berria.info

Inprimatzeko bertsioa

albistea inprimatu Inprimatu

KIROLA;2008-01-12;SOSLAIA. Zerutik sherpen bihotzera. EDMUND HILLARY. Mendizalea





SosLaIa

Zerutik sherpen bihotzera

Edmund Hillary

Mendizalea

Edmund Hillary hil da, Tenzing Norgay sherparekin batera Everest mendia igo zuen lehen mendizalea, 88 urte zituela.



Abenturazalea, inkonformista, mendizalea, heroia, fisikoki iritsezina, jauna, erregea... Sir Edmund Hillary. Ingalaterrako erreginak emandako titulu edo ohore hori izango da ziurrenik Hillaryk bere bizitza oparoan gutxien estimatu duen eskertza keinua. Hillaryk gizaseme arrunta izan nahi zuelako beste ezeren gainetik. Tenzing Norgay sherparekin batera, Everest munduko tontor garaiena igo zuen munduko lehen mendizalea izan arren. Zeelanda Berriko erlezain arrunta izan nahi zuen Hillaryk, baina Everesteko tontorretik, munduko zerutik ikusten den paisaia nolakoa den berak ikusi zuen beste inork baino lehenago, eta 1953. urteko maiatzaren 29 hartan gertatutakoak Hillaryren bizitza osoa baldintzatu du. Onerako eta txarrerako.

Edmund Percival Hillary Aucklanden jaio zen, 1919an (Zeelanda Berria), eta ikaskideekin egindako txango baten ondoren murgildu zen alpinismoan. Jaioterriko erpin zorrotzetan eta malda tenteetan eskarmentua hartu ondoren, mende erdia betetzen zuen urtean egin zuen lehen irteera Austria eta Suitzako Alpeetara, eta urtebete geroago heriotza iritsi zaion arte iraun duen harreman estua hasi zen Himalaya mendikatearekin. Garhwal mendikatea bisitatu zuen 1951. urtean, Indian, eta igo gabeko sei mila metroko sei mendi igo zituen hiru herrikiderekin batera.

Hillary India aldean zegoela, Ingalaterran proiektu handi bat prestatzen hasiak ziren. Everesteko gailurra jo nahi zuen espedizioa. Eric Shipton zen Ingalaterrako armadak sustatutako ekimen haren burua, eta Hillary gonbidatu zuen. 1952an Cho Oyu mendian trebatu zen talde hura. Ez ziren gailurreraino igo, baina Hillaryk goi mendian oso iaioa zela erakutsi zuen, eta Lowe herrikidearekin batera, aukeratuetako bat izan zen. Bikotea taldetik at geratzeko zorian egon zen, John Hunt espedizioburu berriak kide guztiak Londresen bildu nahi zituelako. Ezezkoa esan zuten Hillary eta Lowek.

1953ko maiatzaren 29an gailurrera iritsi ziren Hillary eta Tenzing Norgay sherpa. Tamaina horretako balentria lortzen zuten lehen bi herritarrak izan ziren. Egun ere zaila da 8.848 metroko tontorrera heltzea, eta duela 50 urte, askoz zailagoa. Hillaryk eta Norgayk gaua 8.500 metrora pasatu behar izan zuten, 9. kanpalekuan. Haiek pasatutako komerien adibide bat baino ez da, egoera hori.

Kirol arrakasta hark komunikabideen eta eskertza ekitaldien zurrunbiloan murgildu zuen Hillary. Ingalaterrako erreginak jaun titulua eman zion, eta prentsak haren bizitzako azken xehetasuna ere argitaratu zuen. Egoera jasanezina bilakatu zen Hillaryrentzat. Ingalaterrako armadak antolatutako espedizio handiustean Ingalaterrakoa ez zen mendizale batek lortu zuen arrakasta, ingelesen ohitura eta tradizioekin gustura sentitzen ez zen gizasemea. Prentsak, gainera, Hillary aztoratu zuen etenik gabe, gailurrera lehena nor iritsi zen galdezka, Hillary bera edo Norgay sherpa. Hillaryk Norgay hil zen arteko erantzun berbera errepikatu zuen elkarrizketa eta erreportaje guztietan: «Biok batera igo gara tontorrera». Ingeles bat izan ez zenez, Ingalaterrak nahiago zuen haien kolonia izandako herri bateko mendizalea izatea Everest igo zuen lehen mendizalea, sherpa bat izatea baino, baina lan horretan ere oztopo izan zuten Hillaryren jarrera.

