berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

MUNDUA;2007-09-05;Erdialdeko Amerika, bi urakanen artean. Hildako bat, zauritu larri bat eta desagertu bat eragin ditu dagoeneko 'Felix' urakanak Nikaraguan


Erdialdeko Amerika, bi urakanen artean

Hildako bat, zauritu larri bat eta desagertu bat eragin ditu dagoeneko 'Felix' urakanak Nikaraguan

ion olano

Egunotan askok daramate akordura Mitch urakana, 1998. urtean milaka hildako eragin zituena Karibe aldean. Izan ere, bi urakanen artean dago egun Erdialdeko Amerika. Aurtengo urakan garaiko bigarrena da Felix. Iragan larunbatetik igandera, ekaitz tropikal zena bosgarren mailako urakan bihurtu zen, Saffir-Simpson eskalako mailarik handienekoa, hain zuzen. Herenegun laugarren mailara jaitsi, eta berriz bosgarrenera igo ondoren, atzo Nikaraguako kostaldera iritsi zen Felix.

260 kilometro orduko abailan heldu zen Nikaraguako Punta Gorda ingurura. Lurra ukitzean, indarra galdu zuen urakanak, eta bosgarrenetik hirugarren mailara jaitsi zen. Dena den, oso eurite gogorrak eragin zituen, eta haize ufada indartsuek kalte material handiak eragin zituzten. AEBetako Urakanen Zentro Nazionalaren (NHC) arabera, egoera oso larria da, pertsonen bizia arriskuan jar lezakeena. Atzo bertan, haur jaio berri bat hotzez hil zen Puerto Cabezas hirian, Nikaraguan. Hura da hildako bakarra, oraingoz. Bestalde, Ipar Karibe eskualdean gizon bat desagertu, eta gazte bat larri zauritu zela esan zuten agintariek.


'MITCH'-EN ONDORENGOAK. 1998. urteko azaroan, Mitch urakanak Nikaragua eta Honduras astindu zituen. Milaka hildako eta kalte material erraldoiak eragin zituen. Hondurasen, esate baterako, 5.657 hildako eragin zituen Mitch-ek. Egunotan Karibe aldea zeharkatzen ari den Felix urakanak Mitch gogorarazi die askori. Oraingoz, Felix-ek eramandako haizeek hildako bat eragin dute, kalte material handiez gain.

Nikaraguako agintariek aditzera eman dutenez, Puerto Cabezas inguruan zuhaitzak bota, teilatuak puskatu eta argindar zutoinak erauzi ditu Felix-ek. Nikaraguako Gobernuak atzo goizaldean ezarri zuen larrialdietarako alarma gorria Ipar Karibe eskualdean. Hego Kariben, berriz, zaintzarako alarma horia ezarri dute, eta herrialdeko gainontzeko eskualdeetan arretarako alarma berdea. Ipar Karibe eskualdean 12.500 pertsona etxetik aterarazi dituzte, eta 73 aterpetxeetan babes hartu dute, agintariek adierazi dutenez.

Uholde eta luizi arrisku handia dagoela ohartarazi dute agintariek, bai Nikaraguan, bai Hondurasen. Horrez gain, Guatemala eta Belizera ere iritsiko dela aurreikusi dute meteorologoek, eta haien ustez, Mexikon barneratu ahala, indarra galduz joango da Felix urakana, ekaitz tropikal bihurtzeraino.

Felix-en gertutasuna nabaritu zuten atzo Hondurasen. Eurite handiak izan ziren han, astelehenean hasi eta nabarmen gogortu zirenak atzo goizaldean. Gracias a Dios izeneko departamentuan izan dira euriterik gogorrenak. 2.000 pertsona etxetik aterarazi dituzte. Tegucigalpa hiriburuan, alarma gorria piztu zuen Ricardo Alvarez alkateak, herenegun. Marlon Breve Hezkuntza ministroak, bere aldetik, eskola guztiak bertan behera geldituko zirela adierazi zuen.

Gracias a Dios departamentuan argindarrik eta telefonorik gabe gelditu dira herritarrak. 100 kilometro orduko haizeteak izan dituzte han. Felix-ek hartu duen norabide berriarekin, badirudi Honduras ez duela aurreikusten zen bezain gogor astinduko. Dena den, eurite handiak izango dira, ziurrenik, Gracias a Dios, Colon eta Atlantida departamentuetan. Alarma gorriak piztuta dirau bertan.

Tegucigalpa hiriburuan, berriz, jendea uholdeka joan zen atzo supermerkatuetara, eskasiaren beldur, oinarrizko elikagaiak erostera. Hirian oraindik ikus daiteke Mitch-ek utzitako hondamena. Izan ere, failaz inguratuta dago Tegucigalpa, eta bertatik igarotzen diren bi ibaietako urek aise egiten dute gainezka, euriteak datozenean.


'HENRIETTE'-REN ITXURALDATZEA. Mexikoko Guerrero eskualdean sei hildako eragin zituen Henriette ekaitz tropikalak itxuraldatzea izan zuen atzo. Izan ere, Ozeano Barean indarrak bildu, eta urakan bihurtu zen. Saffir-Simpson eskalako mailarik baxuenekoa da, hala ere. Mexikoko Meteorologia Zerbitzuko (SMN) Marco Lugo meteorologoak atzo goizean adierazi zuenez, Henriette urakanak aukera guztiak zituen Kalifornia Beherea eskualdean sartzeko. Hain zuzen, arratsaldean iritsi zen Henriette, 140 kilometro orduko haize ufadaz. Kalifornia Behereko Gobernuak alarma gorria ezarri du Los Cabosen. Kanadako eta AEBetako 5.000 turista daude han.

© berria.info