berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

tartea;2007-11-21;Hesietan harrapatuta Pirinioen bi aldeetan. Frankismo garaiko agiri eta argazkiak biltzen ditu Arabako Probintzia Agiritegi Historikoak paratutako erakusketak; Langraiz eta Bramen zeuden espetxeen egunerokoa erakusten du


Hesietan harrapatuta Pirinioen bi aldeetan

Frankismo garaiko agiri eta argazkiak biltzen ditu Arabako Probintzia Agiritegi Historikoak paratutako erakusketak; Langraiz eta Bramen zeuden espetxeen egunerokoa erakusten du

Anakoz amenabar

Gasteiz

Zigorrak, jatekoak eskas, behartutako lanak eta agur faxistak eguneroko bilakatu dira Langraizen». Hau idatzi zuen kazetari batek Argentinako La Nacion egunkarian, 1945eko maiatzaren 13an. Gaur egun espetxea dagoen lekuan kontzentrazio esparrua zegoen orduan. Zenbait erakundetan gordetako dokumentu eta argazkiekin Langraiz-Bram: Errepublikarako espetxeak erakusketa antolatu du Arabako Probintzia Agiritegi Historikoak. Urtarrila amaiera arte izango da ikusgai.

Orain dela gutxi eskuratu ahal izan diren agiriei esker, 36ko Gerrak Araban izan zuen historiaren zati bat berreskuratu dute. Langraizen, 1940tik 1947 arte kontzentrazio esparru frankista izan zeneko ibilaldia; errepublikar iheslariak giltzapean izateko Frantzian eratu ziren esparruei buruzko erakusketa; eta 36ko Gerrari buruzko argazki proiekzioa. «Erakusketa interesgarria da. Guk geuk ikusi ez genituen agiriak biltzen ditu», adierazi zuen Santiago de Pablo historialariak aurkezpenean.

Dokumentuen artean, 1937an espetxetik ateratzeko baimen agiria ikus daiteke. Hamasei arabar aske geratu zirela gogoratzen du testuak. Aske atera beharrean, ordea, Azazetako portura eraman eta bertan fusilatu zituzten. Tartean, orduko Gasteizko alkate Teodoro Gonzalez de Zarate.


ESPETXE TXOSTENAK. Erakusketak duela mende erdiko bulego batera garamatza lehenik. Bertan, 1934 eta 1951 bitartean, Gasteizko espetxe zaharrean preso ziren arabarren espedienteak azter ditzakegu. Gasteizko alkateorde Tomas Alfaro Fournierren, Aldundiko Ahaldun Nagusi Teodoro Olarteren edota Manuel Ibarrondo Araba Buru Batzarraren txostenak.

Agiri horiekin batera, Langraizeko kontzentrazio esparruaren maketa ere ikus daiteke; 1940 eta 1947 artean egon zen zabalik esparru hura. Orduko egituraren zati handi bat mantenduta eraiki zuten egungo espetxea. Miranda de Ebroko (Burgos) esparruan zegoen kontzentrazioa arintzeko eraiki zuten Langraizekoa. Bertan sei hilabete eta urtebete artean edukitzen zituzten presoak, beste espetxe batera eraman aurretik. Preso politikoak ziren gehienak.

Argazkiek argi erakusten dute barrakoietako jende pilaketa. Hogeitamar lagun inguruko konpainiak osatzen zituzten bertan. Goizean goiz Espainiako bandera altxatu, Cara al sol abestu, malta kafea eta ogi puska hartu eta lanean jartzen zituzten presoak. Gasteiz-Miranda trenbide sarea prestatzen, besteak beste.

Diaporama batek, bestalde, militarrek Gasteiz hartu zuteneko irudiak biltzen ditu, Agustin Centellesek Bartzelonako gerran egindako argazkiekin batera. Centellesek berak ere kontzentrazio esparrua gertutik ezagutu zuen, Frantziako Bram esparrua.

Milaka errepublikar atxilotu zituzten Bramen ere, tartean euskal herritar ugari, erakusketak azaltzen duen moduan. Frantziako beste batzuk bezala, hau ere kontzentrazio esparru gogorra izan zen milaka lagunentzat.

Gasteizko erakusketa egitearen ideia, hain zuzen, Carcasonan (Frantzia) eginiko antzeko erakusketa baten ondotik sortu zen. Han, Frantziako kontzentrazio esparruei buruzko bilduma egin zuten, Bram herrian zegoena ardatz hartuta.

Hamabi hektareako lursailean eraiki zuten Brameko esparrua. 1939ko otsailaren 5ean hasi eta hogei egunetan amaitu zuten. Hogei barrakoi inguru zituen, 1.500 lagun hartzen zituena.

Urtarrilaren 31 eta 9a artean 453.000 lagunek igaro zituzten Pirinioak Frantzia aldera. Armadak Perpinyarako bidean jarri eta errefuxiatuak antolatu zituen. Emakumeak, gaixoak eta haurrak barnealdeko departamenduetara eraman zituzten. Osasunez ondo zeuden gizonak berriz Argelesko hondartzan antolatu zituzten.

1936 eta 1947 urte bitartean milaka lagun pasatu ziren kontzentrazio esparruetatik, Pirinioko alde batean zein bestean. Errepublikaren porrota ikusi ondoren, fusilamenduetatik ihes egitea lortu zuten, baina errepresioak hesi artean harrapatu zituen, mugaren bi aldeetan.

© berria.info