Hillary Zeelanda Berriko lasaitasunera itzuli zen, Ingalaterrako burrunbarekin nekatuta. Hango mendietan ibili zen, bost urte geroago berriro abentura handi batean murgiltzeko. Hego Polora iritsi zen bigarren gizasemea izan zen, Robert Scott ezagunaren ondoren. Hiru traktoretan egin zen Zeelanda Berriko espedizio hura (18 hilabete iraun zuen). Himalayara urtero itzultzen zen Hillary, eta arrakasta alpinistikoak lortzen zituen heinean hasi zen mamitzen bere barruan Everesteko arrakastak Nepalen sortu zuen ondorio txarra: masifikazioa eta herri hartara trumilka joaten ziren espedizioek hobekuntzarik batere ez ziotela ekartzen zeharo pobretutako herriari.

Hillaryk Ama Dablam (6.987 metro), Thamserku (6.367) eta Kangtega (6.767) mendietako lehen igoerak egin zituen, eta Makalu eta Everesteko ekialdeko aurpegitik ere saiatu zen. 1968an Nepalgo erreketan barrena ibili zen, eta 1977an Ozeanotik Zerura espedizioa egin zuen Peter semearekin. Ganges ibai mitikoa zeharkatu zuen itsasotik, hiltzen den lekutik, Himalayaraino, sortzen den lekuraino. Espedizio hori Hillaryren Louise emaztea eta Belinda alaba gazteena hegazkin istripu batean zendu ondoren egin zuen Hillaryk, animoz-eta bi urte lur jota eman ondoren. 1985ean, hegazkin txiki batean, Ipar Poloan hartu zuen lurra, eta hil bitartean, bi poloetan eta Everesteko gailurrean egon den gizaseme bakarra zen Hillary.

Emaztea hil baino askoz lehenago, 1960an, sortu zuen Himalayan Trust fundazioa, Nepalgo sherpak bizi ziren herrietara hezkuntza eta azpiegitura oinarrizkoenak bideratzeko asmoarekin. Hasierako helburua Tenzing Norgay lagunaren herrian eskola bat sortzea izan zen, baina urteen joan-etorrian, bere proiektua nabarmen hazi zen eta 25 eskola, bi erietxe, 12 klinika, ura garraiatzeko hodi azpiegiturak, zubiak, errepideak eta beste eraiki ziren. Azken hamarkadan Nepalgo herritarren esku zegoen fundazioaren kudeaketa, eta urtero 250.000 dolarreko dirutza biltzen zuen. Hillaryk ez du inoiz publikoki aitortu atzerritarrak Nepalera sail handitan agertzea bere erantzukizuna denik, baina, haren gertukoenek diotenez, masifikazioaren erantzule sentitu izan da Everesteko lehen igoera egin zuelako. Alegia, ezinezkoa zirudien lorpen bati esker erabat ezezaguna zen herrialdea munduaren begietara zabaldu zuelako.

Kontraesan hori berarekin eraman du Hillaryk. Berak eskatu gabe eman zizkioten titulu guztiak bezala: Sir, Indiako Zeelanda Berriaren komisionatu nagusia, Zeelanda Berriko ohorezko domina... Gizaseme arrunta izan nahi zuelako betidanik. Zeelanda Berriko bost dolarreko billeteetan agertzen den gizaseme arrunta. Billetea bezala, arrunta. Everest munduko gailur garaiena lehen aldiz igo zuen gizaseme arrunta. ­ A. URBISTONDO



############



BIoGraFIA

Izena: Edmund Percival Hillary.

Jaiotze urtea: 1919a.

Non jaioa: Auckland (Zeelanda Berria).

Lorpen garrantzitsuenak: Everest mendiko gailurra, Tenzing Norgay sherparekin batera, 1953ko maiatzaren 29an. Ipar eta Hego poloetan egon zen.





############



© berria.info