pena hartu nuen».

On Joan izeneko apaizak meza ematen du oraindik San Joan Txikin, igandero, 12:30ean. 94 urte ditu. «Hori joaten denean akabo, hemen ez da mezarik izango». Gizartearen aldaketa bete-betean ezagutu du, eta garai bateko bizimodutik urruntzen ari dela dirudi, bertako adinekoek agur esaten duten hein berean. Ilunabarrak, ordea, egunsentia zer den badaki, Lazkao Txikik kantatzen zuen moduan: «Loa uxatu ohetik eta, eguzkiak hor dio su/ inpernuaren antz berbera zuk, alde batera daukazu/ baina eguna gazte zera ta, zure eskuan naukazu/ mila zorion egun guztian, arnas ematen banauzu».



############



Lazkaomendiko gida

Nola ailegatu: Donostiatik zein Gasteiztik abiatu, N-1 errepidea utzi beharra dago Beasain parean, eta han Lazkaorako bidea hartu beharra dago. Lazkao Ataunekin lotzeko bidean, ezkerrera hartu beharra dago, eta bi kilometro gora egin, Lartxaira iritsi arte. Ordiziatik eta Zaldibiatik ere irits daiteke, baina bideak estuagoak dira.

Zer ikusi: Baserriak, larreak eta mendia dira Lazkaomendiko sinbolo. Aralar, Aizkorri, Murumendi, Ernio eta Izaspi mendiak ikus daitezke bertatik. San Joan Ante Portam-Latinam ermita bertan dago.

Ibilbideak: GR-20 bideari jarraituz, oinez, bizikleta eta zaldiz hainbat ibilbide egin daitezke, batez ere Aralar aldera joateko.

Zalditegia: Ordizia aldeko bidean Alarpe Zalditegia dago (943 880576).

Ostatuak: Otorduak egiteko bi ostatu daude, Pipas eta Ixurrene izenekoak.

Lotarako: Lizargarate landa turismoko etxea (943881974).



############





############



Bihar omenaldia Lazkao Txikiri; maiatzaren 6an, Lazkaomendiko festa

Bihar eguerdi partean, 12:30 aldera, omenaldia egingo diote lazkaotarrek Joxemiel Iztueta Lazkao Txiki-ri, bere izena daraman plazan, Lazkaon. Goierriko Euskal Eskolak antolatutako Kulturaldiaren parte da ekitaldi hori. Bertsolariek, dantzariek eta herriko musikariek hartuko dute parte ekitaldian, eta baita XVIII. Antzar Bertsopaper Lehiaketan parte hartu duten bertsolari gazteek ere.

Bai asteburu honetan zein ondorengoan, San Prudentzio jaiak ospatuko dituzte lazkaotarrek. Hurrengoan ere izango da festarik Lazkaoko partean. Maiatzaren 6an Lazkaomendiko erromeria edo festa ospatuko da, San Joan Ante Portam Latinam ermitaren aurrean. 11:00etan hasiko da festa, meza nagusiarekin. Ondoren, haurrentzako jolasak izango dira, eta trikitilariek eta bertsolariek alaituko dute giroa. Ixurrene jatetxean bazkaldu ondoren, arratsaldean, herri kirol ikuskizuna izango da. Bezperan, maiatzaren 5ean, junior mailako 31. txirrindularitza proba korrituko da inguruan.





############



© berria.info