berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

EUSKALHERRIA;2007-12-15;Leia: «Herriak lortu du kamioi pasabidea gelditzea, herriaren garaipena da». Hamar urteko borrokaren ondoren besta antolatuko du abenduaren 30ean «garaipena» ospatzeko


Leia: «Herriak lortu du kamioi pasabidea gelditzea, herriaren garaipena da»

Hamar urteko borrokaren ondoren besta antolatuko du abenduaren 30ean «garaipena» ospatzeko

Aitor Renteria

Baiona

Pozik eta lasai agertu dira Leiako kideak. Laura Abad Nafarroako Gobernuko Herri Lan eta Garraio kontseilariaren ahotik jakin zuten bertan behera gelditu dela mugaz gaindiko errepide xedea. Atzo goizean Urruñan (Lapurdi) bildu zen Kontseilu Nagusiko Batzorde Iraunkorra, eta bertan errepide xedea baztertzeko erabaki ofiziala hartu behar zuten. Berme horren lasaitasunak uneaz gozatzeko parada eman die Leiako kideei. «Herriak lortu du kamioi pasabidea gelditzea, herriaren garaipena da», azpimarratu zuen Daniel Oltzomendi Leiako presidenteak.

Leiak lehen aldarrikapena erdietsi duela azaldu zuen Jean Mixel Poxeluk: xedea bertan behera gelditzea. Bigarren aldarrikapena bozen bermea zen, Kontseilu Nagusiak erabaki hori hartzea osoko bilkuran. Batzorde Iraunkorrean hartu du erabakia eta horrek ez ditu osoki askiesten Leiako kidea. «Argi gelditu da zein den Lasserreren jokamoldea, eztabaida demokratikoak ekiditea eta bere aldetik erabakiak hartzea».

Hamar urteko borroka ekarri dute gogora Leiako kideek. 1997ko ekainean abiatu ziren Nafarroako Gobernuaren eta Kontseilu Nagusiko ordezkarien arteko bilkurak mugaz gaindiko errepide xedea egiteko. Berehala abiatu zituzten ikerketa lanak eta orduan sortu zen Leia.

Xedearen aurkako izenpetze bilketa abiatu zuen orduan Leiak, eta Herriko Etxe gehienek izenpetu zuten, mozioak osatuz. Mila pertsona bildu ziren lehen manifestazioan Donibane Garazin. 3.000 izan ziren 1999an. 2006ko abenduaren 30ean 5.000 pertsona inguru bildu ziren Donapaleun (Nafarroa Beherea) egin zen manifestazioan.

Denbora pasatu ahala presioak gora egin zuen, eta hastapeneko xedea 2x2 errepidea bihurtu zuten. Beranduago Lasserrek iragarri zuen baztertzen zuela 2x2 errepide xedea eta egitasmo berri bat ikertzea deliberatu zuen, Kontseilu Nagusiko Batzorde Iraunkorrean. Funtsean, hastapeneko xedea zen, baina norabide bakoitzean bide bakarra. Baina «autoak gainditzeko» bertze bide bat ibilbide gehienean.

Azaroan errepide xedea baztertzen zuela iragarri zuen Lasserrek. Parisen Ingurumenaren Mintegia antolatu zuen Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak. Autobide xedeak baztertzea deliberatu zuen Ingurumenaren Mintegiak. Gauzak horrela, egitasmoarekin segitzeko baldintzak ez zirela betetzen adierazi zuen Lasserrek elkarrizketa batean, xedea «hozkailuan» gordeko zuela iragarriz.


ESTAKURURIK EZ. «Hauteskunde atarian gaude eta horren beldurrez egin du Lasserrek gibelera, herria kontra duelako», adierazi du Antton Etxeberri Leiako bulegokideak. Xede handien aitzinean ez dela amore eman behar adierazi zuen. Leiak lortu duen bezala, bertze arlo batzuetan ere garaipena lorgarria dela azaldu zuen.

Herritarrei informazioa gordetzea eta Leiako kideak kriminalizatzea leporatu zioten Lasserreri. Kontseilu Nagusiko presidenteak saihestu egin du xedearen aurka zeuden pertsonen parte-hartzea antolatu dituen bilkuretan.

Errepide berria egiteko ikerketek 2,5 milioi euroko aurrekontua ukan dute. «Lasserrek horren inguruko xehetasunak eman behar ditu Kontseilu Nagusiaren Osoko Bilkuran, diru hori herritarren sakeletik ateratzen delako».

Kontseilu Nagusiko Osoko Bilkurak erabakia hartu arte, Leiak susmoak ukanen baditu ere, garaipena ospatzeko garaia heldu dela azaldu zuen. Horregatik, abenduaren 30ean egun osoko besta antolatuko du. Oraindik ez dute tokia hautatu eta egitaraua ere osatu gabe dago. Baina oraingoan elkarretaratzea besta izanen da, hamar urteko borrokaren lekuko alaia.

arenteria@berria.info



############


Batzorde Iraunkorreko hautetsiek aho batez onartu dute 2x2 errepidea uztea

A.R.

Baiona

Urruñako bilkura hasi aitzin Lasserrek prentsa bildu zuen bertze gai bati buruz mintzatzeko, eta ez zuen aipatu nahi mugaz gaindiko errepide xederik. Galderei ihardetsiz azaldu zuen erabakia Kontseilu Nagusiko Batzorde Iraunkorrean bozkaraziko zuela. Azkenean Batzorde Iraunkorreko hautetsi guztiek aho batez onartu dute errepide xedea bertan behera uztea.

Ez da xedea bukatutzat eman, eta beranduago agertzen den lehen aldia. Leiak boz formalaren bermea eskatu zion Kontseilu Nagusiari. Bilkuratik ateratzean, kontseilari nagusiek ez zuten aipatu nahi bilkuran gertatukoa. Barthelemy Agerre Donapaleuko kontseilari nagusia prentsarekin mintzatu gabe joan zen. Jean Pierre Mirande Mauleko kontseilariak ere ez zuen argitu boz formala egon zen edo ez.

Azkenean, Lasserrek berak jakinarazi zuen aho batez hartu zutela erabakia. Horrez gain, azaldu zuen abenduaren 20an bilduko dela Kontseilu Nagusia eta bertan aurkeztuko duela gaia. Ororen buru Nafarroako Gobernuari ofizialki proposamen bat egin beharko dio, azalduz bertan behera gelditzen dela errepide xedea.

Ez zuen argitu egun horretan gaiari buruzko eztabaidarik egonen den Kontseilu Nagusian. Lasserrek aditzera eman zuen erabakia bozkaraziko zuela, baina ekidin zuen horren inguruko proposamenik egitea.

Kontseilu Nagusiko PSFko kideek bertze proposamen bat aurkeztu zuten Batzorde Iraunkorreko bilkuran, Frantxua Maitia kontseilari nagusiak jakinarazi zuenez. Lasserrek ez zuen eman horren inguruko xehetasunik, onartu zen edo ez argitzeko.



############


«Argi gelditu da Lasserreren jokamoldea, eztabaida demokratikoak ekiditea eta bere aldetik erabakitzea»

Daniel Oltzomendi

Leiako presidentea

«Hauteskunde atarian gaude eta horren beldurrez egin du Lasserrek gibelera, herria kontra duelako»

Antton Etxeberri

Leiako bulegokidea



############



© berria.info