berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

KULTURA;2007-10-24;«Zenbat eta akats larriagoa egin, indar handiagoa izaten dut berriro hasteko». JUAN LUIS PEREZ, 'PETTI' Musikaria


«Zenbat eta akats larriagoa egin, indar handiagoa izaten dut berriro hasteko»

JUAN LUIS PEREZ, 'PETTI' Musikaria

Azkeneko urteetan gaizki pasatu du Pettik, baina hondoa jo ondoren indartsu altxatu dela dio. Terapia egin du: bizitako guztia 'On' disko berriko kantuetan jaso du.

IRUNE BERRO

Bilbo

Hitz egitea abestea baino gehiago kostatzen zaiola dio Juan Luis Perez Petti-k (Bera, 1973). Arrazoi du. Hitz gutxirekin azaldu du lan berria, azken diskoa atera eta bost urteren ondoren bakarka egin duen lehena. Musikari nafarrak Joseba Irazoki (gitarra elektrikoa), Ekain Elortza (bateria eta perkusioak), David Gonzalez (baxua), Arkaitz Miner (biolina eta mandolina) eta Txus Aranbururekin (akordeoia) grabatu du diskoa, eta Gaztelupeko Hotsekin kaleratu du. On izenburua jarri dio, «ona delako eta ingelesez piztu esan nahi duelako»: «Martxa hartu dut berriro ere».

Hiru urte pasatu dituzu eszenatokietatik urrunduta. Krisi bat izan duzu. Zer gertatu zaizu? Eta gainditu duzu jada?

Kafetegi bat hartu nuen Beran. Uste nuen dena atera ahal izango nuela aurrera, baina konturatu nintzen ezetz, guztiarekin ezin nuela. Ez nuen erabaki ona hartu. Bizitzan egiten diren akats horietako bat izan zen. Baina pasatu da jada, eta aurrera egitea besterik ez daukat. Ikasi nuen lurretik altxatu beharra dagoela eta berriro hasi. Beti gertatzen zait hori: zenbat eta akats larriagoak egin, orduan eta indar handiagoa izaten dut berriro hasteko. Hasieran gogorra da, baina denborak dena konpontzen du.

Anarirekin zenituen kontzertuetara azaltzeari utzi zenion. Zer gertatu zen? Denborak konponduko al du hori ere?

Abisua eman nuen ez nintzela azalduko. Haserretu ginen. Edo, hobeki esanda, haserretu nintzen berarekin. Baina horiek gure arteko kontuak dira. Hori bai, berak bazekien ez nintzela agertu behar kontzertu horietara.

Beñardo Goietxek On diskoan parte hartu du, aurreko guztietan bezala. Zer ekarri dizu Goietxek zure ondoan egonda?

Adiskidetasuna, batez ere. Nire lagunik onena da Beñardo. Txikitatik ezagutzen dut, auzokoak gara. Beñardok idatzitako abestiekin identifikatuta sentitzen naiz. Niretzat idazten du. Ez berak abesti bat egiteko, baizik eta nik abesti bat egiteko hitz horiekin.

Besteak beste, Jakin edo ez jakin abestia idatzi du Goienetxek. Zer mezu eman nahi duzu abesti horrekin? Zehazki norbaiti eskaini nahi diozu kantu hori?

Jende guztiarentzako abestia da, niretzat ere bai. Jakin gabe gehiegi hitz egiten dugula dio abestiak. Hori denok egiten dugun zerbait da. Nik ere bai. Jakin badakigu ezagutzen ez dugunaz ez dugula hitz egin behar. Hala eta guztiz ere, hitz egiten dugu. Gehienok behintzat.

Bizitakotik idazten duzula diozu. Hortaz, disko honetan zure bizitzako azkeneko bost urteak jaso dituzu?

