berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

MUNDUA;2007-11-16;«Zer egin nezake Kataluniaren alde? » . Jordi Pujol ia mende laurdenez izan da Kataluniako Generalitateko presidente; orain, atzera begira jarri eta memoriak idazteari ekin dio.


«Zer egin nezake Kataluniaren alde?»

Jordi Pujol ia mende laurdenez izan da Kataluniako Generalitateko presidente; orain, atzera begira jarri eta memoriak idazteari ekin dio.

arantxa elizegi

Jordi Pujol i Soleyk (Bartzelona, 1930) medikuntza ikasi zuen. Baina ez zuen bata zuria jantzi. Horren tokian gorbata jarri zuen lepoan eta politikagintzan sartu zen buru belarri. «Zer egin nezake Kataluniaren alde?», dio galdetu ziola bere buruari gerra osteko egun batean. Esan eta egin. Ia mende laurden egin zuen Pujolek Kataluniako Generalitateko presidente karguan. Orain, berriz, idazmakina hartu eta atzera begira jarri da, bere memoriak idazteko.

1930 eta 1980 urteen arteko tartea jasotzen du Memories bildumaren lehen atalak. Haurtzarotik hasi eta lehen aldiz presidente izendatu zutenerainoko historia biltzen du bertan.

Orain arte gutxitan aipatutako bizipenak ere jasotzen ditu lehen liburu horretan. Besteak beste, 1960an, Francoren aurkako protestetan parte hartzeagatik atxilotu zutenekoa. «Tratu txarrak? Tratu txarrak jasan nituela esan behar dut? Hitz hori motz geratzen da. Hitz zuzena tortura da. Jipoi gogorra eta profesionala eman zidaten. Zaplaztekoak aurpegian, bata bestearen atzetik. Ukabilkoak ikusten ez diren tokietan, aztarnarik ez uzteko. Soilik behin, agenteetako batek oharkabean ebakia egin zidan bekainean. Lagunak kontuz ibiltzeko esan zion». Hiru orduz Francoren Poliziaren Brigada Politiko-Sozialaren jipoiak jasan ondoren, amore eman zuen, eta Francesc Pizonen izena eman zien, bera izan zen Francoren aurkako panfletoak zabaldu zituena. Goizaldean eraman zuten Pizon espetxera. Pujolek barkamena eskatu zion salatzeagatik.

Gerora Convergencia Democraticako buruzagi izango zenaren bizitzako lehen hogeita hamar urteetan gauza gehiago ere gertatu ziren. Alor desberdinetan aritu zen Pujol urte horietan: Banca Catalanako zuzendaritzan, eta baita kazetari lanetan ere Destino eta El Correo Catalan egunkarietan. Baina dudarik gabe Generalitateko buruzagitza izan zuen garaia da hobekien gogoratzen duena: «Ez naiz Macia bezalako presidente mitikoa izan. Ez naiz presidente martiria izan Lluis Companys bezala. Baina ia mende laurdenez agindu dut nire herrialdean, eta garai erabakigarria izan da».


IRAGANA ETA ORAINA NAHASTUTA. Manuel Cuyas kazetariaren laguntzarekin idatzitako liburuan egungo gaien inguruko iritziak ere jasotzen ditu Pujolek. «Gure nortasunak indartsua eta sormenezkoa dela erakutsi du. Horren emaitza baikorra da eta aukerak zabaltzen dizkigu Katalunia barruan eta kanpoan, baina aukera horien artean ez dago independentziarena. Hala ere, gauzak dauden bezala, gerta liteke sentimendu independentista nabarmen haztea. Azken aldian hori adierazten duten haizeak nabari ditut».

© berria.info