Gaizki pasatu izanak kantatzeko indarra eman dit. Adibidez, niretzat errazagoa da kantatzea hitz egitea baino. Beñardorekin ez daukat arazorik, baina jendearekin asko kostatzen zait. Kantatzea errazagoa egiten zait. Disko guztietan jaso dut gertatu zaidana. Niri buruz hitz egin dut lan guztietan, modu batean edo bestean. Eta honetan ere bai. Kantu guztiak ez dira niri buruzkoak, baina gehienak bai. Autoterapia antzekoa da.

Andoni Tolosa Morau-k ere idatzi du diskoko kantu bat: Hauskorrak. Eta Mixel Labegerieren Xoriei mintzo zen poema musikatu duzu, halaber.

Errazagoa egiten zait bertzeen hitzekin kantu bat egitea nire hitzekin egitea baino. Nire ustez, ez dut batere ondo idazten, eta iruditzen zait beti bertzeek hagitz ondo egiten dutela. Hitzak baditut mordo bat idatziak etxean, baina ez naiz ausartzen kantuak egitera.

Diskoan jaso dituzun abestiak duela hiru urte egindakoak dira. 50 kantuko multzo batetik aukeratu dituzu diskoko 12ak. Zergatik 12 hauek eta ez beste batzuk?

Azken urteetan pasatu ditudan gauzekin identifikatzen ditut kantu hauek. Bizi dudana ondoen adierazten dutenak dira. Galdutakoak kantuaren letra Xabier Montoiak eman zidan, orain dela urte batzuk, baina orain grabatu dut, orain bat egiten dudalako kantuak esaten duenarekin. Gainera, disko erdia akustikoa eta beste erdia elektrikoa egin nahi nuen, eta horretarako, 12 kantu horiek ziren egokienak.

Estilo ugari jorratu dituzu diskoan, folka, country-rocka, soula, hard rocka... Bestetik, soinu akustikoa eta elektrikoa uztartu dituzu.

Aurretik egin ditudan disko guztien uztarketa da disko berria. Adibidez, Morauren kantua, Hauskorrak izenekoa, Arrazoiak diskoarekin lot daiteke; akustikoa da, melodikoa. Txomin Iantziri kantua-k, berriz, Etxeko uzta-rekin du zerikusia. Aurreko diskoen nahasketa da lan hau, baina blues eta folk kutsu handienekoa ere bai.

Rafa Ruedak ekoitzi du diskoa. Ehungarrenean hamaika Lauaxetaren omenezko diskoa egiterakoan ezagutu zenuen eta iaz Hauxe egin zenuen harekin eta Txuma Murugarrenekin. Zergatik jo duzu Ruedarengana On diskoa egiteko?

Anje Duhalderen diskoa entzun nuenean erabaki nuen gustatuko litzaidakeela berarekin lan egitea. Kristoren ekoizpen ona egin zuela uste dut. Lagunak ere bagara. Eta hobe lagun batekin lan egitea, ezezagun batekin baino. Teknika aldetik ezer ere ez dakit. Kantuak egiten ditut, baina ez dakit biolina noiz sartu behar den, edo mandolina edo beste zerbait. Rafak daki.

Diskoa grabatu duten musikariekin egingo duzu bira?

Bira edo ateratzen diren kontzertuak. Bai, haiekin emango ditut. Joseba Irazokik aurreko diskoan parte hartu zuen. Eta Ekain Elortzak Hauxe-n parte hartu zuen. Oso musikari onak dira guztiak. Berako jendetik pixka bat aparte ibili naiz, eta musika ere bazter samar utzi nuenez beste kontu batzuengatik, diskoa egiteko erabakia hartu nuenean, estudioan sartu nintzen berehala. Errazena musikari hauengana jotzea zen.

Terry Lee Halerekin disko bat grabatzeko gogoa duzula esan duzu. Laster jarriko zarete horretan lanean?

Gaztelupekoen esku dago hori. Espainiatik bira egin ondoren grabatzea zen asmoa. Baina kafetegia hartu nuenez eta hori guztia, atzeratu egin da proiektu hori. Erraza izango litzateke: berak bospasei kantu jarriko lituzke eta nik beste horrenbeste.

© berria.info